Kultura eta Lankidetza Departamentuak Zinekin programa aurkeztu du eta horren baitan proiektatuko dira Zinemaldiko bi film labur
Kultura eta Lankidetza Departamentuak Zinekin programa aurkeztu du eta horren baitan proiektatuko dira Zinemaldiko bi film labur
Kultura eta Lankidetza Departamentuak Zinekin programa aurkeztu du eta horren baitan proiektatuko dira Zinemaldiko bi film labur
Proiektuaren ardatza da zinea erabiltzea gizarte ingurune konplexuetako nerabeei bizi ibilbide berriak erakusteko
- Goizane Álvarez diputatuak nabarmendu duenez, "balio handiena duena da ikasleei aukera ematen diela hitz egiteko eta beren kezkak adierazteko, horrela agerian uzteko zenbaitetan ezkutatuta dauden integrazioko, arrazakeriako, tratu txarretako, osasun mentaleko edo nortasun sexualeko arazoak».
- Bigarren edizio honetan Donostiako Bideberri institutuko DBHko 4. mailako 31 ikaslek parte hartu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Lankidetza Departamentuak aurkeztu du Zinekin programaren bigarren edizioa. Proiektu honen helburua da ikus-entzunezkoak eta sorkuntza zinematografikoa erabiltzea aukera gutxiago dituzten nerabeei bizi ibilbide berriak erakusteko. Horrela, Donostiako Bidebieta auzoko Bideberri institutuko DBHko 4. mailako 31 ikaslek ‹La influencer› eta ‹Tiroteo› film laburrak prestatu dituzte eta irailaren 21ean Trueba zineman egingo den ekitaldian emango dira ezagutzera, Zinemaldiaren 72. edizioaren baitan.
Kultura eta Lankidetzako diputatu Goizane Álvarezek azpimarratu du programa honen alde onetako bat dela «ikasleei aukera ematen diela hitz egiteko eta beren kezkak adierazteko, horrela agerian uzteko zenbaitetan ezkutatuta dauden integrazioko, arrazakeriako, tratu txarretako, osasun mentaleko edo nortasun sexualeko arazoak».
Álvarezen ustez, ekimen hau bat dator departamentuaren balioekin, alegia, «kultura erabiltzea gizartea eraldatzeko eta hobetzeko tresna gisa. Desberdintasunak ez dira halabeharrezkoak, sistemak sortzen ditu, eta erakunde publikoei dagokie horiek desagerrarazteko lan egitea». Premisa horretatik sortu zen Zinekin proiektua, eta «baliorik handieneko alderdia dira ikasleak berak eta Gipuzkoako gizarteari egiten dioten ekarpena, anitzagoak, irekiagoak eta bidezkoagoak diren pertsonak sortzen dituztelako».
Bigarren edizio honetan, Donostiako Bideberri institutua aukeratu dute, hain zuzen ere, testuinguru sozialagatik, baina baita ere ikasleen kultur aniztasunak aberastasun handia ematen diolako Donostiari; ikastetxe horretan 25 nazionalitateko ikasleak daude eta ikasleen % 53,1en ama hizkuntza gaztelania da; % 33,4rena, arabiarra eta % 5,9arena, euskara. «Kohesioa eta gizarte inklusioa eta indar nukleoa ditu ezaugarri, eta erakunde publikoei dagokie pertsona oro guztiz integratzeko politikak lantzea», diputatuaren hitzetan.
Gidoitik pantailara
Programa hori Zaragüeta Zulaica Fundazioak sortu zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Departamentuak babestu zuen. Programari esker, hamalau eta hamazazpi urte arteko haur eta nerabeek film labur bat egiteko sormen-prozesu osoan parte hartu ahal izaten dute, gidoitik zuzendaritzaraino, paperen interpretaziotik ere pasatuta, edo soinu- eta argiztapen-lan teknikoak, ediziokoak eta abar beren gain hartuta.
Ildo horretan, programaren zuzendari Blanca Zaragüetak azaldu duenez, "proiektu hau sortzeko ilusioa zen urtero gazte talde bati aukera eskaintzea garapen pertsonal eta profesionaleko ibilbide berri bat sortzeko zinemaren bidez".
Horrela, parte-hartzaileek, tailer eta praktika kolaboratiboen bidez, zinemari buruzko prestakuntza praktikoa jasotzen dute eta beren istorioak kontatzeko gaitasun sortzaileak eta teknikoak garatzen dituzte. Gainera, sektore zinematografikoko profesionalekin lankidetzan aritzeak aukera ematen du "aurre-produkzioaren, filmaketaren eta postprodukzioaren etapa guztietan bete-betean murgiltzeko; horregatik da hain berezia prestakuntza esperientzia hau, inklusioa eta aniztasuna sustatzen dituelako, taldean lan eginda".
Donostiako Bideberri Institutuko DBHko 4. mailako ikasleek sei asteko lanari amaiera bikaina emango diote irailaren 21ean, 17:00etan, Trueba zineman. Zinemaldiaren 72. edizioaren baitan, bi film laburrak ("Tiroteo" eta "Influencer") proiektatuko dira eta ekoizpen bakoitzaren atzean egon diren taldeak bertan izango dira. Sarrerak datorren igandean (irailak 15) jarriko dira salgai.
497