Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lehen sektorea babesteko Erreskate Plana martxan da

Lehen sektorea babesteko Erreskate Plana martxan da

1,1 milioi euro bideratuko ditu COVID-19aren krisiak gehien kaltetutako azpisektoreak bultzatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko lehen sektorea babesteko Erreskate Plana onartu du dagoeneko. COVID-19a dela-eta, kalterik gehien jasan duten azpisektoreek laguntza zuzenak jasoko dituzte horren bitartez, 1.100.000 euroko aurrekontuarekin. Hain zuzen ere, Plan horren onuradun izan daitezke honako jarduerak: artzaintza, sagardoa, txakolina, nekazalturismoa, lore mozketa eta zezenketetan aritzen diren ustialekuak: “Helburua da orekatzea azpisektore hauetako ustiategi askok jasan dezaketen errentagarritasun egoera, haien jarraikortasuna erraztuz, eta, horrekin batera, ekarpena eginez Gipuzkoako landa inguruneko jarduera ekonomikoari, enpleguari, eta biziberritzeari”, adierazi du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak. 

          Krisiaren inpaktua lehen sektorean askotarikoa izan da, azpisektore batzuek jarduerari eutsi ahal izan diotelako -bereziki, premia biziko elikagaiak hornitzera bideratutakoa-, eta beste batzuek, berriz, alarma egoerarekin batera etorritako geldialdi ekonomikoak eta eskari-krisiak “zuzenean” eragin dietelako, Diputatuak azaldutakoaren arabera. Horien artean daude aipatutakoak. “Laguntza jasoko duten jarduera hauetan, eragina oso nabarmena izan da, eta galera ekonomiko argiak pairatu dituzte autonomoek zein enpresa txikiek. Plan berri honekin, ustiapen horien biziraupena erraztu nahi dugu, krisialdi honek argi eta garbi erakutsi baitigu nolako garrantzia duen lehen sektore indartsu bat edukitzeak”.

Oinarri guztiak laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Deialdiaren informazioa eta eskaera orri normalizatua eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren Landa Garapeneko web orrian: www.gipuzkoa.eus/eu/web/landagarapena/laguntzak. Eskaerak aurkeztu ahal izango dira: erregistro elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus/es/registro) pertsona juridiko guztiek, bai eta horretarako identifikazio elektronikorako bitartekoak dituzten pertsona fisikoek ere; Departamentuko Erregistroan, eta ustiategiari dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan,

 Artzaintzaren azpisektoreari dagokionez, zuzeneko laguntzak jasotzeko baldintzak honakoak dira: Nekazaritza ogibide nagusi izatea (ATP), 100 ardi edo 40 ahuntz baino gehiago izatea 2020ko Urteko Derrigorrezko Deklarazioan. Dirulaguntzei dagokienez 8 euro ardiko eta 12 euro ahuntzeko jasoko du artzain bakoitzak. Sagardoaren sektorea kaltetuena izan den beste sektoreetako bat da. Kasu honetan Aldundiko zuzeneko laguntza jaso ahal izateko nahitaezkoa izango da EAEko Nekazal eta Elikagai Industriako erregistroan izena emanda egotea, ‘Sagardo elaboratzaile’ jardueran. Dirulaguntzari dagokionez, sagardogile bakoitzari 2.000 euroko kopuru finkoa emango zaio eta kopuru finko horrek honako gehigarria izango du: Euskal Sagardoa Jatorri izendapenera zuzentzen den sagar kilo bakoitzeko 0,05 euro.

Nekazalturismoek ere jasoko dute zuzeneko laguntza hau eta baldintza bakarra gutxienez 0,4 Nekazaritzako Lan Unitate (UTA) izatea da. Nekazalturismo bakoitzak 1.500 euroko dirulaguntza jasoko du eta kopuru horri UTA bakoitzeko 1.000 euroko gehigarria erantsiko zaio.

Txakolinaren sektorea da COVID-19a dela-eta kaltetuena izan den beste azpisektoreetako bat. Kasu honetan, Getariako Txakolina Jatorri Izendapenean izena emandako txakolingilea izatea da baldintza bakarra eta ustialekuko 2.000 euroko kopuru finkoa jasoko dute. Kopuru finko horrek honako gehigarria izango du: Getariako Txakolina Jatorri izendapenera zuzendutako mahastiko hektarea bakoitzeko 250 euro (Ekoizpen Aitorpeneko datua). Loreen eta baratza mintegien zuzeneko laguntza jasotzeko baldintza Nekazaritza ogibide nagusi izatea (ATP) edo lore ekoizlea izatea da. Ustialeku bakoitzak 750 euroko laguntza jasoko du eta kopuru finko horrek ekoizpenera bideratutako metro karratuko 0,75 euroko gehigarria izango du.

Azken eta seigarren azpisektorea zezenketetan aritzen diren ustialekuak dira. Kasu honetan baldintza 2019ko Errenta Aitorpenean baserritik eta zezen espektakuloetatik lortzen dituen diru sarreren kopurua bestelako jardueretatik lortzen duena baino altuagoa izatea da. Ganaduzaleak sei hilabete baino gehiagoko abelburu bakoitzeko 50 euroko laguntza jasoko du; hori bai, dirulaguntzak inoiz ezingo du gainditu 2019ko errenta Aitorpenean zezen erakustaldietatik lortu dituen diru sarreren kopurua. Azpisektore guztien kasuan gehiengo dirulaguntza 7.500 euro izango da.

“Funtsezko jarduera”

Foru erakundeak lehen sektorearen jarduerari eusteko martxan jarritako Krisiaren aurkako Planaren barruan kokatzen da Erreskate Plana. Egitasmo orokor horren bidez, departamentuko partida ekonomikoak eta programak berregokitu dira, aurrekontu kopuruari eutsita, pandemiak eragindako beharrei erantzuteko asmoarekin. Guztira 15,5 milioi euro bideratuko ditu Aldundiak, ondorengo hiru helburuekin: jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea, kalterik gehien jasan duten azpisektoreei laguntzea eta lurralde orekari eustea. Gaur iragarritako Erreskate Planaz gain, hainbat ekintza aurreikusten dira jarduera berregituratzeko eta bibertsifikatzeko, pandemiaren ondorengo egoera berrira egokitzera zuzenduak. Irailetik aurrera emango da horien berri.

          Diputatuak azpimarratu duenez, egungo krisiak agerian utzi du lehen sektorearen jarduera “funtsezkoa” da gure etorkizunerako. "Gizartea jabetu da zeinen garrantzitsua den lehen sektore indartsu bat izatea, gai dena osasun eta kalitate berme guztiekin premia-premiazko produktuak eta lehengaiak emateko, eta gure elikagai hornidurak eta km 0 produktuen kontsumoa bermatzeko; edo klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko. Ezin dugu ahaztu jarduerak Gipuzkoako azaleraren % 90 hartzen duela, eta, beraz, berebiziko garrantzia duela lurraldearen kontserbazioaren, egituraketaren, kudeaketaren, eta orekaren ikuspegitik. Kontzientzia hartze hori aprobetxatu behar dugu lehen sektoreak COVID-19a iritsi aurretik zeuzkan erronka nabarmenei gizarte bezala erantzuteko", amaitu du.

  

1686