Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

NBEk jardunbide egokitzat jo du Etorkizuna Eraikiz-en 'BOOST' ekimenaren dinamika

NBEk jardunbide egokitzat jo du Etorkizuna Eraikiz-en 'BOOST' ekimenaren dinamika

Aldundiak partaidetza ekimen honen berri eman du New Yorkeko egoitzan, Gazteen Nazioarteko Egunaren harira antolatu den mintegi batean.

Foto NBEk jardunbide egokitzat...

BOOST ekimena jardunbide egokitzat jo du NBEk, garapen jasangarriko helburuei lotutako eztabaiden formulazioan berrikuntzak egiteagatik, komunikazioa hobetzeagatik eta belaunaldien arteko elkarrizketan sakontzeagatik, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. BOOST, gizarte zibil antolatuaren ordezkariekin batera etorkizuneko ardura eta erronka partekatuak kontrastatzeko proiektua da, Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikizen esparruan abian jarritakoa. Hala, foru erakundeak abuztuaren 12aren bueltan, Gazteen Nazioarteko Egunaren harira, eman du dinamikaren berri, belaunaldien arteko elkartasuna ardatz hartzen duena aurten. Zehazki, Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Departamentuak eta Haurren eta Gazteen Talde Nagusiak egun horretarako New Yorken antolatutako mintegi batean egin du aurkezpena. Mintegi horretan, planeta osoko erakundeek eta eragileek elkarrekin partekatuko dituzte belaunaldien arteko elkarrizketa eta ekitatea sustatzeko eta adinagatiko diskriminazioari aurre egiteko garatzen ari diren proiektuak, tokian-tokikoak zein nazioartekoak.

Aldundiak aurkezpen eta bideo sorta berezi bat diseinatu du BOOST-en berri emateko, eta aukera aprobetxatuko du bere gobernantza-ereduaren ezaugarriak eta Etorkizuna Eraikiz-en emaitzak ezagutarazteko. Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia eta Ikerketa arduraduna arduratuko da aurkezpenaz eta, hain zuzen,  oso positibotzat jo du Lasak NBEk BOOST jardunbide egoki gisa hautatzeko hartu duen erabakia, baita izen handiko foro batean ezagutzera emateko aukera izatea ere. Azaldu duenez, «nazioarteko erakunde eta unibertsitate asko ari dira lurraldean erronka ekonomiko eta sozialei ikuspegi berriekin heltzeko egiten ari den lanaren berri ematen,  lankidetzan eta esperimentazioan oinarritzen direnak, politika publiko eraldatzaileak abian jartzeko». “Gisa horretako aitorpenek erakusten dute Gipuzkoa gobernantza berriaren erreferente gisa sendotzen ari dela, eta lorpen horri balioa ematea merezi duela” esan du Lasak.

BOOST-ek kontraste-ariketa bat planteatzen du. Topaketen bidez, erantzun argi eta errazik ez duten galderak jartzen ditu mahai gainean, joera globalak aztertzeko aukera emanez eta etorkizun posibleak atzemateko bideak irekiz. “Prospektiba-sistema berri bat da”, Lasaren hitzetan, Garapen Jasangarrirako Helburuei lotutako gaiei buruzko iritziak, ideia berriak eta proposamenak biltzeko: gobernantza-estilo berriak, klima-aldaketa, adinekoen zaintza, ekonomia berdea, hiri-tribuak eta gizarte-desberdintasunak, hurrenez hurren. Horretarako, 40 pertsona adituk eta ez-adituk osatutako panel bat osatu zen, joera horiek nola eragiten duten jakiteko eta Gipuzkoako lurralderako aukerak identifikatzeko. Galdera handi horiei heltzeko, startup, erakunde eta hirugarren sektoreko entitateetan erantzukizun handiko lanpostuak betetzen dituzten emakume eta gizonengana jo da. “Profil askotariko pertsonak, baina ekintzailetasuna, gaztetasuna eta erakunde trakzionatzaileen kide izatea ezaugarri komun bezala dutenak. Ikuspegi eta jarrera ezberdin horiek, nahita bilatzen genituenak, kontraste-prozesu oso aberasgarria ekarri dute”, Lasak azaldu duenez.

Hilean behin, gai bakoitzari buruz antzemandako joera globalak partekatu dira BOOST-en, Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan, Donostian, egin diren topaketa batzuetan. Horietako saio bakoitzak funtsezko galdera bat izan du ardatz, eta horri buruz hausnartu du taldeak: «Nork gobernatzen ditu gobernatzen gaituztenak?»; «Zein tributako kide zara?»; «Makina bat baino gizatiarragoak gara?»; «Zerk egiten gaitu espezie hobea?»; eta «Zure aurrerapena nire aurrerabidea al da?». Galderek, formulazioak eta lan-dinamikek ikuspegi berritzailea izan dute. Jardunaldi bakoitzera gaian aditua den pertsona bat gonbidatu da, eta ondoren saioa irekitzen da eztabaidarako eta ondorioetarako.

Emaitzak jaso eta herritarrekin partekatzeko modua ere berria izan da, laburpen-bideoak grabatzen baitira ideia indartsu nagusiekin, eta sare sozialetan erakusten dira. Puntu honetan, Lasak nabarmendu duenez, “bereziki sakondu nahi izan da irudien eta mezuen itxura eta kodeak Tik Tok sare sozialekoen antza izatean”. Gauzak honela, foru-arduradunak ekimenaren balantze ona egin du; izan ere, “herritarren eta gure interes-taldeen beharrei, eskaerei eta interesei buruzko informazioa hobetu du Boost-ek, talde-dinamika berriak herritarren panelen bidez abian jartzea aztertu du, agenda politiko eta instituzional berriari lotutako gaiak jorratu ditu belaunaldien arteko elkarrizketaren bidez, eta komunikazioan aldaketak landu ditu sare sozialen bidez, Z belaunaldia bezalako kolektiboak inplikatzeko”.

Lasak gogorarazi duenez, “bizi dugun uneko ziurgabetasunak eta aurre egin beharreko erronken konplexutasunak beharrezko egiten dute gazteekin eta herritar guztiekin harremanak izateko eta lan egiteko formula berriak aurkitzea, ezaugarri izan dugun izaera komunitarioa berriko dutenak. Gizarte-loturak, erakundeekiko konfiantza eta politika publikoak sendotzen dituzten formulak. Horixe da Etorkizuna Eraikiz. Ziur gaude BOOST-ek jarraipena izan dezakeen eta izan behar duen etorkizun handiko bidea irekitzen duela”.         

  

1043