Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Kultura eta Lankidetza Departamentuak 100.000 euro bideratuko ditu Libanoko hegoaldeko haur errefuxiatuei hezkuntza-laguntza eta laguntza psikosoziala emateko

Kultura eta Lankidetza Departamentuak 100.000 euro bideratuko ditu Libanoko hegoaldeko haur errefuxiatuei hezkuntza-laguntza eta laguntza psikosoziala emateko

PARD eta Solidaridad Internacional GKEen ordezkaritza bat, Fernando San Martín Nazioarteko Lankidetzarako zuzendariarekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean agertu dira.

2022/05/26
Foto Kultura eta Lankidetza...

2017an zazpi urte bete ziren Siriako Arabiar Errepublikan gatazka armatua hasi zenetik, eta horrekin batera, zibilen leku aldatze masiboa, eta giza eskubideen urraketak. Gatazka hasi zenez geroztik indarkeria izan da gobernuaren aldeko eta aurkako indarren (eta haien jarraitzaileen) arteko desberdintasunak ebazteko bitarteko nagusia, eta horrek ondorio humanitario negargarriak eragin ditu. 2017ko urtarrilera arte, indarkeria horren ondorioz 310.000 pertsona hil ziren, horietatik 86.000 zibil. 6 milioi pertsona baino gehiagok Siria barruan beste herri batzuetara alde egin behar izan du, eta 4,8 milioi siriar erregistratu dira iheslari bezala inguruko herrialdeetan.

Horietatik, milioi batetik gora Libanora iritsi dira. Horrela, herrialde horrek biztanleko desplazatu kopururik handiena du mundu mailan. Jendea baldintza tamalgarrietan bizi denez, lehentasuna oinarrizko zerbitzuak eta ondasunak bilatzea da, alde batera utzita adingabeen hezkuntza beharrak.

Siriako Errepublika Arabiarrean gatazka hasi aurretik, Libanoko errefuxiatuen egoera oso zaila zen, eta 500.000 errefuxiatu palestinar inguru zeuden erregistratuta.

Hau dela eta, Gipuzkoako ordezkaritza bat, Kultura eta Lankidetzako diputatua buru zuela, Libanora joan zen 2017an, errefuxiatuen drama gertutik ezagutzeko. Ordezkaritza hori Maashouk-eko kokaguneetan eta Burj Shamali-ko errefuxiatuen eremuan egon zen. Gainera, zuzenean ezagutu zuen Beiruteko Sabra eta Chatila eremuen errealitatea. Era berean, zenbait familia bisitatu zituen, eta bilerak egin zituen Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin, inguruan lan egiten duten GKEekin eta Palestina Askatzeko Erakundearen Libanoko ordezkariarekin; halaber, proiektua bisitatu zuen, bai eta proiektuaren onura jaso duten familia batzuk ere: «Foru Aldundiak finantzatutako larrialdiko laguntza da, Libano hegoaldeko haur errefuxiatuei hezkuntza-laguntza eta laguntza psikosoziala emateko, eta baita ere proiektuaren onuradun diren familia batzuei laguntzeko».

PARD eta Solidaridad Internacional GKEak gauzatzen duten proiektu hau larrialdi-proiektu gisa hasi zen. Lehenengo fasean abian jarritako esperientzia arrakastatsua, tokiko biztanleen behar gero eta handiagoak eta egindako lana egiaztatu ondoren, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordeak egokitzat jo zuen proiektuarekin jarraitzea. Hori dela eta, Kultura eta Lankidetza Departamentuak 2017tik gaur arte finantzatzen du proiektua.

Ikastetxea leku estrategikoan dago, Burj Sdecii errefuxiatu-eremutik kanpo, hurbileko beste kokaleku informal batzuetako haurrak bertara sar daitezen. Proiektu honek finantzatzen duen hezkuntza programak Libanoko hezkuntza curriculuma du oinarritzat eta bat dator Hezkuntza Ministerioaren Hezkuntza Estrategia Nazionalarekin.  Hiru gizataldek jasotzen dituzte zuzenean proiektu honen onurak, betiere hezkuntzaren inguruan: haur errefuxiatuak, 4 eta 6 urte bitartekoak (100 neska et 100 mutil), eta Libanoko hezkuntza curriculumaren arabera eskolatuko dira; 22 emakume errefuxiatu kontratatuko dira irakasle gisa eta prestakuntza eta laguntza psikosozialeko jardueretarako laguntzaile gisa, horrela galdutako duintasuna eta autonomia berreskuratu ditzaten; eta ikasleen familia edo tutoreekin (300 pertsona; 210 emakume eta 90 gizon) egiten da lan eskolan, eta bileretan eta eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzen dute, hezkuntza ingurunea duintasuna eta normaltasuna berreskuratzeko espazio bat izan dadin, bizi diren kaosaren erdian.

Gaur egun, Rita Hamdan, Rashid Al Mansi, Benjamin Respladiza, Carolina Cuervo eta Ettore Papa gobernuz kanpoko erakundeen ordezkaritzak, Nazioarteko Lankidetzarako zuzendari Fernando San Martinekin batera, Giza Eskubide Gipuzkoako Batzordearen aurrean agertu dira, Libanoaren egungo egoera eta finantzatutako proiektuaren emaitza onak ezagutarazteko.

Horri dagokionez, Fernando San Martín Nazioarteko Lankidetzako zuzendariak adierazi duenez, "Europan Ukrainaren inbasioarekin gerran egon arren, isildutako hainbeste gatazka gogoratzen jarraitu behar dugu, gure elkartasuna eta eragin politikoa emanez.

Rita Hamdanek eta Rashid Al Mansik (PARDko ordezkariak) nabarmendu dute Libanoko siriar errefuxiatuak eta PRSak oso egoera ahulean bizi zirela, haien lege-estatus kaskarra, marjinazioa eta zerbitzuetarako eta enplegurako sarbide mugatua zirela eta. Baina COVID-19ren pandemiarekin lotutako erronkek, tentsio sozioekonomikoek eta Beirutek 2020ko abuztuan izandako eztandaren ondorioek ahuleziak areagotu dituzte, eta are gehiago areagotu dute herrialdearen eta bertako biztanleen egitura-krisi sakona.

  

1021