Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak konpromisoa hartzen du Pasaiako badiaren biziberritze integraleko Planarekin jarraitzeko

Aldundiak konpromisoa hartzen du Pasaiako badiaren biziberritze integraleko Planarekin jarraitzeko

DUSI laguntzak ez jaso ondoren, Aldundiak proiektua eta jarduketa-egutegia berriz orientatuko ditu, udalekin hitzarmena sinatzen hasita behar diren jarduketei eta datozen bi urteetan 6 milioi euroko inbertsioari heltzeko.

Gipuzkoako Aldundiak, badiako lau udalek eta Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziak Pasaiako badia biziberritzeko prestatutako Plan Integralak lortu nahi zituen laguntza europarrak, Portuaren Plan Berezian jasotzen diren hirigintzako esku-hartzeen osagarri egokia izango zirenak, Europar Batasunaren Feder programa operatiboko DUSI laguntzak (2014-2020) jasotzeko hautatutako proiektuetatik kanpo geratu dira, eta azkenean Bizkaian geratuko dira osorik.

Bederatzi milioi euroko kantitatea lortu nahi zuen proiektuak badiaren biziberritze integralerako. Guztira 18 milioi euro inbertitzea aurreikusten zen 2020 arte eta asmoa zen kantitate horren erdia europar laguntzen kontura izango zela. Gainerako % 50az Aldundia (% 35) eta udalak (% 15) arduratuko ziren.

Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu Saileko diputatu Marisol Garmendiaren hitzetan, “Gipuzkoako Aldunditik ulertzen da Pasaiako errealitateak laguntza horiek merezi dituela, hirigintzaren, langabezia-tasaren eta desoreka sozialaren ikuspegitik lurralde degradatuenetako bat delako”. Ildo horretan, Gipuzkoako Aldundiak konpromisoa hartu du udalekin adostutako planarekin jarraitzeko, baina haren garapena DUSI programaren laguntzek eskainiko ziotena baino abiadura motelagoan joango da.

Horren erakusgarri da hil honetan bertan aurreikusita dagoela Aldundiak lehen hitzarmenak sinatzea badiako lau udalekin, lehen proiektuei heltzeko inbertsioak aurreratzeko. Horrela, aurten hiru milioi euro inguru bideratuko dira eta 2017rako beste hiru bideratuko dira, udalak dagozkien obrekin eta ziurtagiriekin hasteko aukera izan dezaten.  

Marisol Garmendiak Aldundiaren konpromisoa azpimarratu du eta, adierazi duenez, “Gipuzkoako Aldundi gisa konpromiso bat hartu dugu Pasaiaren biziberritze integralerako. Esan genuen bezala, finantzaketa aurreratu behar genuen DUSI laguntzen emakida asko atzeratzen ari zelako eta udalek beren obrak egiten eta ziurtatzen hasi behar zutelako. Eta berretsi egiten dugu. Orain inoiz baino gehiago dirua aurreratu behar dugu eta biziberritze integraleko proiektuan aurrera egin. Ezbehar honek ez du geldiaraziko plana”. 

  

1386