Kulturako eta Mugikortasuneko Departamentuak elkarrekin antolatu duten "Literatura Martxan" lehiaketaren I. edizioa aurkeztu dute
Kulturako eta Mugikortasuneko Departamentuak elkarrekin antolatu duten "Literatura Martxan" lehiaketaren I. edizioa aurkeztu dute
Kulturako eta Mugikortasuneko Departamentuak elkarrekin antolatu duten "Literatura Martxan" lehiaketaren I. edizioa aurkeztu dute
Ekimena Poesiaren Munduko Egunaren eta Liburuaren Munduko Egunaren artean garatuko da.
«Lehiaketa hau poesiari eta literaturari beren lekua aitortzeko modu bat da, betidanik egon baitira garraio publikoan, eta, horretarako, bidaiarien konplizitate sortzailea bilatzen du», Harkaitz Millán diputatuak azaldu duenez.
«Modu errazean, ekintza honek agerian uzten du, pertsonak eramateaz gain, gure autobusek ideiak, ilusioak eta, azken batean, bizi-zatiak ere badaramatzatela. Lurraldebusetik herritarren sorkuntzan laguntzeak Gipuzkoa osoa aberasten du»; hala adierazi du, hain zuzen, Rafaela Romero diputatuak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatu Harkaitz Millánek eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok «Literatura martxan» lehiaketaren lehen edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Ekintza horren bidez, herritarren literatura sorkuntza sustatu nahi da garraio publikoko joan-etorrietan, kulturaren unibertsoa mugikortasunarekin lotuz.
Lehiaketak bi modalitate izango ditu: mikrokontakizunak eta poesia. Lanak aurkezteko epea gaur hasiko da, martxoak 21, Poesiaren Munduko Eguna, eta apirilaren 23a arte luzatuko da, hau da, Liburuaren Munduko Egunera arte. Kategoria batean zein bestean, lehiaketara aurkeztuko diren lanek «bidaia» hitza izan beharko dute.
Hori izango da baldintza bakarra. Bestalde, 1.200 karaktereko luzera izango dute gehienez, espazioak barne direla, mikrokontakizunen kasuan, eta 30 bertso-lerrokoa poemen kasuan.
Harkaitz Millán diputatuak azaldu duenez, «lehiaketa hau poesiari eta literaturari beren lekua aitortzeko modu bat da, betidanik egon baitira garraio publikoan, eta, horretarako, bidaiarien konplizitate sortzailea bilatzen du. Paisaia, hodeiak, kaleak edo autobuseko bidaiariak berak: edozein elementu izan daiteke poema edo istorio baten detonatzailea».
Deialdia 18 urtetik gorakoei zuzentzen zaie, baldin eta garraio publikoa erabiltzen dutela frogatzeko MUGI txartela (nominala edo anonimoa) edo noizbehinkako txartela aurkezten badute. Lurraldeko kulturaren ordezkariek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu obrak.
Modalitate bakoitzean, lehiaketako lehen saria bizikleta elektriko bat (1.000 eurokoa) izango da. Akzesit bat ere egongo da, honako sariez osatua: 100 euroko birkarga bat MUGI txartelean, sistemaren sare osoan erabiltzeko, eta 100 euroko kupoi bat, irabazlearen aukerako liburu-denda batean erosketak egiteko. Sari-banaketa Donostiako Foru Aldundiaren Jauregian egingo da, bi foru ordezkariekin batera, apirilaren 28an.
«Modu errazean, ekintza honek agerian uzten du, pertsonak eramateaz gain, gure autobusek ideiak, ilusioak eta, azken batean, bizi-zatiak ere badaramatzatela, benetakoak edo irudimenezkoak. Lurraldebusetik herritarren sorkuntzari laguntzeak, departamentuen arteko lankidetzaren bidez, Gipuzkoa osoa aberasten du», eta hala adierazi du, hain zuzen ere, Rafaela Romero diputatuak.
Obrak lehiaketara aurkezteko —gehienez hiru obra kategoria eta pertsona bakoitzeko—, sare sozialak edo posta elektronikoa erabili ahal izango dira, eta bi kasuetan egiaztatu beharko da Gipuzkoan garraio publikoa erabiltzen duen pertsona dela. Oinarrien xehetasunak hemen kontsulta daitezke:
1768