Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lanean dira ezgaitasun intelektuala duten pertsonentzako EPEan plaza lortutako hiru lagunak

Lanean dira ezgaitasun intelektuala duten pertsonentzako EPEan plaza lortutako hiru lagunak

Diputatu nagusiak harrera egin die foru jauregian.

2022/02/02

Gipuzkoako Foru Aldundia ezgaitasun intelektuala duten pertsonentzako lehen Enplegu Publikoko Eskaintzaren (EPE) plaza lortu duten hiru lagunak atzo hasi ziren lanean foru erakundean. Maialen, Naiara eta Juan Pablo dira plaza eskuratu dutenak, eta artxiboko eta zerbitzu orokorretako ofizial gisa arituko dira lanean. Lau hilabeteko praktikaldiaren ondoren, karrerako funtzionario bihurtuko dira. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak harrera egin diete gaur goizean foru jauregian, eraikineko zatirik esanguratsuenak erakutsiz. Foru arduradunek zorterik onena opa diete ibilbide berrian, eta diputatu nagusiak nabarmendu du lehen aldia dela Aldundiak mota honetako EPE prozesu bat egiten duela: “Mugarri garrantzitsua da berdintasunaren aldeko borrokan”.

Guztira, ezgaitasun intelektuala duten 152 pertsonak parte hartu dute hautaketa-prozesuan. Hortik, plaza eskuratu duten hiru lagunez gain, EPEa gainditu edo lehen ariketa gainditu dutenen artean, 133 pertsonako lan poltsa bat osatu da, Gipuzkoako udal guztien esku jarri dena. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “orain, helmugara iritsi garenean, esan dezakegu prozesu osoa arrakastatsua izan dela, eta, zifrak alde batera utzita, sekulako balio kualitatiboa duela Aldundiarentzat eta lurralde osoarentzat”. “Asko ikasi dugu, eta gure konpromisoa horrelako ekimenei jarraipena ematea da: desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako EPE gehiago egongo dira etorkizunean”, gaineratu du.

EPEa aurrera ateratzeko prozesuari dagokionez, Olanok elkarlanean jarri du azpimarra. "Prozesu honen arrakastaren gakoa, zalantzarik gabe, hasieratik elkarlanean lan egin izana izan da. Lehen minututik, Atzegi, Gautena, Ortzadar, Gureak, Fevas eta Ehlabe elkarteak gonbidatu genituen, eta guztiek erantzun positiboa eman ziguten. Denek hartu dute parte EPE deialdi hau osatu eta aurrera eramateko prozesuan", azaldu du. Horiekin batera, Uliazpi foru erakunde autonomoa eta Aldundiko Gizarte Politikako departamentuko Mendekotasuna eta Desgaitasuna Baloratzeko Zerbitzua ere funtsezkoak izan direla gaineratu du.

"Eragile horiek guztiek ezinbesteko laguntza eman digute, ez bakarrik deialdia osatzeko orduan, baizik eta EPEra aurkeztu diren pertsonen bidelagun izanez”, azpimarratu du. Era berean, eskerrak eman dizkie Gobernantza eta Gizarte Politikako departamentuko langileei, prozesu horretan plaza lortu duten hiru pertsonek bi sail hauetan egingo baitute lan. Zehazki, hauek izango dira artxiboko eta zerbitzu orokorretako ofizial gisa beteko dituzten eginkizunak: posta jaso, banatu eta sailkatzea, dokumentuak digitalizatzea, fotokopiagailuak mantentzea, papera banatzea, biltegiko materiala eraikineko unitateetan banatzea, bilera-gelak prestatzea…

 

Berdintasunarekin konpromisoa

"Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, mota honetako lehen EPEa izan da, baina aurretik ezgaitasun intelektuala duten langileak izan ditugu, eta esperientzia beti izan da positiboa. Horrela, ekimen honekin, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunaren aldeko konpromisoa berresten dugu, bereziki laguntza-premia bereziak dituztenena”, azaldu du diputatu nagusiak. "Esparru horretan, erreferente bihurtu nahi genuke; eta EPE honekin egin dugun lana, azpimarratu nahi dut inguruko administrazioen eskura dagoela, antzeko prozesuren bat egin nahi balute”, gaineratu du.

Gogorarazi duenez, Aldundiaren helburu estrategiko nagusia Gipuzkoa Europa mailan desberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatu edo bertan mantentzea da, desberdinkeriari ikuspegi guztietatik helduz: soziala, ekonomikoa, linguistikoa, emakumeen eta gizonen artekoa... "Beraz, inor atzean utzi nahi ez badugu, argi dago ezgaitasun intelektuala duten pertsonen alde lan egiten jarraitzeko gure konpromisoak benetakoa eta irmoa izan behar duela", gaineratu du.

  

1584