Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Laguntza lerroa zerbitzu turistikoentzat, autonomo eta enpresa txikientzat

Laguntza lerroa zerbitzu turistikoentzat, autonomo eta enpresa txikientzat

100.000 euroko dirulaguntza bideratuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak egitura eta zirkulatzaile gastuak ordaintzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euroko zuzkidura duen dirulaguntza lerro berri bat onartuko du zerbitzu turistikoen sektoreko autonomo eta enpresa txikiei zuzenduta, Covid-19ak sortutako kalte ekonomikoei aurre egin ahal izateko.  Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak gaur azaldu duenez, laguntza hauek jaso ahal izango dituzte turismoko agentzia hartzaileek, gida turistikoek eta turismo aktiboko enpresek, baldin eta gutxienez 6 hilabeteko antzinatasuna frogatzen badute aipatutako jardueretan.

Programa horren bidez, Aldundiak turismo negozio berriak bultzatzeko programa berrituko du, eta turismo ekimen txikien egitura eta zirkulatzaile gastuak ordaintzen lagunduko du; izan ere, pandemiak eragindako alarma egoeraren ondorioz, gastu horiek ezin baitira enpresaren jardueraren xede diren turismo zerbitzuen salmentan jasanarazi.  Egotzitako gastuak urtarrilaren 1etik alarma egoera amaitu eta hilabete geroago artekoak izango dira. Emango den laguntzaren gehieneko zenbatekoari dagokionez, gehienez 2.000 euro emango dira enpresa bakoitzeko, autonomoa bada eta bere kargura langilerik ez badu; gehienez 3.500 euro, enpresak 2 edo 3 langile baditu, eta gehienez 5.000 euro, enpresak 4 langile edo gehiago baditu.

Deialdiaren informazioa Aldundiaren dirulaguntzen atarian egongo da eskuragarri -www.gipuzkoa.eus/dirulaguntzak-.  Eskabideak, gainerako agiriekin batera, Internet bidez aurkeztu beharko dira, foru erakundearen egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atari horretara sartuta eta horretarako eskuragarri dagoen inprimaki espezifikoa beteta. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2020ko uztailaren 1ean amaituko da.

Diputatuaren arabera, "presazko" neurri bat da, joan den asteazkenean, pandemiaren eraginaren diagnostiko partekatua egiteko eta hura arindu dezaketen ekimenak aztertzeko, Gipuzkoako sektoreko hainbat eragilerekin egindako lan mahaiaren ondoren hartutakoa. Lasak "bereziki larritzat" jo du eragin hori turismoaren kasuan, jarduera "bat-batean gelditu" delako mugimendu murrizketaren eta muga itxieraren ondorioz, eta diru sarrerak lortzeko Aste Santua bezalako data "oso garrantzitsuetan" iritsi delako, negozio askoren biziraupena zailduz.

Negozio eta ekimen txikiak egoteak sektorean "pisu handia" duela gogorarazi du, eta, horregatik, "beste behin ere, enpresa txiki eta ertainetan eta profesional autonomoetan jarri behar dugu gure ahalegina, bereziki, likidezia erraztuz, egoera hori irauli ahal izan dezaten. Ez dugu zalantzarik Gipuzkoa berriro ere erreferentziazko helmuga turistikoa izango dela, eredu jasangarria eta kalitatezkoa izango duena, baina bitartean arnasa eman behar diegu sektorean okerren pasatzen ari direnei, hurbiltasunetik eta elkarlanetik. Salbuespenezko egoera bizi dugu eta Aldundiak bere politikak, programak eta laguntza lerroak birbideratuko ditu, egoera honi erantzuteko, kasu honetan bezala, eta egoerak eskatzen duen mailan jarduteko", ziurtatu du.  

Aldundiak eta administrazioek dagoeneko hartutako neurrien artean, gaur iragarritakoaz gain, honako hauek daude: neurri fiskalak, 300 milioiko eragina izango dutenak; enpresa txikietan telelana ezartzera bideratutako gastuak laguntzeko laguntza lerroa, 450.000 eurorekin; jarduera ekonomikoa bultzatzearekin lotutako dirulaguntzen programetan bete beharreko baldintzak malgutzea; Elkargik berariazko mailegu lerro bat abian jartzea; garapen agentziekin batera online plataforma bat sortzea, dirulaguntzak eskuratzea errazteko; eta Aldundiak krisiaren ondorioz bertan behera geratzen diren ekitaldi, azoka edo jarduerak finantzatzeko hartutako konpromisoak betetzea.  

  

1548