Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kulturako Departamentuak Crossover jaialdiaren V. edizioaren programazioa aurkeztu du

Kulturako Departamentuak Crossover jaialdiaren V. edizioaren programazioa aurkeztu du

Edizio honetan, mahai-inguruek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola plataformen eta hizkuntza gutxituen arteko harremana, zientziaren eta umorearen presentzia telesailetan edo adikzioen irudikapena.

2022/04/20

Jaialdian, Movistar+ek ekoitzitako El Inmortal estreinatuko da, telesaileko hainbat kideren presentziarekin, Jon Kortajarena buru dela, eta baita David Simonen azken lana ere, HBO Max-en La ciudad es nuestra.

Edizio honetan, mahai-inguruek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola plataformen eta hizkuntza gutxituen arteko harremana, zientziaren eta umorearen presentzia telesailetan edo adikzioen irudikapena.

CROSSOVERek afari-solasaldiak berreskuratuko ditu, oraingo honetan Leticia Dolera eta Manuel Burquerekin. Gonbidatuek solasaldi informala izango dute telesailek sortzaileei adierazpenerako eskaintzen dizkieten aukeren inguruan.

David Trueba, Isabel Vázquez, Paloma Rando, Diego San José, Koldo Almandoz, Javier Giner, José Luis Crespo, Julian Iantzi edo Mariola Cubellsek parte hartuko dute eztabaidetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Kultur Factory Agentziarekin lankidetzan, bosgarren urtez antolatu du Crossover.Telesailen Jaialdia. Aurtengo edizioa apirilaren 25etik 30era izango da, Donostian. Jaialdiaren egoitzak Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tabakaleran egongo dira berriz ere. Ohiko eskemari eutsiko zaio, telesailak estreinatuz eta eztabaidak eta aurkezpenak eginez.

Bere hitzaldian, Patxi Presa Crossover-eko zuzendariak azpimarratu duenez, “6 egunez Crossover jaialdiak mahai-inguruak, proiekzioak, estreinaldiak eta afari-tertuliak proposatuko ditu. Serieen fenomenoaren eta haren gaurkotasunaren azterketa egiteko formatuak. Hori guztia jaialdi baten sendotze- eta hazkunde-bidea berreskuratu nahi duen edizio honetan. Jaialdi hau serieen kultura berriaren foro garrantzitsuenetako bat bihurtuko da”.

El Inmortal-en estreinaldia talde artistikoko hainbat kiderekin

Aurten, jaialdia indartsu hasiko da, Vota Juan – Vamos Juan – Venga Juan telesailaren sortze prozesuari eta intraihstoriari buruzko saio irekiarekin; Diego San José eta Víctor García León zuzendari eta gidoilariak bertan izango dira. Gainera, 2deo serieak programaren baitan beste hainbat jarduera profesional burutuko dira telesailak babesteko, baina ez dira irekiak izango. Jarduera horietan, Aitor Gabilondo showrunnera, Laura Sarmiento gidoilaria eta Xabier Berzosa ekoizlea izango dira tutore edizio honetan hautatutako proiektuetan: Lander Castro eta Igor Garcíaren Agur, terrorista; Ana Urquijo Fabeiroren Anomaly, eta Asier Urbieta San Martinen Eneko.

Astelehena, hilak 25, izango da edizio honen egun handienetako bat, El Inmortal telesailaren estreinaldia izango baita, Canneseries lehiaketan parte hartu berri duen Movistar+en drama kriminalarena. Serieko talde artistikoko kide batzuk, Jon Kortajarena buru dutela, Donostian izango dira, Mariola Cubells kazetariarekin, Movistar+eko ekoizpen originalaren zuzendari Domingo Corralekin eta telesailaren sortzaile José Manuel Lorenzorekin batera.

Asteartean, hilak 26, «David Simón: izorra dadila ikusle ertaina?» mahai-ingurua izango da, Paloma Rando eta David Truebarekin, Isabel Vázquez dela moderatzaile. David Simonen sormen-unibertsoan barrena ibiliko dira; izan ere, David Simon showrunnersen erregea da eta The Wire telesailaren egilea (kritikaren zati handi batentzat historiako telesail onena). Mahai-inguruaren ondoren, La Ciudad es nuestra (HBO Max) bere sorkuntza berriaren lehen kapitulua estreinatuko da.

La novia gitana, liburutik pantailara

Asteazkenean, hilak 27, 20:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean, jaialdiaren beste plater nagusi baten txanda izango da: Atresmediak Carmen Mola saridunaren (izenorde horren atzean daude Agustín Martínez, Jorge Díaz eta Antonio Mercero) La novia gitana nobelaren inguruan egin duen egokitzapena eta horren lehen irudiak aurkeztuko dira esklusiban. Antonio Mercero berak eta José Rodríguez gidoilariak aurkeztuko dute proiektua, Montse Garcíarekin (Atresmedia TV Fikzioaren zuzendaria), Jordi Fradesekin (Diagonal TVren zuzendaria) eta Tomás Silbermanekin batera (VIS Espainiako Fikzio Garapenaren arduraduna).

Telesailetan hizkuntza gutxituek, zientziak, adikzioek eta umoreak duten presentziari buruzko eztabaida interesgarriak

Asteazkenean, hilak 27, 18:30ean, eztabaida interesgarria izango da plataformen eta hizkuntza gutxituen arteko harremanari buruz. Horretarako, Koldo Almandoz zuzendaria, Marian Fernández ekoizlea eta Urtzi Urkizu kazetaria izango dira mahai-inguruan, Gaizka Izagirre kazetariak moderatuta.

Osteguneko –hilak 28– eztabaidaren izenburua honako hau da: «Zientzia eta fikzioa: zientzia serieetan» eta aztertuko dute zientziak telesailetako fikzioarekin duen lotura. Parte hartuko dute DIPCko Aitzol García-Etxarri fisikari eta ikerlariak, Eduardo Saénz de Cabezón matematikari eta Órbita Laika programako aurkezleak eta José Luis Crespo fisikari eta Quantum Fracture kanaleko dibulgatzaileak (kanalak ia 3 milioi harpidedun ditu).

Ostegunean estreinatuko da Magpie Murders telesailaren (AXN) lehen kapitulua ere. Anthony Horowitzen best-seller homonimoa telesail bihurtu dute. Horowitz egungo detektibe eleberrien idazlerik bikainenetako bat da. Estreinaldia Xabier Gutiérrez sukaldari eta idazle ospetsuak aurkeztuko du; bera da noir gastronimiko gisa ezagutzen den generoaren sukaldaririk onenetakoa.

Ostiralean, hilak 29, izango da adikzioei buruz eztabaidatzeko txanda. Aitor Gabilondo ekoizle eta gidoilariak eta Javier Giner zuzendari eta Yo, adicto liburuaren egileak fikzioen eta adikzioen arteko harremanaren gakoak jorratuko dituzte, Alberto Rey kritikariak moderatuta.

The Palaceren (Der Palast) estreinaldia izango da, COSMO kanalarekin lankidetzan, jardunaldiko hurrengo jarduera. Suspenseko drama liluragarri bat da, RDAn girotua, justu Berlingo harresia erori aurretik. Lorenzo Mejino kritikariak aurkeztuko du estreinaldi hau.

Telesailak nahieran

Ostirala jarduera oso berezi batekin bukatuko da. Crossover-ek afariaren eta telesailei buruzko solasaldiaren formatua berreskuratuko du, pandemiaren parentesiaren ondoren. Telesailak nahieran izenburupean egingo dira eta bi gonbidatu oso berezi izango dituzte: Leticia Dolera eta Manuel Burque, Vida perfecta telesailaren sortzaileak. Solasaldian aztertuko da gaur egun telesailak ote diren hainbat esparrutako artista eta profesionalentzat esparrurik interesgarrienak.

Dolerak eta Burquek beren eraginei eta gustukoen dituzten telesailei buruz ere hitz egingo digute, baita ikus-entzunezkoen munduan lan egiteak dakarrenari buruz ere. Solasaldia Maitena Salinasek moderatuko du, Covent Gardeneko areto ingelesean egingo den afari-cocktailean.

Edizio honetako telesailen gudan Twin Peaks eta The X Files lehiatuko dira

Larunbatean, hilak 30, amaituko da jaialdiaren V. edizioa, Tabakalerako Z aretoko ekitaldi andanarekin. Lehen jarduera 12 00etan izango da, «Pantaila txiki, umore handia» eztabaida, Mikel Pagadi eta Amancay Gaztañagaren eskutik, Leire Arrojeríak moderatuta. Arratsaldean, 18:00etan, Travelling Series Live-ren txanda izango da. Bidaia horretan, Gipuzkoako hainbat lekutan barrena ibiliko dira, besteak beste, Juego de Tronos, El Internado edo Patria bezalako telesail garrantzitsuak errodatu diren inguruetan. Oraingoan, Lorenzo Mejino Julian Iantzi aurkezle ezagunarekin arituko da solasean.

19:00etan, «22ko uzta»ren txanda izango da; denboraldiko telesail uztaren alderdi azpimarragarrienak errepasatuko dituzte ezinbesteko bi kritikoren eskutik: Borja Crespo eta Marina Such, Enric Albero dela moderatzaile.

Eta aurreko edizioetan bezala, jaialdia amaitzeko ohiko telesail guda izango da. Oraingo honetan, suspense cool delakoaren bi mugarri izango dira aurrez aurre: Twin Peaks vs Expediente X. 90eko hamarkadako bi telesail mitiko, Enric Alber, Borja Crespo, Gaizka Izagirre eta Marina Suchen arteko guda pizteko, Maitena Salinasek moderatuta.

CROSSOVER jaialdiko jarduera guztietarako sarrera librea da, aforoa osatu arte, «kontatutako telesaila» ekitaldirako eta El Inmortalen estreinaldirako izan ezik, horietarako doako gonbidapena beharko baita. Bestalde, «Telesailak nahieran» ekitaldia afari-cocktail formatuan egingo da eta ordainpekoa izango da. Sarrerak eta gonbidapenak jaialdiaren webgunean daude eskuragarri.

Crossover jaialdiaren apustua eta bere kolaboratzaile sarea

Edizio honetan, Crossover jaialdiak jarraitzen du telesailen kultura aztertzen ikuspegi desberdinetatik, betiere publiko zabal batean pentsatuz, dibertsioa eta eztabaida konbinatuz eta ikus-entzunezko sektoreko plataformen produkzioaren erakusleiho izatea bilatuz.

Jaialdiak Donostia Zinemaldiaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren lankidetza du, bai eta aliatu garrantzitsuen babesa ere, Donostia Turismoa kasu. Gainera, aurten 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin ere lankidetzan ari da, Tabakalerako 2deo Serieak telesailen proiektuak garatzeko programaren bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ikus-entzunezkoen sektorea babesten du

Koldo Mitxelena Kulturunearen zinemaren eta telesailen aldeko apustu honek bat egiten du eremu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua garatzen ari den ikus-entzunezko proiektuen babes, sustapen eta hedapen ekintzekin: Elías Querejeta Zine Eskola sortzea, eskola horretan matrikulatzeko bekak, Lanabesa laguntza-lerroa (2017tik iraupen luzeko 70 ikus-entzunezko proiektu baino gehiago lagundu ditu) edo Gipuzkoako Foru Aldundia San Sebastian-Gipuzkoa Film Comissioneko kide izatea.

  

1465