Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Lehen pandemia urteak gizarteko maila ahulenei eragin die

Lehen pandemia urteak gizarteko maila ahulenei eragin die

2020ko energia-pobreziaren datuen arabera, energia-pobreziaren lerroa jaitsi egin da Gipuzkoan, baina handitu egin da diru-sarreren aldean energia-gastu handiegia duten etxeen kopurua.

2022/02/18
Foto Lehen pandemia urteak...

2020an, Gipuzkoako sei etxetatik bat, Gipuzkoako etxeen %15, egoera horretan zeuden.

José Ignacio Asensio: “Energia oinarrizko ondasuna, eta orain politika guztiak azkartzeko unea da, trantsizio energetikoa bidezkoa eta inklusiboa izan dadin eta gipuzkoar guztion bizi-kalitatea bermatzeko.”

“Familiei irmoki laguntzen jarraituko dugu, energia komunitateen bitartez, energia-faktura murrizteko eta autokontsumoaren aukera emateko”.

José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Mónica Pedreira Ingurumen zuzendariak Gipuzkoako 2020ko Pobrezia Energetikoari buruzko Azterlana aurkeztu dute. Azterlanak informazioa ematen du Gipuzkoan Energia Pobreziaren Europako Behatokiaren esparruan 2018., 2019. eta 2020. urteetarako proposatutako lau adierazleek duten lehentasunari buruz. Alde batetik, energia-gastuan oinarritutako bi adierazle objektibo, diru-sarreren gehiegizko gastua eta ohiz kanpoko energia-kontsumo txikia, hain zuzen; eta, bestetik, beste bi adierazle, etxeko kideen pertzepzioetan oinarrituak: etxebizitza neguan tenperatura egokian mantentzeko ezintasuna eta horniduren fakturak ordaintzeko atzerapenak.

Ondorio nagusi gisa, José Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuak nabarmendu duenez, “pandemiak eragin zuzena izan du gizarteko maila ahulenetan, eta horrek areagotu egin ditu familien oinarrizko beharrak asetzeko zailtasun ekonomikoak”. Zenbaki absolutuetan, energiaren batez besteko gastua % 4,5 murriztu da, 1.227 €-tik 1.171 €-ra, baita energia-pobreziaren lerroa ere, % 8,8tik % 7,6ra jaitsi da eta.  Hala ere, diru-sarreren arabera gehiegizko gastua egiten duten etxeen kopurua 2,4 puntu igo da, etxebizitzen % 12,7tik % 15,1era. Horrek adierazten du gizarte-maila ahulenei bereziki eragin diela pandemiak; izan ere, pandemiak  murriztu egin du haien diru-sarreren maila, eta energia-gastua diru-sarreren ehuneko handiagoa izatea eragin du, eta zaurgarritasun handiagoko egoeran jarri ditu.

Egoera horren aurrean, foru diputatuak azpimarratu du premiazkoa dela energia-trantsizioaren palanka guztiak aktibatzea, behar handienak dituzten biztanleei laguntzeko eta Gipuzkoako sei etxebizitzatik bati eragiten dion energia-pobreziari aurre egiteko: “Energia oinarrizko ondasuna, eta orain politika guztiak azkartzeko unea da, trantsizio energetikoa bidezkoa eta inklusiboa izan dadin, gipuzkoar guztion bizi-kalitatea bermatzeko”

Bestalde, ohiz kanpoko energia-kontsumo baxuaren arabera, Gipuzkoan, 2020an, egoera horretan ia 18.100 etxebizitza (% 6,2) eta 48.400 pertsona (% 6,9) zeuden. Adierazlea ezkutuko pobrezia-egoeran dauden etxeak identifikatzera bideratzen bada ere, hau da, energia-fakturari aurre egin ezin diotelako ohikoa  baino askoz gutxiago kontsumitu behar duten etxeak identifikatzera, esan daiteke kontsumo-maila murriztuek ere izan ditzaketela ordezko azalpenak: adibidez, energia-eraginkortasunaren maila handiagoari buruzkoak. Izan ere, ohiz kanpoko gastu txikia duten etxeen % 30 diru-sarreren banaketaren zati altukoak dira, hau da, diru-sarrera nahiko handiak dituzten etxeak.

Adierazle subjektiboei dagokienez, etxebizitzari tenperatura egokian eutsi ahal izan dioten etxeen pertzepzioa hobetzen du. Zehazki, jaitsi egin da etxebizitzei ezin eutsi zieten etxeen pertzepzioa, % 9,4tik % 7,8ra. (22.839 etxe Gipuzkoan, 2020an hotza pasatu zela ziurtatu zutenak).

Ildo horretatik, foru diputatuak gogorarazi du Ingurumen Departamentua Gipuzkoako herritarrei eragiten dien pobrezia energetikoari aurre egiteko ekintzak egiten ari dela. Ekintza horiek 2050 Energia Jasangarritasunaren Estrategiaren barruan daude.

2022an, dagoeneko zortzi udalerrik dituzte Gipuzkoan energia-komunitateak edo -kooperatibak, energiaren demokratizazioaren eta autokontsumoaren aldeko energia-eredu berriak. Aurten herri gehiago sartuko direla aurreikusten da, herritarrei onura asko ekartzen dizkien energia-eredu horren alde eginez. Aurreikuspenen arabera, martxan dauden 8 komunitate eta kooperatibekin, 2.500 etxe eta denda txikik izango dute autokontsumoaren onura, eta horrek, oro har, % 20-30eko murrizketa ekarriko die energia-fakturan. “Energia oinarrizko ondasuna da, eta Gipuzkoan bultzatzen ari garen energia-trantsizioak, garbia izateaz gain, bidezkoa izan behar du. Bultzatzen ari garen energia-eredu berriei esker, herritarrak ahalduntzen ditugu, beren energia sortzeko eta kontsumitzeko gaitasuna baitute, eta nabarmen murriztuko baitute beren fakturaren prezioa”, adierazi du Asensiok.

Foru diputatuak gaineratu duenez, “orain inoiz baino gehiago, argiaren fakturaren igoeren aurrean, oso garrantzitsua da herritarrek energiaren prezioaren gorabeherak arintzeko behar dituzten tresnak prestatzea, informatzea eta hornitzea”. Gogoan izan behar da, halaber, komunitate horietako askotan, hala nola Zumarragan, energetikoki ahulenak diren pertsonen beharrak betetzeko plaka kopuru bat erreserbatuko dela.

  

502