Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lau egoitza gehiago gelditu dira COVID-19rik gabe, eta dagoeneko 348 dira sendatutako pertsonak

Lau egoitza gehiago gelditu dira COVID-19rik gabe, eta dagoeneko 348 dira sendatutako pertsonak

Foru Aldundiak datozen egunetan osatuko du gizarte zerbitzuen Konfinamendua Arintzeko Plana, hainbat eragileren ekarpenekin.

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako egoitza sarearen egoeraren inguruko eguneroko balantzea egin du, 65 zentroz eta 5.425 plazaz osatuta dagoena, eta jakinarazi du lau egoitza zentro gehiago geratu direla Covid-19rik gabe: Donostiako La Paz eta Aita Etxe, Eibarko Egogain eta Zarauzko Santa Ana. Beraz, jada bederatzi dira birusa atzean utzi duten zentroak eta zazpi dira egun Covid-19 kasu aktiboak dituzten egoitzak. Gainera, azken orduetan, eta hirugarren egunez jarraian, ez da kutsatze berririk ezta heriotzarik ere atzeman lurraldeko egoitzetan, eta bederatzi lagunek gehiagok gainditu dute gaixotasuna.

          Azken orduetan mediku alta jaso duten pertsonak bizi dira Arrasateko Iturbiden (1), Donostiako Berra (1), La Paz (1) eta Aita Etxen (1), Eibarko Egogainen (4) eta Zarauzko Santa Anan (1). Gaur arte, 348 adineko pertsonek gainditu dute gaixotasuna, 167 zendu dira eta 43k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin, hurrenez hurren, %62,4a, %29,9a eta %7,7a. Positiborekin dauden 43 lagunetatik, bakarra da Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan ingresatuta dagoena eta sei daude ospitaleratuta.

Konfinamendua Arintzeko Plana

Gipuzkoako egoitzetako egoeraren bilakaera “oso positiboki” baloratzeaz eta egoitzetako ekipo profesionalen eta osasun langileen lana “biziki” eskertzeaz gain, bozeramaileak iragarri du, Gizarte Politiketako Departamentua lanean ari dela gizarte zerbitzuen arloko Konfinamendua Arintzeko Plana diseinatzen. Birusari aurre hartzeko neurriak ere modu planifikatuan txertatu zirenez plan baten baitan, beharrezkoa ikusi da “normaltasun berrira” igarotzeko bidea ere beste plan baten bidez egitea, eta lehentasunezko helburutzat dauka “foru eskumeneko zerbitzuen prestazioa pixkanaka berreskuratuko dela bermatzea, modu koordinatu, antolatu, koherente eta prebentiboan, erreferentzia gisa harturik zerbitzuak eskuratzeko bermea, eskubide unibertsal gisa, eta osasun publikoaren babesa”.

          Mendozak gogorarazi duenez, Konfinamendua Arintzeko Plana osatzeko, eta aurkeztu aurretik, datozen egunetan, Gizarte Politikako Departamentuko foru ordezkari eta teknikariak hainbat ordezkarirekin bilduko dira: hirugarren sektore sozialeko eragile eta entitateekin, egoitzen eta eguneko zentroen ardura duten lantaldeekin, senitartekoekin, sindikatuekin, udalekin, eta Batzar Nagusietako taldeekin. Helburua da Planaren kontraste fasean sakontzea eta haien ekarpenak jasotzea “garrantzi handikoak baitira konfinamendua arintzen aurrera egin ahal izateko, horrek eskatzen dituen berme eta segurtasun neurri guztiekin”.

          Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “lehentasun osoa” da osasun krisiaren ondorioekiko zaurgarrienak diren kolektiboen osasuna babestea. Horregatik, Konfinamendua Arintzeko Planak, epe ertainean jarduteko epemuga duenak, bermatu nahi du zerbitzuak eskuratuko direla, eskubide unibertsal gisa eta jarduteko oinarrizko printzipio gisa, lehentasuna emanez pertsona guztien osasunari eta segurtasunari, beste edozein faktoreren gainetik. Gainera, Eider Mendozak hau gaineratu du: “Etengabeko koordinazioan eta komunikazioan jarraitzen dugu agintaritza sanitarioekin, ezarritako segurtasun eta higiene neurri orokorrak onartzearren, eta, aldi berean, faseetan edozein aurrerapen berrikusteko aukera jasotzearren”.

  

1499