Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Iurreamendi egoitzak eredu berrira egokituko ditu lehen 20 plazak

Iurreamendi egoitzak eredu berrira egokituko ditu lehen 20 plazak

Proiektu orokorrak 12 fase izango ditu, eta lehenengoa apirilean hasiko da, egoitzaren lehen solairuko mendebaldeko hegala birmoldatzeari dagokiona.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatua

Maite Peña Gizarte Politikako diputatua


Gaur goizean, Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua, Olatz Peon Tolosako alkatea, Mireia Larrañaga Kabiako asistentzia arloko teknikaria eta Marijose Moreno eta Miren Muñagorri Errotuko arkitektoak Tolosako Iurreamendi adinekoen egoitzan izan dira. Udalerriko bi egoitzetako bat da, 2018tik Kabian integratuta dagoena. Egoitza birmoldatzeko 12 faseetako lehena hastear dago, espazio fisikoak arreta eta zaintza eredu berrira egokitzeko. Kontzeptu orokor gisa, Peñak azaldu duenez, egoitza elkarren artean independenteak diren moduluetan zatitzea planteatzen da. Modulu horietako bakoitzak, gehienbat, bainugela duten banakako gelak, eta sukaldea, jangela eta egongela dituzten eremu komunak izango ditu.

            Proiektu osoak solairu bakoitzeko bi modulu planteatzen ditu, eta guztira sei modulu egoitza osoan. Era berean, planteatzen da espazio komun orokorrak zabalagoak izatea eta beheko solairuan eta lehenengoan kokatuta egotea, non horiei lotutako kanpoko espazioak dauden. “Zalantzarik gabe, inguruneen diseinuak eragin handia du pertsonen bizi kalitatean, eta, horregatik, proiektu integral bat diseinatu dugu Iurreamendi egoitzarako. Bertan, faseka lan egiten hasiko gara”, azaldu du diputatuak.

            Lehenengo fasean, mendebaldeko hegaleko lehen solairuan jardungo da, eta moduluak, eraberritzearen ondoren, 20 plaza izango ditu guztira, banakako 16 gela eta bi gela bikoitz. Guztiek izango dute komun irisgarri partikularra, eta erabiltzaile bakoitzak bere espazioa pertsonalizatu ahal izango du. Gelak dauden eremuan jarduteaz gain, egongela ere aldatuko da, eta jangela berri bat sortuko da, sukaldearekin, kontrol-puntu berri bat, jarduera gela bat eta familien bisitetarako bi gela izango dira.

Gipuzkoako egoitza-ereduaren trantsizioa errealitate bat dela defendatu du diputatuak. Sektore osoaren lanari esker, adineko pertsonentzako arreta eta zaintza ereduaren eraldaketa agerikoa da jada lurraldeko egoitza zentroetan. “Aldaketa hau ezin da goizetik gauera egin, prozesuan murgilduta gaude eta atzera bueltarik ez duen aldaketa bat bultzatzen ari gara”.

Maite Peñak gogorarazi duenez, aldaketa bizkortu egin da pandemiaren ondorioz, eta jada gauzatzen ari da egoitzetan, Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren eta Liburu Berdearen esparruan burutzen ari den lanari esker. Diputatuaren hitzetan, ibilbide-orri zehatz bat dago abian, eta horrek, Iurreamendin bezala, egoitzak bizikidetza unitate murriztuetan oinarritutako zentro bihurtzen lagunduko du, arreta pertsonalizatu eta berritzailearekin eta komunitatearekiko lotura sendoarekin. “Helburua da gure egoitza sarea pixkanaka egokitzea2, azpimarratu du Peñak.

Horrez gain, gaineratu du aldaketak ez diola espazio fisikoen egokitzapenari bakarrik erantzuten, baizik eta “eraldaketa askoz haratago doala”, eta arretaren esparruarekin, zainketen kalitatearekin, langileen prestakuntzarekin, zentroetan ikuspegi berritzailea txertatzearekin, zainketetan parte hartzearekin eta taldeen eta zereginen antolaketarekin lotutako guztia barne hartzen duela, besteak beste. “Kontu horiek guztiak sektore osoarekin lantzen ari gara”, adierazi du amaitzeko.

Olatz Peon alkateak Foru Aldundiaren eta diputatuaren zaintza eredu berrien aldeko apustua eskertu du, “eredu pertsonalizatuago eta berritzaileagoen alde, egungo testuinguruan erabat beharrezkoa dena”. “Gizartea aldatzen ari da, herritarren beharrak ere bai, eta desafio berriak ditugu parez pare, biztanleriaren zahartzea da aurrean dugun erronka nagusietariko bat, horregatik, agenda politiko guztietan lehen lerroan dagoen erronka da, adineko pertsonen zaintza eta ongizatea lehentasunezkoak direlako. Iurreamendi egoitzaren egokitzapenak eragin zuzena izan du egoiliarren arreta eta ongizatean, pertsonen zaintza eta arreta erdigunean jartzen dituelako. Beharrezkoa da, errealitate eta behar berriei aurre egiteko estrategia bateratuak lantzen jarraitzea, orainari eta etorkizunari erantzungo dioten gizarte politiken sustapenean, erakundeen arteko lankidetzatik; Iurreamendiko egoitzaren eredu berria da lanketa horren isla zuzena”.

  

2134