Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Loreak filmaren lan taldeari aitortza instituzionala

Loreak filmaren lan taldeari aitortza instituzionala

Gobernu Kontseiluan, departamentu ezberdinen bitartez, pelikularen ekoizleei 40.000 euroko diru-laguntza ematea adostu zela jakinarazi dute

2015/12/26
Loreak Filma

Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Loreak'eko lan taldeari babesa, esker ona eta aitortza instituzionala egin dizkio. Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendutako pelikula Oskar sarietarako hautatua izan zen ingelesez besteko hizkuntza batean egindako filmen atalean. Tamalez, pasa den astean Arte eta Zine Akademiak bederatzi pelikulen aurre-aukeraketatik kanpo geratu dela jakinarazi zuen. Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletarako foru diputatua, Denis Itxaso, eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatua, Imanol Lasa, filmaren ekoizpenaren arduradunarekin, Iñigo Obesorekin, agertu dira gaur Donostian.

Bertan, pelikularen ekarpena aldarrikatu dute, nahiz eta Oskarretako lehiatik kanpo geratu den. Horrela, "aurrekaririk gabeko arrakastatzat" jo dute proiektuaren ibilbidea eta "gure kultura industriarentzako, zinema arlokoarentzat bereziki, suspergarri" dela esan dute. "Horregatik babesa eta sostengua adierazten jarraitu behar diogu", adierazi dute. Zentzu honetan, pasa den astearteko Gobernu Kontseiluan, departamentu ezberdinen bitartez, pelikularen ekoizleei 40.000 euroko diru-laguntza ematea adostu zela jakinarazi dute. Diruak Oskar sarietarako kanpainan ‘Loreak'ek Estatu Batuetan izan dituen promozio, komunikazio eta publizitate gastuen finantzaketa du xede.

Erabakiaren helburua Oskarretako lehia konplexu eta zailean ahalik eta baldintza onenean lehiatzea zen. Horretarako, ‘Loreak'eko bultzatzaileak, beste hainbat jardueren artean, zine emanaldiak antolatzen, promozioa ekimenak sustatzen eta prentsan iragarkiak txertatzen ibili dira azken hilabeteetan Estatu Batuetan, honek eragindako gastuei euren kabuz aurre eginez. Testuinguru honetan erabaki zuen Foru Aldundiak babes ekonomikoa eskaintzea.

  

2257