Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Landa eremuen garapen sozioekonomikoa sustatzeko deialdia ireki da

Landa eremuen garapen sozioekonomikoa sustatzeko deialdia ireki da

Aldundiak 950.000 euro bideratuko ditu lurralde orekari laguntzen dioten proiektu kolektiboak laguntzeko.

Foru Aldundiak, 2021ean, 950.000 euro bideratuko ditu landa garapeneko proiektuak bultzatzeko laguntzetara.   Dirulaguntza horien helburua da Gipuzkoako landa eremuetako ekonomiaren garapen integrala eta sustapena bultzatzea, garatzen ari diren edo garatu nahi diren jardueren ekonomia eta ingurumen arloko errendimendua hobetuz, batez ere nekazaritza ustiategietan; nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren merkaturatzea eta eraldaketa hobetuz; eta eragileak proiektuen garapenerako azpiegiturez eta baliabideez hornituz.

          Deialdiaren bidez laguntza ekonomikoa emango da lehen sektorearen sustapenarekin lotutako hainbat jarduketa gauzatzeko: kalitatezko nekazaritza produktuak merkaturatzea, tokiko merkatuak eta banaketa-zirkuitu laburrak sustatuz eta lan horiek erraztuko dituzten azpiegituretarako inbertsioak eginez; makinak eta ibilgailuak erostea, komunitateek eskatutako zerbitzuak emateko eta baserritarren bizi-kalitatea hobetzeko; nekazaritza zerbitzuak modernizatzea eta digitalizatzea, landa eremuaren eta hiri eremuaren arteko arrakala digitala murrizteko, energia eraginkortasuna hobetzea ere kontuan hartuta; eta nekazaritza produktu berriak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsio proiektu berritzaileak egitea. 

          Era berean, diruz lagunduko dira honako hauek: landa eremuetan kokatutako ostatuak, gizarte- eta kultura-zerbitzuak zaharberritzeko eta ekipatzeko inbertsioak; landa eremuan enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko jarduerak eta proiektuak; eta elektrifikazioa, zehazki, transformazio zentroak eta behe tentsioko lineak hobetzea eta egokitzea, bai eta lurzoru urbanizaezineko nekazaritza ustiategietarako eta etxebizitzetarako eta landaguneetarako energia hornidurako lineak ere.

Landagipuzkoa

Deialdia LandaGipuzkoa ekimenaren barruan sartzen da eta ekimen horren lehentasunezko helburua lurralde oreka sustatzea da. LandaGipuzkoak barne hartzen ditu foru erakundeak bere apustu politikoaren barruan garatzen dituen ekintzak. Apustu horren helburuak dira oinarrizko azpiegiturak (bideak, edateko ur publikoa eta saneamendua) mantentzea eta hobetze, arrakala digitala murriztea banda zabal ultralasterra hedatuz, jarduera erakartzea, gizarte zerbitzuak optimizatzea, despopulazioa saihestea eta abar.

          Laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte Gipuzkoako udalek eta toki erakunde txikiek, landa garapeneko elkarteek, eta nekazaritza elkarte eta kooperatibek, baldin eta lehen sektoreari eta bertako landa biztanleei zerbitzuak ematea badute helburu eta proiektuak lurraldean egiten badituzte.  Informazio eta eskakizun guztiak eskuragarri daude GAOn: https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/castell/bog/2021/05/03/c2102873.pdf. Eskabideak Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira: https://egoitza.gipuzkoa.eus.

          Landa garapeneko elkarteek, nekazaritza elkarteek eta kooperatibek % 65eko dirulaguntza jaso ahal izango dute. Udalen kasuan, txikienei emango zaie lehentasuna, dirulaguntzaren ehuneko handiena jasoko baitute: 1.000 biztanletik beherakoek % 65ekoa, eta 1.000 eta 2.500 biztanle bitartekoek % 60koa. "Lurralde oreka da zaindu nahi dugun aktiboetako bat, egiten ari garen apustuaren barruan, hau da, Gipuzkoa izatea Europan desberdintasun gutxien duen lurraldea, maila guztietan: ekonomian, gizartean, hizkuntzan, generoan…  Horrek esan nahi du laguntza eman behar zaiela beren proiektuak gauzatzeko baliabide ekonomiko eta kudeaketa-baliabide gutxien dituzten udalei eta eragileei", azpimarratu du Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Programa hau osatzeko, Aldundiak lehen sektoreari laguntzeko beste deialdi batzuk egiten ditu ekintzailetza, inbertsioa, nekazaritza ustiategietarako laguntza eta haien ingurumen-konpromisoa bultzatzeko; izan ere, haiek ez bezala, programa honek izaera kolektiboko proiektuak aurreikusiko ditu, inbertsio-eremuari edo planteamenduari dagokienez, baita Gipuzkoako nekazaritza ustiategien tamaina txikia dela-eta bideragarriak izateko inbertsio kolektiboak behar dituzten proiektuak ere.  "Helburua da laguntza ematea udalerriei, landa garapeneko elkarteei eta nekazaritza elkarteei, nagusiki ustiategi txikiez osatutakoei, landa ingurunearen garapen sozioekonomikoari laguntzen dioten jarduerak egiteko garaian, izan ere, beren aurrekontuak hain estuak izaten direnez, zailtasunak izaten dituzte tipologia eta irismen horretako proiektuei heltzeko".

Larrañagak, amaitzeko, honako hau azpimarratu du: "Etorkizuna eraikitzeko, udalerri guztiak eta gure landa ingurunea hartu behar ditugu kontuan.  Eremu horien erakargarritasuna, lehiakortasuna eta bizi kalitatea mantentzeko eta hobetzeko ekimenak abian jartzen jarraituko dugu, haien dinamismoak indartsuago eta orekatuago egiten baitu Gipuzkoa".

  

1537