Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Laguntzak sektore gastronomikoaren eraldaketa digitalera bideratutako 13 proiektu sustatzeko

Foto Laguntzak sektore gastronomikoaren eraldaketa digitalera bideratutako 13 proiektu sustatzeko

Laguntzak sektore gastronomikoaren eraldaketa digitalera bideratutako 13 proiektu sustatzeko

19 enpresa eta eragilek jaso dute 326.827 euroko zuzkidura duen SukalBerri deialdiaren laguntza.

Laguntzak sektore gastronomikoaren eraldaketa digitalera bideratutako 13 proiektu sustatzeko

Foru Aldundiak SukalBerri programako laguntzak eman ditu, Gipuzkoako gastronomiaren sektoreko eragileen eta enpresen eraldaketa digitala bultzatzeko. Guztira 326.827 euroko laguntza eman du, eta, deialdi honen babesari esker, 19 enpresa eta eragilek garatuko dituzte beren proiektuak: 4 lankidetzakoak izango dira, eta 9 banakakoak. Sektorearen balio-kate osoa hartzen dute, eta komunean dituzte teknologia berrien erabilera eta berrikuntza integrala, haien eragina aurreratuz eta negozio nahiz kudeaketa eredu berriei atea irekiz. «Gure gastronomiaren ezaugarri bat da bokazio berritzailea, eta lagungarri izan da sektore hori  mundu mailan ezaguna izateko. Programa honen bidez, enplegua eta aberastasuna sortzen dituen jarduera bat indartzearen alde egiten dugu, eta, halaber, beste jarduera batzuk bultzatzen ditugu, hala nola lehen sektorea edo logistika, proiektu eraldatzaileak babestuz», azpimarratu du Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Laguntzen xede dira berrikuntza bultzatzen duten jarduketak, lau arlo handitan banatuta:  produktuak eta prozesuak, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra, banaketa eta logistika sistemak, eta negozio ereduak. Lehentasuna ematen zaie berrikuntza teknologikoei, bereziki eraldaketa digitalari eta enpresa  prozesuetan aplikatutako adimen artifizialeko tresnen erabilerari, eta, halaber, laguntza ekonomiko handiagoa ematen zaie enpresa txiki eta ertainei. Horrekin guztiarekin, Gipuzkoako gastronomia-ekosistemako enpresen digitalizazioa sustatu nahi da, bai ikuspegi teknologikotik, bai negozio ereduaren ikuspegitik, eta baita ere produktuak eta zerbitzuak sortzeko eta horiek kontsumo ohitura berrietara egokitzeko ikuspegitik: jasangarritasuna, elikadura osasungarria, kontsumitzeko modu berriak, kolektiboen behar espezifikoetara egokitutako produktuak …

Proiektu teknologikoenen artean honako hauek aipa daitezke, besteak beste: plataforma digital bat garatzea elikagaien behin-behinekotasunaren egutegi gisa, jatetxeen eta tokiko ekoizle txikien arteko topagune gisa balioko duena; gainaldeentzako ikuspen artifizialeko gailu bat, erabiltzailearen esperientzia hobetuko duena; etxeko eta industriako gas-sukaldeetarako aginte akoplatu birakari bat; ikusmen-urritasunak dituzten pertsonek erabiltzeko moduko labe bat; erosketen eta inbentarioen kudeaketa sistema bat jatetxeetarako, ahots-komandoen bidezkoa; eta huts-poltsa adimendunen bidez egosteko prozesu berri bat. Kevo, Isea, Basque Culinary Center, Mondragon, Stirling, Fleischmann eta Hispavista enpresek parte hartzen dute proiektu horietan, beste enpresa eta eragile batzuen artean.

Era berean, Orona Ideo enpresako jantokira tokiko produktuak eramaten dituen ekosistemaren logistika hobetzeko proiektua dago, Gure Elikagai, Orkli eta Zitu enpresen parte hartzearekin. Pates Zubia enpresak, bere aldetik, eskaintza zabalduko du produktu naturalen eta gehigarririk gabekoen bi lerro berri garatuz. Petritegik etxez etxeko negozio eredu berri bat definituko du. Terracityk Km0 jatetxe bat jarriko du martxan Garberako gune berrian, janari lasterreko multinazional handiekin lehiatzeko asmoz. Txepetxak antxoa freskoa saltzeko lerro berri bat ezarriko du; Mugaritzek teknologia aplikatuko dio mahaikidearen esperientzia gastronomikoari; eta Basque Beer elkarteak bere eskaintza dibertsifikatuko du, produktua, merkatua eta irudia berrituz.

Larrañagak proiektuen «aniztasunari» eman dio balioa; izan ere, adierazi duenez «horrek erakusten du Gipuzkoan dinamismo ekintzaile handia dagoela, bai eta ideia berriak ere sektore hori berrasmatzeko eta produktu, zerbitzu edo negozio eredu berriak garatzeko, teknologia, jasangarritasuna eta tokiko lehengaia abiapuntu hartuta. Sustatzaileen artean ditugu jatetxeak, elikadura eta eraldaketa enpresak, eta ekipamenduen eta osagaien industriak, baina baita ere digitalizazioan espezializatuak, eraldaketa digitalaren eta gastronomiaren arteko loturak aukera berriak irekitzen dituelako  jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko». 

Diputatuak adierazi duenez «eraldaketa digitala funtsezko palanka da gure ekonomiaren lehiakortasuna indartzeko eta gure etorkizuneko ongizatea bermatzeko. Hori begi-bistakoa dirudi industriaren eremuan, baina nabarmena da ia jarduera ekonomiko guztietan, baita jarduera honetan ere. Badakigu gure gastronomiaren eta ostalaritzaren sektoreak une zailak eta ziurgabetasun handikoak bizi izan dituela, baina susperraldia indarra hartzen ari da, eta programa honen bidez babesa eman nahi diegu aurrera begiratzeko orduan eta etorkizunean ere lehiakorrak izaten lagunduko dieten ezaugarri berritzaileak mantentzeko orduan".