Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aniztasuna panorakimoan eta eskubideetatik abiatuta

Aniztasuna panorakimoan eta eskubideetatik abiatuta

Markel Olano diputatu nagusiaren iritzi artikulua, El Diario Vascon argitaratua, 2018ko urtarrilaren 28an

Aste honetan Aniztasuneko Bizikidetzarako Foru Plana aurkeztu dugu, Gipuzkoan dagoen aniztasuna balioan jartzeko eta, aldi berean, diskriminazio mota ororen aurkako neurriak hartzeko. Planaren sozializazioari ekiteko, bideo labur bat egin da, eta sare sozialen bidez zabaldu da, hausnarketara gonbidatuz, era erraz baina deigarrian. Spotak mezularitza aplikazioetako teklatuek eskaintzen dituzten askotariko emojiak eta emotikonoak erakusten ditu, genero, kolore, lanbide, genero orientazio edota ohitura aniztasuna adierazteko. Mezua garbia da: "Gure mugikorrean instalatuta dugu bizikidetzaren hizkuntza... eta gure buruan?". Aniztasuna oso konplexua eta aberatsa da, ideograma bilduma batek isla dezakeena baino konplexu eta aberatsagoa, baina bideo honek oso modu atseginean gonbidatzen gaitu hausnarketara, eta horrek gure gizarteko aniztasunarenganako begirada ebaluatzeko ariketa gisa balio du.

 

Gainera, begirada horrek ernea eta prebentziozkoa ere izan behar du. Aniztasuna aldarrikatzeko, gizarte demokratiko bateko kide garenez, aitortu behar dugu pertsona guztiak ez direla puntu beretik abiatzen gizartean parte hartzeko garaian, eta, zenbait pertsona, talde jakin batekoak izateagatik, baztertuak izaten direla arlo sozialean, kulturalean, ekonomikoan nahiz politikoan. Aukera berdintasuna bermatzeko, ezinbestean egin behar dugu diskriminazioaren aurka, maila guztietan, eta lurralde kohesionatuago baten alde egin behar dugu, marjinaziorako eta gatazka sozialerako arrisku txikiagoarekin.  Gipuzkoan asko dira beren eguneroko bizitzan aurrera egiteko zailtasunak dituztenak, gainerakoen eskubide eta aukera berdinak izan arren. Isilik jasaten diren diskriminazio horiek ohikoak dira gizartean, eta, maiz, jasaten dituztenek naturaltzat jotzen dituzte.

 

Inkestek diotenez, Gipuzkoako herritarren erdia baino gehiago tolerantea da, esate baterako immigrazioarekiko. Ikuspegi mesedegarria da, baina horren ez du esan nahi gordekako diskriminazio egoerak ematen ez direnik. Pisu bat alokatzea, besterik gabe, askoz konplikatuagoa izan daiteke etnia edo jatorri jakin batzuetako pertsonentzat, eta berme gehigarriak eskatzen zaizkie, edota eskatzen zaien errenta hain da altua, ezinezkoa egiten zaiela ordaintzea. Errealitate hori ohikoa da, eta hala salatu dute, askotan, etorkinen eskubideen alde jarduten diren elkarteek. Normalean ez du zerikusirik haien egoeraren erregularizazioarekin, eta lotuagoa dago atzerritarren eta, bereziki, jatorri magrebtar, pakistandar edo errumaniarreko pertsonen inguruan sortzen diren aurreiritzi faltsuekin.  Mesfidantza hori ohikoa da, baita ere, ijito etniako emakumeei dagokienez, eta hala adierazi izan digute Gipuzkoako elkarteekin izandako bileraren batean. Emakume ijitoak, beraiek esan dutenez, mozorrotu egin behar izaten dira lan elkarrizketaren batetara aurkeztu nahi dutenean.  Hortaz, emakume horiek uste dute beraien janzteko eta makillatzeko modua ezkutatu egin behar dutela, erremediorik gabe, inork diskriminatzea nahi ez badute. Euskadiko ijito komunitatetik iristen zaigun erreklamazio ohikoenetako bat da gizarteko gainerako pertsonek duten errespetu eta aitortza bera eduki nahi dutela.

 

            Baina diskriminazioa ez da soilik jatorriagatik, etniagatik edo erlijioagatik izaten. Gizarteak ez dizkie aukera berdinak eskaintzen desgaitasunen bat duten pertsonei, lana edo hezkuntza bezalako arloetara iristeko era guztietako oztopoak gainditu behar baitituzte. Kontua ez da soilik arauzko hori eguneroko jardunera ekartzea, ez; kontua da gaitasun aniztasuna onartu behar dela, guztiok aukera izan dezagun libreki hautatzeko gure bizitzan eragina duten arlo horien guztien inguruan.  Gure begiradak, gizarte gisa, zabala izan behar du, panoramikoa, eta erne egon behar du, pertsonei soilik beren egoera partikularragatik ezartzen zaizkien trabak antzemateko. Transexualek eta transgeneroek egunero gainditu behar izaten dituzten oztopoez ere hitz egin dezakegu. Izan ere, diskriminazio mota oro jasaten dute, bazterkeria ezkutukoenetik eraso fisikoetara.

 

Berdintasunean bizitzeko zailtasunek eragina dute gizartearen parte handi batean. Gainera, aldi baterakoak edo kontingenteak izan daitezkeen zaurgarritasunak ere badaude. Adibidez, talde espezifikoak, hala nola haurrak edo adinekoak, edo pobrezia egoerak, non pertsonek, beren bizitzako une jakin batzuetan, ezin baitituzte baliatu beren eskubideak.  Berdintasun ezaren dimentsioak askotarikoak dira.

 

Mendebaldeko herrialdeetan, eztabaida honek gero eta garrantzia handiagoa hartu du, batez ere krisialdiaren ondorengo urteetan. Gipuzkoaren kasuan, Foru Aldundiak berdintasun eza murrizteko apustu irmo eta globala egin du legealdiaren hasieratik, eta, orain, urrats bat gehiago eman dugu: Aniztasuneko Bizikidetzarako Foru Plana aurkeztu dugu, diskriminazioaren aurkako ekintza zehatzekin. Plan honek onkeria eta populismoetatik ihes egiten du, eskubideen arloan ardazten da, eta era guztietako aniztasunetara iritsi nahi du.  Eta urrats hau ematen dugu jakin badakigulako Gipuzkoan badugula oinarri sozioekonomiko bat, zeinak aukera ematen baitigu erronka honi irmotasun handiagoz heltzeko. Horren adierazle da boluntarioz osatutako 4.500dik gora elkarte biltzen dituen elkarte sarearen osasuna. Gurea kapital sozialaren alde apustu egiten duen gizartea da, konfiantzazko sare bat duena. Eta hori balio segurua da, kohesio soziala eraikitzeko oinarria, eta etorkizuneko bermea.

 

Aste honetan aurkeztu dugun plana lan tresna bat da, Aldunditik diskriminazioaren aurka egiten diren ahalegin guztiak jostea eta lotzea xede dituena. Badakigu helburu hau Gipuzkoako gizartearekin eta gainerako erakundeekin ere konpartitu behar dela, eta horrek handizaleak izatera eramaten gaitu, aniztasuneko bizikidetza zeregin kolektibo gisa planteatuz. Erronka bat da, elkar lotzen gaituena, eskubideen eta betebeharren berdintasunean sinesten dugun guztiok. Hori da etorkizuneko ikuspegia eta xedea, Gipuzkoa izatea pertsonen artean desberdintasun gutxien duten lurraldeetako bat Europan. Beraz, helburua ez da diferentziak deuseztatzea, desberdintasunak desagerrarazteko ahalegina egitea baizik.

  

1413