Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Europa Biziz” bidaia-koadernoa bizitzarako gonbidapena da eta oda bat kultura-aniztasunari

“Europa Biziz” bidaia-koadernoa bizitzarako gonbidapena da eta oda bat kultura-aniztasunari

Bicibizi Festaren barruan Daniel Burguiren EUROPA BIZIZ! liburua aurkeztu da.

2017/05/26

Aniztasunaren bitakora. Liburu hau 2016ko udan zehar kontinenteko giza eta kultura-aniztasuna erregistratuz Europa bizikletaz zeharkatu zuten bost BIZIZ espedizio eta enbaxaden ondare fisikoa da. BIZIZ enbaxadak DONOSTIA 2016 Kultura Hiriburutzak diseinatu zituen haien ibilbideetan Europako bizitasuna erregistra zezaten. Aurkezpenean egilea, Daniel Burgui, izan da, Kultura diputatu Denis Itxasok eta Donostia 2016ko Xabier Payak lagunduta.

Esperientzia haren emaitza eta lekuko dokumental gisa ‘EUROPA BIZIZ!’ bidaia-liburua jaio da. Enbaxada mugikor horiek osatu zituzten komunikatzaileek bizi izandako esperientzia eta egindako behaketen azalpen ordenatu bat da; baina baita haiekin lotutako istorio eta material berri eta argitaragabeena ere. Egileek edo haien bidaideek egindako mapa, irudi eta argazkiekin, edo obra honetarako prestatutako beste berri batzuekin batera.

Liburu hau, doakoa eta irabazi-asmorik gabea, Creative Commons lizentziapean prestatu da. Horrela, Interneten eskuragarri egoteaz gain, liburutegi eta kultura-etxeetan banatuko da. Liburuak 400 orrialde ditu koloretan, gaztelaniaz eta euskaraz, mapa irudiztatuak, argazkiak eta bizitzarako gonbidapena izan nahi duten 30 istorio on.  Daniel Burgui Iguzkiza kazetariak editatu eta koordinatu du; eta Julen Gabiria idazleak, euskarazko bertsioan. 

Bizitzaren Itsasargia

Biziz Bizitzaren Itsasargiaren enbaxada anizkuna izan zen, bost espediziok bizikleta gainean osatua, eta 2016ko udan, Europa zeharkatu zuten beste horrenbeste ibilbide tematikotan. Bakoitzak 3.000 kilometrotan eragin zieten pedalei, guztira 15.000 kilometro, eta 19 muga pasatu zituzten. Misioak kontinenteko geografia fisiko eta giza geografia aberatsa erregistratzeko diseinatu ziren, eta ekainean ekin zioten beren bidaiari bakoitzak hiri europar batetik: Las Palmas, Copenhague, Constanza, Atenas eta Kaliningrado izan ziren, hurrenez hurren, arkitekturari, biodibertsitateari, erkidegoei, gastronomiari eta sexualitateari eskainitako ibilbideen abiapuntu.

Bost komunikatzaile hautatu ziren deialdi irekian: Aitor Deza, Julen Nafarrate, Antxon Arza, Daniel Burgui eta Rubén Olveira. Ibilbide bakoitzean zehar, eta bizitegi ibiltari gisa, espedizio bakoitzak bere bidean aurkitu zituen bizimodu eta ohituren kontakizuna prestatu zuten.

Bost espedizioek egin zituzten ibilbideak halako moduz diseinatu ziren, non ibilbide bakoitzaren gaiei lotutako hiriak bisitatzeaz gain, bisitatuko zituzten, baita ere, Donostiarekin senidetutako herriak (Plymouth, Trento, Wiesbaden), Europako Kultura Hiriburua 2016ko finalista izan ziren hiri espainiarrak (Burgos, Kordoba, Kanaria Handiko Las Palmas eta Zaragoza), eta Europako Kultura Hiriburu izan diren edo izango diren hogeiren bat hiri europar.

Abentura irailaren 18an amaitu zen, pedalei eraginez 15.000 kilometro inguru egin eta 19 herrialdetan aztarna utzi ondoren, bost espedizioek Donostian, beren bidaien azken helmugan, bat egin zutenean.

Bidaia-koadernoa

Liburuaren aurkezpenean, haren egile Daniel Burguik bere lanaren edukiaren xehetasunak eman ditu.

Liburu eklektikoa da, barnean hartzen dituena 14 sukaldaritza-errezeta zaporetsu, adobezko adreilu bat nola fabrikatu, zure hiria hobetzen duten 20 proposamen, nola izan sexua zahartxo zaudenean, nola eman eskerrak 88 hizkuntzatan edo muga arteko bidaia klandestino batean bizirauteko argibide batzuk.

Sei kapitulu ingururen (horietako bat bizikletari eskainia) eta 30 istorioren bidez (Itsaso Beltzetik Kantauriraino eta Kanarietatik Kaliningradoraino zabaltzen direnak), gonbidapen bat prestatzen da bizitzarako, kontinente hau bizitzeko kulturak eta moduak aurkitzeko, desberdinen arteko bizikidetzarako, bidaiaren bidez ikasteko.

Kontinente osoan zehar beren erkidegoa hobetzeko, beren ingurunea zaintzeko, tabuak hausteko, beren auzoa zaintzeko edo ondarearen zaindari izateko goizero jaikitzen diren emakume eta gizonen lekukotza irudiztatzen duen liburua da. Gehienetan erakundeak, gobernuak eta banderak alde batera utzita. Musikariak, artistak, emakume iraultzaileak, hizkuntza galduetako poetak, etxekoandreak, klima-aldaketaren aurka borrokatzen diren emakume zientzialariak, emakume ijito enpresaburuak, landa-arkitektoak, andre zahar okupak edo astronomo amateurrak, ahuntzain zaharrak eta neska gazte sortzaileak.

‘Europa Biziz! Aniztasunaren bitakora’ bizitzarako erabilera-eskuliburu dibertigarri bat da. Maitatzea, jatea, ospatzea, lo egitea, bizitzea, festa egitea, sinestea, sortzea, eraikitzea eta zaintzeari buruzko kontakizun bat da hau. Guri, emakumeoi, gizonoi buruzko liburua da hau. Europako aniztasunari buruzkoa.

  

1415