Lan munduan euskararen erabilera indartzeko ahaleginean nabarmendu diren enpresa, ikastetxe eta ikasleak aitortu dituzte
Lan munduan euskararen erabilera indartzeko ahaleginean nabarmendu diren enpresa, ikastetxe eta ikasleak aitortu dituzte
Lan munduan euskararen erabilera indartzeko ahaleginean nabarmendu diren enpresa, ikastetxe eta ikasleak aitortu dituzte
Bergarako Miguel Altuna LHII Institutuan elkartu dira erreferente diren Gipuzkoako lantoki, Lanbide Heziketako ikastetxe eta ikasleak, beraien esperientzia publikoarekin partekatu asmoz.
“LH DuaLa Euskaraz” aitortza ekitaldia egin dute gaur, otsailak 18, Bergarako Miguel Altuna LHII institutuan. Euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean erreferente diren Gipuzkoako lantoki eta Lanbide Heziketako ikastetxe eta ikasleei beraien jarduna aitortu zaie. Ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta LANEKI elkarteko ordezkariek parte-hartu dute, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, buru zutela.
Bertan izan dira, baita ere, Ainitze Blanco (Lanekiko presidentea), Nicolas Sagarzazu (Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketako zuzendaria), Josune Zabala (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria), Jabier Larrañaga (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua) eta Garbiñe Mendizabal (Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria).
LH DuaLa Euskaraz egunero bizitzen
Euskaraz, balioa erantsi lanari lemapean, Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea du helburu LH DuaLa Euskaraz egitasmoak. Hain zuzen ere, heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP-Duala) euskaraz ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea du xede. Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez arduratzen den LANEKI elkarteak eta Lanekiren elkartekideak diren Ikaslan eta Hetel elkarteek, erakundeekin elkarlanean dihardute euskarazko LH-Duala sustatzen.
Gipuzkoan, egun, 2.700 lantoki baino gehiagotan egiten da Lanbide Heziketa Duala Euskaraz. Besteak beste, “LH Duala Euskaraz” egitasmoaren bitartez, enpresa horien berri jasotzen duen gida bat eta geomapa bat argitaratu da. Informazio guztia lhdualaeuskaraz.eus webgunean dago kontsultagai.
Ikasle, ikastetxe eta lantokien esperientziaren berri
Gaurko ekitaldian, “LH DuaLa Euskaraz” markapean ari diren erakundeetako zenbait ordezkariren presentzia ere izan da, eta beraien egunerokoa nola bizi duten publikoarekin partekatu dute. LH Dualean ikasle, ikastetxe eta lantokiek parte hartzen dute eta egindako solasaldian honako ordezkaritzak hartu du parte:
- Irene Souto, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslea.
- Olatz Izagirre, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko tutorea.
- Joxu Arana, Miguel Altuna Lanbide Heziketako Institutu Integratuko zuzendaria.
- Eider Landa, Copreciko Euskara Batzordeko kidea.
- Antton Mirena Mendizabal, Goizper-Group-eko Giza Baliabidetako zuzendaria.
Goizper Group, Astigarraga Kit Line eta VIVEbiotech, sarituak
Egindako lanaren errekonozimenduari ere tarte garrantzitsua eskaini zaio ekitaldian. Lehenik eta behin, Egunean Behin lehiaketaren sari banaketa egin dute. Izan ere, jokoaren olatuarekin bat eginez, “LHduala Euskaraz” taldea sortu eta Gipuzkoako lanbide heziketako ikasleekin jokatu da lehiaketa hori. Gipuzkoako 750 gaztek parte hartu dute galdera-erantzunen lehiaketan eta astero irabazle bat izan da.
Hain zuzen ere, ikasle hauek izan dira sarituak: Iñaki Olasagasti (Don Bosco), Haizea Alberdi (Elgoibar IMH), Idoia Ruiz (Don Bosco), Oier Mendez (Tolosaldea LH Institutua), Ane Tubia (UNI Eibar-Ermua), Aitor Duo (Elgoibar IMH).
Jarraian, LH Duala euskaraz egin dadin lantokiek ematen duten zerbitzua errekonozitzeko unea iritsi da, eta horretarako kontuan izan da ikasleen “LH DuaLa Euskaraz” urte batean baino gehiagotan egin izana, LH Dualean izandako ikasle horietako batzuk enpresan bertan lanean geratu izana eta “LH DuaLa Euskaraz” egiten den lantokien izaera anitza. Aurtengoan errekonozitutako lantokiak GOIZPER GROUP, ASTIGARRAGA KIT LINE eta VIVEbiotech izan dira. Oroigarria jaso dute, enpresa horien izenean, Maria Sanchezek, Aitor Gilek eta Gurutz Linazasorok, hurrenez hurren.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok adierazi duenez, “euskararen biziberritze prozesuak aurrera” jarrai dezan, “funtsezko” jomuga da eremu sozioekonomikoa. “Azken hamarkadetan, euskal gizarteak inbertsio handia egin du hezkuntza eta unibertsitatea euskalduntzeko. Horri esker, gabeziak gabezia, lan munduan txertatzen diren ikasleek inoizko ezagutza handiena dute, euskarari dagokionez”, gogorarazi du eta, beraz, “aukera hori probestera” dei egin du.
Enpresa barnean euskararen erabilera indartzeak enpresen jardunari eta lehiakortasunari “mesede” egiten diola nabarmendu du, “pertsonen talentua eta lan ingurune positiboa, kohesionatua” sustatzea baitakar berekin, baita “gizarteari eskainitako zerbitzuak eta produktuak hobetzea”, besteak beste. Horregatik guztiagatik, ahalegin horretan nabarmendu diren enpresen, ikastetxeen, langileen eta ikasleen lana goraipatu du.
2527