Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Lana emango zaie bazterketa arriskuan dauden 12 pertsonari ingurumena hobetzeko ekimen berriei esker

Lana emango zaie bazterketa arriskuan dauden 12 pertsonari ingurumena hobetzeko ekimen berriei esker

Aldundiak eta La Caixa aurrezki kutxak batera sustatuko dituzte Gipuzkoan biodibertsitatea eta gizarte egoera ahulean dauden kolektiboak lan munduan sartzea

Foto Lana emango zaie...

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak eta Ruben Riaño Euskal Herriko eta Kantabriako La Caixako Erakundeetako zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berritu dute kontserbazio eta gizarteratze arloan.

La Caixa Gizarte Ekintzak 50.000 euro jarriko ditu programa horretarako eta, ondorioz, bazterketa arriskuan dauden 12 pertsonak lan egin ahal izango dute Pagoetako pagadiak berreskuratzeko eta hobetzeko zereginetan, Jaizkibelen suteen prebentzio lanetan, eta Jaitzubiko errekasto batzuk berreskuratzeko jarduketetan.

Foru Aldundiaren eta La Caixa Gizarte Ekintzaren arteko akordioa abiatu zenetik, 2,7 milioi euro baino gehiago jarri ditu finantza erakundeak Gipuzkoako natura guneak kontserbatzeko eta hobetzeko 64 proiektutan, non bazterketa arriskuan dauden 200 bat pertsonak parte hartu duten.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak eta Ruben Riaño Euskal Herriko eta Kantabriako La Caixako Erakundeetako zuzendariak lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute gaur, lurraldeko natura guneak kontserbatzeko eta berreskuratzeko proiektu garrantzitsuak gauzatze aldera.

Bi erakundeek hamar urtean jarraian sinatu duten lankidetza hitzarmenaren helburua da jarduketa bateratuak sustatzea Gipuzkoako ingurumena babesteko, sustatzeko, kontserbatzeko eta hobetzeko, eta, aldi berean, gizarte bazterketa arriskuan dauden kolektiboak integratzen laguntzeko.

Guztira, La Caixa Gizarte Ekintzak 50.000 euro jarriko ditu natura aldetik balio handia duten inguruetan jarduketak egiteko; Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak kudeatuko ditu jarduketa horiek.

Hiru proiektu ezberdin eta interes ekologiko handikoak

Pagoetako Parke Naturala

Jarduerarik garrantzitsuenetako bat Aiako Pagoetako Parke Naturalean gauzatuko da, non baso lanak egingo diren pagoz birlandatutako unadetan.  Hiru unadatan, bertako hostozabalen garapena zailtzen edo eragozten duten espezie exotikoen oinak moztuko dira edo eraztuna jarriko zaie, bertako espezieak diren pago, gorosti eta haginak leheneratzeko eta hazteko aukera emanez.

Jaizkibel mendia

Jaizkibel mendia Gipuzkoan interesik handiena duenetako bat izanik, gune babestu bat da, balio natural handia duena ekosistemen aberastasunagatik eta aniztasunagatik; gainera, Natura 2000 Sarearen barruan sartuta dago. 2016. urteko hitzarmenerako adostu diren jarduketen artean, suebakien sastrakak kenduko dira Jaizkibel mendiko iparraldeko eta hegoaldeko maldetan, Kontserbazio Eremu Bereziko azalera gehiena babestuta geldi dadin suak sor ditzakeen kalteetatik, habitat interesgarriak zaintzeko eta hobetzeko, eta suteak itzaltzeko lanetan aritzen diren langileen segurtasuna gehitzeko.

Sua da, hain zuzen ere, arazorik handienetako bat Jaizkibelen aurreikusitako berreskuratze helburuak lortzeko, bai zuhaiztietan (ameztiak eta hariztiak) bai larre habitatetan eta zohikaztegietan.   

Jaitzubiko errekastoak

Aurreikusitako jarduketak Hondarribian egingo dira, Trikune, Antonzoko eta Maasti errekastoetan, Jaitzubira ezkerraldetik isurtzen diren errekastoak baitira. Errekasto horiek garrantzi handia dute Jaizkibelgo Kontserbazio Eremu Bereziaren eta Txingudiko Kontserbazio Eremu Bereziaren arteko lotura ekologikotzat jotzen direlako –Natura 2000 Sarean barruan biak–, baina inguruko landareak kendu egin dira belardi eta laborantzarako eta, beraz, tarte horiek hobetzeko asmoz, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatu nahi dira.

Tarte horietan dauden balio naturalen artean, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior ibilgu ertzeko basoak daude eta, halaber, inguru horretan bizi da Gipuzkoan ezagutzen den arrain hiruarantza bakarra; arrain hori txikia da eta kaltebera gisa azaltzen da Euskadiko Espezie Mehatxatuen Zerrendan.

  

553