Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldebusek 100.000 bidaiari gehiago izan ditu Tolosaldean iaz

Lurraldebusek 100.000 bidaiari gehiago izan ditu Tolosaldean iaz

Erantzun nahi zaie Tolosaldea eskualdeko behar geografikoei eta barreiatutako biztanleei; horretarako, autobusez gain, mikrobusak eta eskaeraren araberako taxi zerbitzuak erabili dira, inguruko biztanle guztiei zerbitzua eskaintzeko.

2016/03/01
Marisol Garmendia ofreciendo los datos de Tolosaldea

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzuak 103.203 bidaiari gehiago izan ditu, 2014an 113.387 izatetik 2015ean 216.590 izatera igaro baita.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 2014ko abenduaren 22an jarri zuen abian Lurraldebusen garraio publikoko zerbitzu berria Tolosaldea eskualdean. Horretarako, 7 autobus eta 2 mikrobus baliatu dira, eskualdeko bertako 9 taxiren lankidetzaz gain.

 

Legealdi honetan, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiaren erronka da eskualde honetako beharrak «modu eraginkorragoan» eskaintzea; hala, linea erregularrak konbinatu egiten dira eskaeraren araberako geldialdiekin (aurrez eskatu behar dira), eta, biztanleria barreiatuagoko eremuetan, eskaeraren araberako zerbitzua bakarrik erabiltzen da, zerbitzu jasangarriago bat lortzearren. Eskualderako estrategian hiru gune osagarri hartu dira kontuan, Tolosa, Villabona eta Alegia, leku horietan Tolosa-Donostia linea erregularra edo trena hartu baitaiteke.

 

Diputatuaren arabera, Tolosaldearen ezaugarri geografikoek ahalegin bat eskatzen digute, bidaiari gutxi dituzten zenbait herritara iristeko; horregatik, autobus batzuk ez ezik, mikrobus zerbitzu bat ere badugu; gainera, lehen urte honetan, eskaeraren araberako 3.880 zerbitzu egin dira ordutegi finkoan, non erabili diren Aldundiak kontratatutako taxiak.

 

Eskaeraren araberako zerbitzu horri buruz, Garmendiak adierazi du inguru oso berezi batez ari garela hitz egiten, non biztanleria oso barreiatuta dagoen eta non ezin ditugun  erabili autobus erregularren zerbitzuen gisako ohiko irtenbideak; horregatik, mugikortasun eskaera txikiko kasuetan –herri batzuetan eta inguru txikiagoetan gertatzen den bezala–, eskaeraren araberako ordutegi finkoko zerbitzuetara jo dugu, edozein biztanleren joan-etorri beharrak asetzeko moduko sistema bat lortu ahal izateko, gure baliabideak modu eraginkorrago batean erabilita.

 

Tolosaldeko zerbitzua handitzea

 

Aurrekoarekin lotuta, Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eskainitako zerbitzuak harrera ona izan du Tolosaldeko herritarren aldetik, linea horiek 100.000 bidaiari gehiagok erabili baitituzte urte bakar batean: 2014an 113.387 bidaiarik erabili zituzten, eta 2015ean, berriz, 216.590 bidaiarik erabili dituzte Lurraldebusek eskualdean eskaintzen dituen zerbitzuak.

 

Autobus lineek 220.272 kilometro egin zituzten 2014an, eta 518.160 kilometro, berriz, 2015ean; hala, eskaintza ia 300.000 kilometro handitu da, hau da, lehenago eskaintzen zirenen aldean, bi aldiz baino gehiago.

 

Nahiz eta bidaiari kopurua modu nabarmenean handitu, zerbitzuaren ezaugarriak direla-eta, eskualdeko estaldura tasa lurraldeko linea guztien arteko txikiena da, hots, % 9,81; ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.665.600 euro inbertitu behar du.

 

Eskualde zerbitzu horrekin batera, Lurraldebusek eskaini ditu, baita ere, Tolosa, Andoain, Lasarte eta Donostia arteko loturak 2015ean. Zerbitzuaren handitze horren ondorioz, ikusi da lehen baino gehiago direla Mugi sistemako txartel pertsonalizatuen titularrak diren Tolosaldeko herritarrak; hala, 2011n zeuden 4.576 txarteletatik, 2013an 11.541 txartel izatera igaro da, eta 2015ean, berriz, 11.994 txartel izatera.

 

Tolosaldea eskualdeko biztanleek, guztira, 1.085.673 bidaia egin dituzte 2015ean Lurraldebuseko zerbitzuetan, 2011n eginiko 444.530 bidaien aldean. Bidaia horien % 60,06 emakumeek egin dituzte, eta % 39,94, berriz, gizonek.

  

1432