Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskaraldian “komunitate gogoz eta ilusioz” parte hartzera dei egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Euskaraldian “komunitate gogoz eta ilusioz” parte hartzera dei egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Etzi hasiko den ariketari bere atxikimendua adierazi dio gaur foru gobernuak; abian da erakundearen baitan hizkuntza ohituren aldaketak iraunkorrak izan daitezen lanketa

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egin die gipuzkoar guztiei, bai eta lurraldeko entitate, gizarte eragile, enpresa eta erakundeei ere, “komunitate gogoz eta ilusioz” parte hartzera etzi, hilaren 15ean, hasi eta 25era arte egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioan. “Hizkuntza ohiturak euskarara ekartzen saiatzeko ariketa soziala da Euskaraldia. Elkarrengana gerturatzeko eta euskaraz gozatzeko aukera polita eskaintzen digu. Horrela, denok batera, euskararen erabilera indartzearekin bat, lurralde eta herri gisa ezaugarri dugun komunitate izaera indartzeko eta garatzen jarraitzeko parada izango dugu”, adierazi du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak.

“Euskarara gerturatzeko hainbat motibazio eta abiapuntu izan ditzake gutako bakoitzak, gero eta aniztasun handiagoa duen gipuzkoar gizartean. Guztiek dute kabida gure lurraldean eta guztiek dute kabida Euskaraldian. Horregatik, aniztasun horretan guztiok bat ariketa honetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak. Norbere jarrerak eta hizkuntza ohiturak euskarara hurbilduz, norbera mugituz eta, horrela, komunitate bezala elkar mugituz”, gogoeta egin du diputatu nagusiak, gainontzeko foru diputatuekin eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalekin batera talde argazkia atera ondoren. Aipatzekoa da Diputatuen Kontseiluak ‘arigune iraunkor’ gisa izendatu zuela bere burua aurreko edizioan eta hala berretsi duela aurtengoan ere.

Foru-erakundeko ordezkari eta langileek ere Euskaraldian parte hartuko dute, eguneroko lanetan eta lan harremanetan euskaraz sortu eta lan egiteko helburuan urrats berriak eman asmoz. Izan ere, Aldundiaren helburu estrategikoekin eta euskararen erabilera sustatzeko konpromisoarekin bat datoz, “euskaratik eta euskaraz” aritzea jomuga duela kontuan izanda. Gainera, Euskararen Erabilera Planari lotutako departamentuen arteko Ekintza Plana garatzeko esparruan, Foru Gobernuak berretsi egin du erakundearen barruan hizkuntza ohituren aldaketak modu iraunkorrean finkatzeko konpromisoa.

"Partekatua da euskararen erabilera ahalik eta eremu zabalenetara eramateko ahalegina. Foru Aldundiak ahalegin horretan ekarpena egin nahi du eta horretarako lanean jarraituko du, buru-belarri”, laburbildu du diputatu nagusiak.

Aldundiko ordezkari eta langileek Euskaraldian parte hartuko dute eta, parte hartzeko hori dinamizatu asmoz, zenbait ekintza landu ditu foru erakundeak. Ostegunean, Euskaraldia hastearekin bat, Jon Plazaola aktoreak euskararen inguruko ekitaldia eskainiko die foru langileek, Ogasuneko eta Gizarte Politiketako zerbitzuetan dagoeneko egin duen moduan. Bestalde, Euskaraldiak irauten duen egun bakoitzeko, gipuzkoar herritar banaren testigantza plazaratuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak sare sozialetan. Amaitzeko, Foru Aldundiaren atarian, ‘Belarriprest’ eta ‘Ahobizi’ gisa Euskaraldian parte hartzeko instalazioa ikusgarri dago joan den astetik, Euskaraldiari ikusgarritasuna ematea helburu.

  

3791