Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Lankidetza Bazkundearekin ETEen nazioarteko dibertsifikazioa babesteko

Lankidetza Bazkundearekin ETEen nazioarteko dibertsifikazioa babesteko

Horretarako, 456.000 euroko zuzkidura duen lankidetza hitzarmena sinatu dute, bi lan-ildo berri izango dituena.

Foto Lankidetza Bazkundearekin...

Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak lankidetza hitzarmena sinatu dute lurraldeko enpresen nazioartekotzea sustatzeko jarduerak bultzatze aldera. Hitzarmen hori 2021eko irailaren 30era arte egongo da indarrean, eta horren bidez, foru erakundeak 456.000 euroko laguntza emango dio Bazkundeari. Imanol Lasa  Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak eta Pedro  Esnaola Bazkundeko lehendakariak urteko akordio bat sinatu dute bi eragileek duten lankidetzaren barruan, baina hitzarmen hori berriz formulatu da COVID-19ak eragindako premiei erantzuteko, lurraldeko sare ekonomikoaren nazioartekotze-maila handitzeko helburu partekatuari eutsiz eta sare horren indartzea, lehiakortasuna eta finkapena babestuz, betiere enpleguaren jarraipena eta kalitatea bermatzeko.

Pandemiak jardueraren beherakada bortitza eta nazioarteko bezeroen urruntzea edo galtzea ekarri ditu Gipuzkoako enpresetara, eta, halaber, azelerazio nabarmena eragin du globalizazioaren ondoriozko aldaketetan eta, munduko ekonomiaren barruan, herrialde industrializatu berriak globalizazioan jokatzen ari diren eginkizunean. Horregatik, Aldundiak eta Bazkundeak bat egin dute esatean konbinatu egin behar direla epe laburreko premiei eman beharreko erantzuna eta ingurune sozioekonomiko lehiakorragoaren etorkizuneko garapena, Gipuzkoako enpresek, batez ere enpresa txiki eta ertainek, lehiakortasuna eta jasangarritasuna indartu ditzaten, eta hobeto prestatuta egon daitezen susperraldiari begira. «Horrela bakarrik mantendu ahal izango ditugu, birdefinituta eta modu lehiakorrean, egungo jarduera eta enplegua, eta jarduera ekonomiko berria eta kalitatezko enplegua sortzeko aukera izango dugu.            Besteak beste, funtsezkoa da gure enpresetan teknologia eta balio erantsia sendotzea eta haien nazioarteko izaera indartzea", azaldu dute.

Hala, hitzarmenak bi lan-ildo berri jasotzen ditu: ‘Gipuzkoa Zabaltzen’ eta ‘Industrial excellence’. Lehenengo programa enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago, COVID-19aren ondoriozko nazioarteko merkatuen konpresioaren aurrean, esportazioak dibertsifikatu eta beste merkatu batzuetara bideratu ditzaten, bereziki Europar Batasunetik kanpo, betiere, beste alderdi batzuen artean, helmugako herrialdeen egokitasuna aztertu ondoren pandemiaren eraginaren eta susperraldi aurreikuspenen arabera. ‘Industrial excellence’, bestalde, programa pilotu bat da, industriari lotutako Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna bultzatuko duena beren sektoreko tokiko eta nazioarteko erreferentziazko bezeroen aurrean; horretarako, abian jarriko da ziurtagiri bat, antolaketa, teknologia eta merkataritzari buruzko alderdietan,  enpresa horiek eskatzen dituzten trebetasunak eta gaitasunak egiaztatuko dituena.

Era berean, Aldundiak eta Bazkundeak beren lankidetzaren esparruan lehendik garatzen zituzten programa bateratuekin jarraituko dute. 'Lagundex' programak Gipuzkoako 25 enpresa txiki eta ertainen parte hartzea bultzatuko du nazioarteko lizitazioetan eta nazioarteko eskaintzen aurkezpenean, alde batetik, haien lorpen-ratioa hobetzeko eta, bestetik, auditoretza edo berrikuspen baten bidez, enpresek nazioarteko jardunean jarraitzen dituzten prozesuak hobetzeko eta eguneratzeko –kasu honetan, 20 enpresetara iristea aurreikusten da –.

Halaber, BIC Gipuzkoa zentroaren lankidetzarekin, sortu berriak diren eta oinarri teknologikoa duten 6 enpresaren (NEBT) nazioarteko merkataritza-garapena bultzatuko da; enpresa horiek nabarmentzen dira balio erantsi handiko enpresa-garapenen berrikuntza eta ezagutza eskaintzeagatik eta, halaber, dibertsifikazioa, kalitatezko enplegua eta kultura ekintzailea sustatzeagatik.  Azkenik, misio enpresarial eta instituzional bat egingo da, batetik, enpresei laguntzeko beren nazioarteko estrategian eta intereseko merkatu batera hasieran hurbiltzeko prozesuan, eta, bestetik, Gipuzkoarako estrategikoak diren sektoreetan nazioarteko esperientzia berritzaileak ezagutzeko.

Imanol Lasak positibotzat jo du hitzarmena, eta azpimarratu duenez «testuinguru konplexu batean, gure sare ekonomikoaren nazioartekotzea sendotzen jarraitu behar dugu, susperraldirako prestatzen. Mundura irekitako enpresak behar ditugu, ekonomiak globala eta konektatua izaten jarraituko baitu.  Eta lotura sustatu behar dugu nazioarteko ingurune aurreratuenekin, saltzeko ez ezik, ikasteko eta berritzeko ere, hau da, lehiakorragoak eta jasangarriagoak izateko". Erronka horren barruan, Bazkundea "ezinbesteko aliatutzat" jo du, "enpresekiko duen esperientziagatik eta hurbiltasunagatik; horregatik, kasu honetan ere, lankidetza hori ekonomikoki blindatzeko ahalegina egin da, diru-sarrerak jaitsi arren".

Pedro Esnaolak, berriz, nabarmendu du gaur egungo zirkunstantziek “halabeharrezko lehentasun baten aurrean” jartzen dituztela industria eta, oro har, enpresak: “Jarduera komertzial eraginkorra garatzea, Covid-19 krisialdiak mugikortasunean ekartzen dituen murrizketekin. Murrizketa horiek aparteko eragina dute nazioartekotzearen esparruan. Gakoetako bat izango da digitalizazioak zabaltzen dituen aukerak erabiltzea kontratu komertzialak ixteko, gutxienekora mugatuz desplazamenduen eta kontratu presentzialen beharra”. Erantsi duenez, “epe motzean gutxienez, merkatu globala merkatu asimetriko bihurtuko da; badaude, eta egongo dira, ixten diren herrialdeak, eta badaude irekitzen direnak. Hori horrela, garrantzi berezia hartuko dute gainbegiratze lanek, adi egon beharko dugu garaiz detektatzeko non sortzen diren negozio aukerak. Egoera horretan, bereziki egokia iruditzen zaigu Aldundia egiten ari den ahalegina, enpresek atzerrian duten merkatal ekimena sendotzeko. Eskari-kopurua handitu beharra, faktore kritikoa da kirisialdia gainditzeko, ez bakarrik Gipuzkoako industriarentzat, baina mundo mailakoarentzat ere, ahalegin guztiak jarriko baititu bere produktuen salmentan”.  

  

195