Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 360.000 euro alde guztietako errefuxiatuei zuzendutako larrialdi humanitarioko ekintza proiektuetarako

360.000 euro alde guztietako errefuxiatuei zuzendutako larrialdi humanitarioko ekintza proiektuetarako

Horien artean daude Zaporeak eta Aita Mari itsasontzia

Itxasok adierazi du Gipuzkoak errefuxiatuak babesten dituela banaka nahiz maila kolektiboan, elkarteen bitartez edo ekimen ezberdinak bultzatuz eta Elkarteei eta boluntarioei eskertu die bere funtsezko lana.

Lankidetzarako Zuzendaritzak 360.000 euro xedatu ditu aurten larrialdiko laguntzetarako. Aurten foru laguntza jaso duten hamar proiektuetatik, bederatzik lotura zuzena dute errefuxiatuek munduko leku ezberdinetan (Gaza, itsas mediterraneoa, Kolonbia eta Venezuela, saharauien kanpamentuak, Cisjordania eta Lesbos) bizi duten dramarekin. Ondoren zehazten diren gobernuz kanpoko erakundeen hamar proiektuk diru laguntza jaso dute: Solidaridad Internacional, UNRWA, UNICEF, Itsas Laguntza Humanitarioa elkartea  (Maydayterraneo-Aita Mari), Mundubat Fundazioa, Alboan Fundazioa, Remar Gipuzkoa, Sodepaz. Emigrad@s sin Fronteras eta Zaporeak.

Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatuentzako Erakundeak (ACNUR) dituen kopuru ofizialen arabera, munduan 65 milioitik gora errefuxiatu eta desplazatu daude. Asian, Afrikan, Europan, Latinoamerikan eta Ipar Amerikan gertatzen den fenomeno bat da. Batzuk gerratik ihesean doaz eta beste batzuk aukera berri baten bila. “XXI. mendeko drama nagusietako bat da, eta, ikuspegi moraletik eta humanitariotik begiratuta, hausnarketa sakon bat egitera behartzen gaitu mundu hau aldatzeko eta bermatzeko oinarrizko giza eskubideak eta duintasuna pertsona guztiengana iristen direla”, adierazi du Denis Itxasok.

“Gipuzkoaren kasu zehatzean, harrotasunez esan dezakegu Gipuzkoa beti errefuxiatuen alde mobilizatu da, bakarka nahiz maila kolektiboan, GKEn eta elkarte ezberdinen bitartez, edo berez antolatu diren ekimen ezberdinen bitartez”. Itxasok elkarteek eta boluntarioek egiten duten funtsezko lan hori goraipatu eta eskertu du.

Larrialdiko laguntzen xedea da ekintza humanitarioko proiektuak burutzea eta natura hondamendien edo gatazka armatuen ondoriozko larrialdiko premiei erantzutea. Kasu honetan, bi motatako proiektuak onartu dira:

Larrialdiko laguntza proiektuak, hondamendiek kaltetutakoen berehalako premiei erantzuteko, beren biziraupena bermatzeko eta sufrimendua arintzeko oinarrizko ondasunez eta zerbitzuz hornitzea helburu dutenak (berotzeko materiala, aterpea, edateko ura, elikagaiak, osasun laguntza eta haur hezkuntza).

Ekintza humanitarioko proiektuak, zentzu zabalagoan hartuta, hondamendien beste fase batzuei erantzutea xede dutenak, eta krisia piztu aurreko egoerara itzultzea helburu dutenak.

Itsas Laguntza Humanitarioa elkartea

Proiektua: Mediterraneo itsasoko nazioarteko urak. Maydayterraneo-Aita Mari

Emandako laguntza: 40.000 euro

2014an errefuxiatuen krisia hasi zenetik, 150.000 pertsona baino gehiagok Greziako bidea hautatu dute (Lesbos, Kios eta beste uharte asko) Europara iristeko. Europar Batasunak eta Turkiak 2016an sinatutako hitzarmen bat dela-eta, Egeo itsasoko uharteetara heltzen diren errefuxiatuak Turkiara erbesteratzen dituzte. Ondorioz, errefuxiatuek ibilbidea aldatu dute eta, orain, erdialdeko Mediterraneora joaten dira, bide luze eta arriskutsuagoa hartuta; hala, eremu kritiko horretako hildakoen kopurua areagotu da.

Erdialdeko Mediterraneorako bidea Libiako kostaldean hasten da. Errefuxiatuak 150 eta 300 pertsona artean daramatzaten ontzietan joaten dira; ontziok 20 km egiteko erregaia izaten dute, nazioarteko uretara heltzeko adina. Nazioarteko uretara heltzean, bizirauteko aukera bakarra dute: norbaitek erreskatatzea. 2016an, 181.436 pertsona heldu ziren Italiako kostaldera modu horretan (aurreko urtean baino % 20 gehiago). Horren emaitza itotako pertsonen kopurua % 25 igotzea izan da, ACNUR eta OIM erakundeek emandako datuen arabera. Horrekin batera, azken bi urteetan ikusi denez, Europako gobernuek askotariko oztopoak jarri dizkiete Mediterraneoan lanean aritzen diren GGKEei.

Egoera horri erantzuteko, erakunde eskatzaileak arrantza ontzi zahar bat erosi eta erreskaterako ontzi bihurtu zuen 2018an. Espero da ontziak 6-7 misio egitea 2019an. Hauek izango dira misioen zereginak:

-           Bermatzea itsasoan giza eskubideak betetzen direla, jitoan dauden ontziak erreskatatzeko lanak eginez.

-           Larrialdiko laguntza ematea behar duten pertsonei.

-           Beste GGKE batzuekin elkarlanean aritzea.

-           Lehen eskutik ezagutzea Mediterraneoan gertatzen ari dena.

Gainera, GGKEak egoera salatzeko jarduerak egingo ditu, hala tokiko mailan nola nazioartean.

Solidaridad Internacional

Proiektua: larrialdiko laguntza ematea Haitin elikadura krisi larriko fasean dauden 50 etxeri.

Laguntza: 40.000 euro

Proiektua Haitiko hego-ekialdean kokatzen da, Anse-à-Pitres udalerriko Bois d’Orme sekzioan (13.000 biztanle).

Azken 8 urteotan, Haitin zenbait hondamendi natural gertatu dira: 2010eko lurrikara, Sandy zikloia (2012), Isaac ekaitz tropikala (2012), 2015eko lehorte larria eta Matthew urakana (2016). Hondamendi horiek guztiek ondorioak izan zituzten hego-ekialdeko departamendu horretan, eta bertako biztanleak zaurgarritasun larriko egoeran daude. Hondamendi horien ondorioetako bat elikadurako krisi larria da, baina agintariek ez diote erantzunik ematen. Horregatik, 2019ko otsailaren hasieratik, mobilizazio handiak ari dira gertatzen herrialdean, eta presidenteak larrialdi ekonomikoko egoera deklaratu zuen otsailaren 5ean.  

Testuinguru horretan, GKEak Bois d’Ormeko 50 familia artatu nahi ditu (300 pertsona), bakoitzari laguntzako pakete bana emanez. Hau aurkituko dute barruan: patatak, babarrunak eta azenarioak, bai eta fruta arbolak landatzeko plantulak eta ongarri organikoa ere, etxeko patioetan haz ditzaten (15 zuhaitz patio bakoitzeko). Zuhaitzak banatu aurretik, herritarrei prestakuntza emango zaie nekazaritzako jardunbide jasangarriei, txertoei eta landatzeko beste teknika batuei buruz.

UNRWAren Espainiako batzordea

Proiektua: Gazako zerrendako errefuxiatuei bizi maila duina bermatzea.

Emandako laguntza: 40.000 euro

Israeleko Gobernuak ezarritako blokeoak duela hamaika urtetik kolpekatzen du Gazako zerrenda, eta bertako biztanleak muturreko zaurgarritasuneko egoeran utzi ditu. Blokeo ekonomiko eta militar luzearen ondorioz, herriak ezin du oinarrizko ondasunez hornitu; gainera, ekoizpeneko ehuna suntsituta dago, langabezia tasa izugarri handia da eta kalte handia egin zaie zenbait oinarrizko ekoizpen sektoreri, esaterako, arrantzari eta nekazaritzari; horren guztiaren eraginez, herriak mendekotasun handia du UNRWA agentziak elikagaien arloan ematen duen laguntzarekiko.

UNRWA elikagaien hornitzailerik handiena da Palestinan, elikagaien segurtasunik gabeko egoeran bizi diren errefuxiatuentzat, hala proiektuak esku hartzen duen eremuan nola eskualde osoan. Zifrak ikusi besterik ez dago: Gazako zerrendan, UNRWAk larrialdiko elikagaiak ematen dizkie 919.092 errefuxiaturi, eta lurraldearen zerrenda horretan 1,5 errefuxiatu bizi dira, guztira.

Okupazioko eta blokeoko testuinguru horretan egoteaz gain, Estatu Batuetako administrazioak garrantzi handiko zenbait erabaki hartu ditu: hasieran, Agentziaren emaile nagusia zenaren ekarpena murriztu zuen (360 dolar ematen zituen urtero), eta, jarraian, erabat eten zuen laguntza. Horrek ziurgabetasuna sortu du eta, ondorioz, zenbait programa egokitu behar izan dira, baita batzuk behin-behinean eten ere, eta ondorio larriak izan ditu biztanleria onuradunean; hala, biztanleentzat garrantzitsuenak direnak lehenetsi behar izan dira.

AEBek utzitako aurrekontu hutsunea betetzeko, Agentziak ahalegin handiak egin behar izan zituen, eta eman zuten bere fruitua. Hala, 2018ko irailaren azken astean, Nazio Batuen Batzarraren ministerio bilerak 112 milioi dolar bildu zituen, eta hein handi batean arindu zituen AEBetako administrazioak eragindako kalteak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, gutxi gorabehera 1.994 pertsonak oinarrizko elikagaien saskiak jasoko dituzte proiektua martxan dagoen bitartean. Onuradunetatik 977 emakumeak dira (onuradunen % 49) eta 618 adingabeak (onuradunen % 31). Saskietan irina, arroza, olioa, azukrea, esne hautsa, dilistak, txitxirioak eta sardina potoak daude.

Unicef

Proiektua: hornidura eta nutrizioko oinarrizko zerbitzuak, Sirian zaurgarritasun egoeran daudenentzat.

Aldundiaren laguntza: 40.000 euro.

Siriako gatazka hasi eta ia zortzi urtera, egoera erabat aldatu zen 2018an, herrialdearen gero eta eremu gehiago baitzeuden Gobernuaren kontrolpean. Siriako hegoaldeko eremu berriak, Homs eta Hama, irisgarriago bihurtu ziren; aldiz, Siriako ipar-mendebaldean gatazka areagotu egin zen eta ipar-ekialdean igoera handiagoa egoteko arriskua dago, oraindik ere. Egoera gehiago larritu da Turkiaren azken adierazpenen ondorioz eta AEBek tropak aterako dituztela jakin ondoren. Siriako ipar-mendebaldean eta ipar-ekialdean egon daitezkeen lekualdatzeei erantzuteko prestatzea funtsezko lehentasuna da UNICEFen erantzun humanitarioan.

Berriki irisgarriak diren eremuetan, herritarrak beren etxeetara itzultzen hasi dira, nahiz eta segurtasuneko kezkak dauden: lehertu gabeko lehergailuak, gerrako lehergailuen hondakinak eta zenbait oinarrizko zerbitzuren gabezia, esaterako, ura, osasuna eta hezkuntza.

Siria osoan, osasunarekin zerikusia duten premiek sumina sortzen jarraitzen dute eta indarkeria areagotzeko arriskua dago, oso zaila baita arreta medikoa lortzea, zenbait arrazoi direla medio: osasun arloko instalazioak kaltetuta eta hondatuta daude, osasun arloko langile gutxi dago eta sartzeko murrizketak ezarri dituzte.

Aurreikusten denez, Siriako premia humanitarioak gero eta gehiago areagotuko dira 2019an. Biztanleen ehuneko handi batek laguntza humanitarioaren beharra izaten jarraituko du bizirik irauteko eta beren egoerak larriki okerrera egin ez dezan; izan ere, zenbatesten da 13 milioi pertsona daudela premia egoeran. Beraz, herrialdearen egoeran aldaketak egon diren arren, UNICEFen esku hartzeko estrategiak indarrean jarraitzen du 2019an, eta eskabide honekin zaurgarritasun bereziko egoeran dauden adingabe eta emakumeei elikaduraren arloan ematen diegun laguntza indartu nahi dugu, familiei elikagaien paketeak emanez. Laguntza Siriako ipar-ekialdean banatuko da.

Mundubat fundazioa

Proiektua: Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko ikasleentzako gosarien programa

Emandako laguntza: 40.000 euro

Proiektua Tindufen errefuxiatuta dauden sahararren bost kanpamentuetatik lautan gauzatuko da (Aaiun, Smara, Auserd eta Bojador).

Tindufeko kanpamentuetako saharar errefuxiatuek askotariko arazoak dituzte, eta horietako bat elikadurarekin lotuta dago. Azken urteotan, elikagaien laguntza murrizten joan da, bereziki, Europako krisi finantzarioa hasi zenetik. ACNUR erakundeak txosten bat egiten du, urtero, nutrizioari buruzko inkesta batetik abiatuta. 2016ko txostenean, datu hauek nabarmendu daitezke, besteak beste:

-           6 hilabete eta 5 urte artean dituzten adingabeen % 25ek desnutrizio kronikoa dauka.

-           Adin tarte horretako adingabeen % 38k anemia dauka.

-           6 hilabete eta 2 urte arteko adingabeen % 59k ez du burdin asko duen elikagairik jaten.

Egoera horri aurre egiteko, ikasleentzako gosarien programa diseinatu da; programa horren barruan, 2019-2020 ikasturtean, 24 haurtzaindegiri emango zaie arreta, haietara joaten diren 7.405 haurrei elikagaiak emanez, haur bakoitzari eguneko 215 kilokaloriako ekarpena egiteko, bost egunez astean. Elikagai hauek izango dira: gazta, arrautzak, marmelada, gurina, ogia, datilak, gailetak eta jogurta.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, nagusiki, elikagaiak erosiko dira, aipatutako programaren esparruan 24 haurtzaindegiren premiak asetzeko 6 astez, bost egunez astean. Gutxieneko higieneko produktuak ere erosiko dira, haurrek eskuak garbitu ditzaten elikagaiak jan aurretik eta, hala, ez daitezen gaixotasunak barreiatu. Hori osatzeko, sentikortze kanpaina bat egingo da, informazio triptikoak banatuz eta haurtzaindegietako higiene ohiturei buruzko inkesta bat gauzatuz. Azkenik, ikerlan berri bat egin nahi da 3 eta 6 urte arteko biztanleen nutrizio egoerari buruz, haurtzaindegietara joaten diren haurren anemia eta nutrizio mailaren bilakaera neurtzeko.

Alboan Fundazioa

Proiektua: Kolonbian eta Venezuelan behartutako migrazio egoeran dauden pertsonentzako arreta humanitario osoa

Laguntza: 40.000 euro

Proiektua Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko mugan gauzatuko da, hots, Venezuelako Apure estatuan eta Kolonbiako Arauca departamenduan.

Venezuelako krisi sozial eta ekonomiko larriaren ondorioz, 1.235.593 pertsona inguru joan dira Kolonbiara, bertan geratzeko asmotan, barne hartuta itzulitako kolonbiarrak, bertan geratzeko asmoa duten migratzaileak (erregularrak eta irregularrak) eta beste herrialde batzuetara doazenak. Azken urteotan, Venezuelatik Kolonbiarako migrazioa bereziki mugako eremuetan (Santander iparraldea, La Guajira eta Arauca), Bogotan eta Atlantikoko kostaldean pilatu da. Mugako departamenduen artean, Araucan dago migrazio irregularrik handiena, biztanleria osoaren % 9.7 baita. Venezuelarrak departamendu horretara heldu direnetik, arazo historikoak larriagotzen hasi dira, ez baitago gaitasunik zerbitzuen eskariari erantzuteko, batez ere osasun arloan.

Testuinguru horretan, proiektuaren helburua da bermatzea arrisku egoeran dauden biztanleek oinarrizko eta gutxieneko eskubideak erabiltzeko aukera izango dutela; horretarako, aholkularitza juridikoko, psikosozialeko eta larrialdiko laguntza humanitarioko zerbitzuetarako irismena hobetu behar da, ikuspegi diferentzialetik. Jarduera hauek aurreikusten dira:

-           Gaitasunak indartzeko bisitak egitea, bi nazioetako gune seguruen sareko buruei

-           Arreta juridikoa ematea bulegoko kasuei, bereziki aberrigabe izateko arriskua dutenei edo hiesa dutenei

-           Banakako eta/edo familiako laguntza psikosoziala ematea bulegoetan edo etxeetan

-     Taldeko laguntza psikosoziala ematea bizirik irauteko sexua erabiltzen dutenei edo horren arriskupean daudenei (LGBTI komunitatea barne)

Laguntza humanitarioak ematea hainbat gaitan: elikadura, osasuna, dokumentuak, garraioa etab.

Remar Gipuzkoa

Proiektua: Haiti ekintza, indar betez!

Laguntza: 12.000

Haitin 2010ean gertatutako lurrikararen ondoren, herrialdean zenbait ezbehar gertatu dira eta, ondorioz, herritarrek ezin dute belaunaldiz belaunaldi bizitzen ari diren pobrezia endemikotik irten. 2018ko udan, ekonomia krisi sakon batean sartu zen: ondasun eskasia eta inflazio handia zegoen. 2019 hasieran, Petrocaribe programaren eskandalua piztu zen. Venezuelak ematen duen laguntza bat da, petrolioa prezio oso onean emanez; alabaina, ministro ohi eta funtzionario askok etekina atera zuten horretatik legez kontra, Haitiko Kontuen Auzitegiaren arabera, 4.000 milioi dolar lortu baitzituzten. Informazio hori jakin zenean, liskarrak piztu ziren herrialde osoan, eta are gehiago larritu zen oinarrizko ondasunen horniduraren egoera, besteak beste, elikagaiei dagokienez.

REMAR erakundeak ia 15 urte daramatza herrialdean, herritar zaurgarrienei laguntza ematen. Proiektu honekin, elikagaiak emateko gaitasuna handiagotu nahi du. Zehazki, kanpamentu nagusi bat ezarri nahi du, arriskuan daudenei arreta emateko. Tokiko erakundearen lursail batean jarriko da eta jatetxe soziala eta oinarrizko osasun arreta emateko zentroa izango ditu. Egunero 822 janari errazio banatu nahi dira. Dirulaguntza  elikagaiak, sukaldeko tresnak eta sendagaiak erosteko erabiliko da.

Zaporeak

Proiektua: larrialdien arreta Lesbosen

Laguntza: 40.000 euro

Grezian, siriar errefuxiatuen krisia egoera larrian dago, herrialdeak Europaren, Asiaren eta Afrikaren artean duen kokagune estrategikoagatik. Bestalde, Lesbos uhartea Turkiako kostaldetik 16 km-ra dago eta bertan 10.000 errefuxiatu inguru daudela zenbatesten da. Errefuxiatuok zailtasun handiak dituzte uhartetik ateratzeko eta bertako jarduera ekonomiko nagusia, turismoa, kaltetzen dute. Errefuxiatu horietatik, 8.000 Moriako errefuxiatu gunean daude, 2.000 pertsonarentzat egokituta dagoen arren, eta gainerakoak gunearen inguruko kokaguneetan daude. Egoera oso larria da higieneari, osasunari eta elikadurari dagokienez, batez ere gaixo, ama ezkongabe eta bakarrik dauden adingabeentzat.

Egoera hori kontuan hartuta, proiektu honen xede da janari duinez osatutako 5.000 errazio ematea errefuxiatuei (2.500 haur, 1.500 emakume eta 1.000 gizon). Horrekin, bi emaitza lortu nahi dira:

-           Haur txikien dieta hobetzea, haien elikaduran esnekiak eta barazkiak sartuta

-      Haurdun dauden emakumeen eta alergiak edo elikadura intolerantziak dituzten gaixoen dieta hobetzea, premia bereziak dituztenentzako menu bereziak prestatuta (glutenik gabeko elikagaiak, bitaminak dituztenak, etab.)

Emigrad@s sin fonteras

Proiektua: oinarrizko dieta, osasun laguntza eta laguntza psikosoziala ematea Siriako herritarrei

Laguntza: 28.000 euro

Proiektua Al-Malikiyak azpibarrutiko (Hasaka gobernazioa) Tell Khanzir kanpamentuan (1.800 pertsona) egingo da.

Siriak zortzi urte daramatza gerran; ondorioz, 11 milioi pertsonatik gorak egin dute ihes herrialde barruko eta kanpoko indarkeriatik, eta 13 milioi pertsona baino gehiagok laguntza humanitarioa behar dute; aldiz, programa humanitarioetara bideratutako finantzaketa gutxitzen ari da eta laguntzaren banaketa geroz eta zailagoa da, etengabeko erasoak direla eta. Zehazki, kurduen herria estatu aitortu eta subiranorik gabeko munduko naziorik handienetako bat da, laugarren talde etniko handiena da Ekialde Hurbilean eta Sirian 1.7 pertsona biltzen ditu.

Egoera hori kontuan hartuta, proiektu honek oinarrizko dieta, osasun laguntza eta laguntza psikosoziala eman nahi die Alepo, Kobani, Malkia, Guta eta Afrin hirietatik etorri eta Al-Malikiyak azpibarrutiko (Hasaka gobernazioa) Tell Khanzir kanpamentuan dauden errefuxiatu kurduei (gizon, emakume eta haurrak). Horrekin, bi emaitza lortu nahi dira:

-           Siriako 50 familia kurdu errefuxiatuk elikadura arloko laguntza eta erregai hornidura jasoko dute 6 hilabeterako, eta janari banaketa bideoan eta argazkitan jasoko da.

-           Siriako 50 familia kurdu errefuxiatuk oinarrizko osasun laguntza eta laguntza psikosoziala jasoko dute: sendagaiak eta banakako, familiako eta taldeko balorazio psikologikoak eta psikoterapiak (12 saio, 20 pertsonako taldeentzat).

Gainera, proiektuko jarduera nagusien barruan, Siriako Kurdistaneko kurdu errefuxiatuen egoerari buruz sentikortzeko bi jardunaldi egitea aurreikusten da, proiektuaren hasieran eta amaieran.

SODEPAZ

Proiektua: osasun arreta ematea gaixoei larrialdietarako sailetan. Zisjordania

Laguntza: 40.000 euro

Proiektua Zisjordaniako A eta B eremuetan gauzatuko da, Palestinar Lurralde Okupatuetan, Ramallahko, Nabluseko eta Hebroneko HWC klinika guztietan.

Esan daiteke Palestinar Lurralde Okupatuetako gaur egungo egoera larrialdi egoera luzea dela, Israelgo gobernuak duela 40 urtetik lurraldean ezartzen duen okupazioaren ondoriozkoa. Alabaina, palestinarrak duela 70 urtetik ari dira sufritzen. Okupazioak Palestina ixten du eta, ondorioz, ekoizpen sektore guztiak kolapsatzen ari dira; hala, gaur egun, jarduera ekonomiko eta soziala ia erabat geldiarazi da.  Horrek guztiak bereziki eragiten dio osasun sistemari.

Egoera hori kontuan hartuta, proiektu honen helburua da pertsonarik zaurgarrienen tratamendua hobetzea, arreta berezia jarrita Ramallah, Hebron eta Nablus distrituetan eta landa-eremu behartsuenetan gaixotasun kronikoak dituzten emakumeetan (emakumeak, neskatoak eta adineko andreak). Horretarako, sei jarduera proposatzen ditu:

-           Aurrekontuak eskatzea enpresa hornitzaileei.

-           Prezio eta kalitate kualifikaturik hoberenak dituzten enpresak izendatzea.

-           Sendagaiak erostea.

            Klinika mugikorrak hornitzen dituzten HWC kliniketara eramatea sendagaiak.

-           Sendagaiak banatzea, horiek esleitzeko baldintzak betetzen dituzten pazienteei.

-      Amaierako txostena egitea, helburuei, emaitzei eta jarduerei dagokienez lortutako emaitzak jasotzeko.

 

  

1839