Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldebusek bederatzi autobus hibrido estreinatuko ditu Debagoienean

Lurraldebusek bederatzi autobus hibrido estreinatuko ditu Debagoienean

Ibilgailu horien bidez, urtean 12.414 euro aurreztuko da gasolioan, diesel-ibilgailuekin alderatuta, eta urtero 27 tona gutxiago CO2 isuriko da atmosferara. Hartara, kalkulatu da egindako inbertsioa —unitateko 304.000 euro— 5 urte eta erdian berreskuratuko dela.

2020/02/17

Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru-diputatuak gaur eguerdian, Arrasaten, aurkeztu ditu Lurraldebusen flota osatuko duten eta datorren astetik aurrera Debagoieneko lineetan zirkulatuko duten 9 autobus hibridoak. Pesa Grupo Avanza enpresak, hau da, Debagoieneko lineen enpresa emakidadunak, erosi dituen autobus horiei esker, Lurraldebusek eskualde horretako okupazio handiko lineetako zerbitzua hobetuko du.

 

9 autobus horiek Lurraldebusen flota berritzeko prozesuaren barruan sartzen dira; izatez, ekitaldi honetan, guztira 22 ibilgailu berri sartuko dira eskualde guztietan. Departamentuaren helburua da Lurraldebusen flotaren % 65, gutxienez, mota horretako ibilgailuak izatea 2030. urterako.

 

Romerok Gipuzkoan garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburua azpimarratu du. Eta, horretarako, ingurumenari dagokionez, efizientea eta jasangarria den flota erabiltzea eta herritarrei eguneroko joan-etorrietarako zerbitzu erosoa eskaini ahal izatea izango da xedea. “Gipuzkoan, garraioak eragiten du berotegi-efektuko gas-emisioen % 40 inguru. Hartara, buru-belarri ari gara lan egiten gure egunerokotasunean autoa etxean uztea lortuko duen sistema erosoa eta efizientea diseinatzeko. Ingurumenaren zaintza da gure gizarteak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat, eta horixe da, hain zuzen ere, gure konpromisorik handienetako bat” eman du aditzera.

 

Flota berritzearen onurak

Flota berritzearen onura nagusiak dira erregai-kontsumoaren aurrezpena eta ingurumenarekiko konpromisoa; izatez, CO2 emisioak eta kutsadura akustikoa nabarmen murriztea ahalbidetuko du.

 

Mugikortasuneko eta Ingurumeneko Departamentuen arteko lankidetzaren ondorioz, berriki egindako energia-efizientziari eta mugikortasun jasangarriari buruzko azterketa batek (Klima 2050 estrategiaren barruan) diesel ibilgailuak eta ibilgailu hibridoak alderatu ditu Lurraldebuseko linea batzuetan. Azterketa horren emaitzen arabera, autobus horiek, urtean, 12.414 euro aurrezten dute gasolioan, diesel-ibilgailuekin alderatuta. Autobus berriek, hortaz, urtean % 24ko aurrezpen ekonomikoa eragingo dute, eta aldi horretan bertan 27 tona gutxiago CO2 isuriko da atmosferara. Hartara, kalkulatu da ibilgailu horietan egindako inbertsioa (unitateko 304.000 euro) 5 urte eta erdian berreskuratuko dela.

 

Guztira, Lurraldebusek 237 ibilgailuko flota du, eta, gaur egun, horietako 19 dira hibridoak. Aurreikusten da, 2020an kopuru hori bikoiztea eta 20 ibilgailu hibrido baino gehiago gehitzea flotan, Buruntzaldeko emakida berriko guztiak barne.

  

1786