Legealdiaren balantzea eta azken urte honetako erronkak
Legealdiaren balantzea eta azken urte honetako erronkak
Bizikidetzaren hobekuntza eta itunaren kultura aipagarriak dira.
Denis Itxaso: “Gipuzkoarentzat Kataluniako prozesua nahi izatea arduragabekeria bat da. Ezagutzen ditugu enfrentamenduen ondorioak, eta ez dugu inoiz parte hartuko herrialdea desegitea eta Gipuzkoa kale itsu batera eramatea eragingo duen proiektu batean”.
Marisol Garmendia: “Sozialistek lehenengo mailan jarri dugu Gipuzkoako arazoen konponketa eta pertsonen ongizatea”.
José Ignacio Asensio: “Hondakinen arazoa konpontzea funtsezkoa da Gipuzkoak aurre egiteko benetako ingurumen erronkari, klima aldaketari hain zuzen ere”.
Foru Aldundiko hiru diputatu sozialistek legealdiaren hiru urteen balantzea egin dute hedabideen aurrean, eta azken urte honetan izango dituzten erronkak aurreratu dituzte. Denis Itxaso diputatu nagusiordeak bizikidetzaren hobekuntza eta itunaren kultura aipatu ditu sozialistek foru gobernuari egindako ekarpen nagusi gisa. “Duela hiru urte, EH-Bilduren gobernuarekin, liskarra zen nagusi Gipuzkoan, lurraldeko funtsezko proiektuak geldituta zeuden eta etorkizun ekonomikoa gero eta ilunagoa zen”. “Hiru urte hauetan, normalizazio prozesu bat egon da, non desberdinen arteko adostasuna eta itunaren kultura finkatu egin diren eta eguneroko bizitzaren zati bihurtu diren”. Itxasoren ustez, hori izan da sozialistek Foru Aldundian egindako ekarpen nagusia “normaltasun hori, diferentearekiko errespetua eta guztien arteko bizikidetza, ezinezkoa litzateke gure ekarpenik gabe; herritarrek badakite hori eta eskertu egiten dute”.
Kultura diputatuak azpimarratu du Gipuzkoaren etorkizuna, neurri handi batean, guztiok elkarrekin bizi ahal izatearen baitan dagoela, errespetuz, aniztasuna onartuz eta inposiziorik gabe. Hiru diputatu sozialistek legealdiaren azken urteko helburu gisa ezarri dute behin betiko zehaztuta uztea 2020ko Gipuzkoaren ongizatea eta elkarbizitza bermatuko dituzten proiektuak. “Uste sendo horrek eraman gaitu balioekin zerikusia duen guztian arreta berezia jartzera, Kultura, Mugikortasun eta Ingurumen departamentuetatik bultzatutako politiketan. Agenda aurreratu eta sozialdemokrata bat proposatzen dugu Gipuzkoarentzat, Europa iparraldeko herrialdeetan ezartzen direnekin bat datorrena, eta erronkatzat duena pertsona guztien berdintasuna eta ingurumenarekiko errespetua”. Kulturaren alorrean, politika horiek zehaztu dira ondorengo ekimen hauek bultzatuz: emakumeen berdintasuna kirolean, biktimekiko eta bizikidetza politikekiko sentsibilizazioa, migratzaileekiko elkartasuna eta turismo orekatuago baten aldeko apustua.
Era berean, Itxasok aipatu ditu Kataluniako auzia eta Markel Olano diputatu nagusiak egindako adierazpenak, non esaten zuen Kataluniaren inbidia zuela eta defendatzen zuen Euskadik ere bide bera egitea. “Ez da zentzuzkoa, ihes egin duten enpresen ondorioz pobretutako herrialde bat eta gizarte zatituagoa bat utzi duen prozesuaren inbidia izatea. Gipuzkoan eta Euskadi osoan ondo baino hobeto ezagutzen dugu enfrentamenduaren eta adostasun ezaren emaitza. Herrialdea eraiki ordez, Katalunia da herrialdea desegitearen antzekoena. Gipuzkoar gehienek oso fresko dute oroitzapen hori, eta ez dute ezer entzun nahi proces bezalako esperimentuez”. Kataluniako auziaren aipamenarekin amaitzeko, hauxe esan du Itxasok “ez dugu inoiz parte hartuko Gipuzkoa kale itsu batera eramango duen Kataluniakoa bezalako proiektu batean”.
Pertsonen ongizaterako proiektuak
Marisol Garmendiak, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, aipatu ditu departamentu sozialistek legealdiaren hasieran topatu zituzten azaroak, “herritarren eguneroko bizitzari eta ongizateari eragiten dieten arazoak; hala nola hondakinak, garraio publikoa…” Geldituta zeuden proiektuei heldu behar izan zitzaien berriz, lau urtez abandonatuta egon ondoren, onartutako arauak eta gipuzkoarren beharrak bazter utzita. “Egoera hori birbideratzea izan da sozialistek Foru Aldundian egindako lanaren ahalegin nagusia, Lurraldebuseko zerbitzuak indartuz, metroko pasantea bultzatuz, Mugi txartela hedatuz eta zabalduz, edo hondakinen azpiegiturak eraikitzea eta abian jartzea bultzatuz”. Garmendiak gogorarazi du pertsonen ongizatea, beren eguneroko bizitza, horrelako proiektuen mende dagoela, eta politikarien betebeharra dela bide horretan aurrera egitea «jendeari dituenak baino arazo gehiago sortu gabe, Katalunian gertatu den bezala”.
Legealdiaren amaierari begira, Mugikortasuneko diputatuak adierazi du garrantzitsua dela aurrera egitea eta hasitako proiektuak behin betiko zehaztea.
Agenda berdea Gipuzkoarentzat
Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak iragarri du Gipuzkoako Ingurumen Guneko lanak bukatuta egongo direla legealdiaren amaieran, “horri esker Gipuzkoak gainditu ahal izango du herritarren irudia zikintzen zuen arazo bat, gipuzkoarrak baitira Estatu osoan gehien birziklatzen dutenak”. “Europako herrialde garatuenen ereduak eta sistemak erabiliz hondakinen arazoa konpontzeak aukera emango dio Gipuzkoari Europako agenda berdeari ekiteko eta gatazka hau behin betiko gainditzeko”. Zentzu horretan, Asensiok adierazi du Gipuzkoaren benetako erronka dela klima aldaketaren aurka borrokatzea eta energia berriztagarriak bultzatzea. Bi gai horiek erronkak planteatzen dituzte, baina baita aukera handiak ere ekonomia berdea finkatzeko, 2030. urtea baino lehen 10.000 enplegura iris litekeena. Ingurumen Departamentua lanean ari da Gipuzkoarentzako agenda berde horretan, Klima Aldaketaren Fundazioarekin batera, zeina urte amaiera aurretik lehen urratsak egiten hasiko baita, eta Birziklatze Klusterrarekin batera, zeinetan biltzen baitira Gipuzkoako berrogeita hamar enpresa ekonomia zirkularra bultzatzeko, lurraldearen aberastasun iturri berri gisa.
1484