Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldebusek milioi bat txartel online baino gehiago saldu ditu aurten

Lurraldebusek milioi bat txartel online baino gehiago saldu ditu aurten

Urtea hasi zenetik, 1.069.296 txartel saldu ditu Avanzaren webguneak, hau da, emakidadunaren salmenta guztien % 25 inguru (4,2 milioi). Gainera, zerbitzari berriak martxan jartzearekin batera, web-orria errendimendu betean dabil: iraileko lehen astean 1.700 billete saldu ziren egunean, eta azaroko lehen astean ia 5.200 egun batzuetan

2024/11/14
Azahara Domínguez diputatua Batzar Nagusietan

Azahara Domínguez diputatua Batzar Nagusietan


Garraio publikoaren erabilerak gorantz jarraitzen du Gipuzkoan eta horren erakusgarri dira Lurraldebuseko txartelen online salmentaren datuak. Urtea hasi zenetik, 1.069.296 txartel saldu ditu Avanzaren webguneak, hau da, emakidadunaren salmenta guztien % 25 inguru (4,2 milioi). Gainera, zerbitzari informatiko berriak martxan jartzearekin batera, salmenta-erritmoa nabarmen handitu da: iraileko lehen astean egunean 1.700 txartel saltzen ziren, eta azaroko lehen astean 5.200 billeteko muga gainditu da. Neurri horrek, departamentuak ezarritako beste neurri batzuekin batera, erabiltzaileen esperientzia hobetu du.
Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak agerraldia egin du asteazken honetan, berak hala eskatuta, Batzar Nagusietako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Batzordean, bere departamentuak txartelak saltzeko orduan hartutako neurrien berri emateko.
Diputatuak azaldu duenez, Lurraldebuseko txartelen salmenta indartzeko hainbat tresna informatiko eta aurrez aurreko neurri landu ditu departamentuak iaztik, azken hilabeteetan erabiltzaile kopurua handitzen ari baita. "Ideia bat egiteko, irailean 500 errefortzu gaitu dira, eta urrian 620, erabiltzaileen gorakadari erantzuna emateko", adierazi du Azahara Dominguezek. Ildo horretan, adierazi duenez, uda honetatik aurrera, "ekintza ugari egin dira jatorrizko web salmenta-sisteman, hainbat alderditan hobekuntzak aplikatuz, hala nola, konexioen segurtasunean; zerbitzarietan, baliabideak handituz eta ahal den neurrian bertsio eguneratuagoak erabiliz; aplikazioan, softwareari kontrolak gehituz erabili gabeko konexioak ixteko; datu-basean, indizeak eta konfigurazioak gehituz, kontsulten erantzuna hobetzeko; eta, batez ere, sistemaren arkitekturan, lan-karga banatzen duten bi web zerbitzariren erabilera orekatua ahalbidetuz".


Telefono bidezko salmenta eta aurrez aurreko neurriak
Era berean, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak neurri osagarri batzuk hartu ditu erabiltzaileek txartelen erosketan duten esperientzia hobetzeko.
Ildo horretan, diputatuak gogorarazi du urriaren 14an 843 740 286 zenbakiaren telefono bidezko salmenta jarri zuela martxan eta zerbitzu hau astelehenetik igandera, 7: 30etik 21:30era, urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean izan ezik dagoela erabilgarri. "Oso harrera ona izaten ari den zerbitzua da, eta hilabete baino gutxiagoan 1.000 dei inguru jaso ditu (931)", azaldu du diputatuak.
Azkenik, aurrez aurreko neurriak ere hartu dira, hala nola, Loiuko aireportuan 2023ko abenduan abian jarri zen laguntza pertsonala, Lurraldebuseko autobusetan edozein ordainketa-metodo ahalbidetuko duten balidagailu berriak instalatzeko prozesua amaitu arte mantenduko dena, edo Donostiako geltokian txarteldegiko langileak indartzea, goizez eta arratsaldez bi pertsonarekin. Neurri horri esker, uda honetan online txartelak erosterako orduan arazoak izan dituzten erabiltzaileak presentzialki hartatu dira.
 “Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik lanean jarraituko dugu emakidadunekin, udalekin, gizarte-kolektiboekin eta hiritarrekin batera, orain arte egin dugun bezala, garraio publikoaren zerbitzua hobetze aldera eta honetara iristea errazte aldera. Eta zentzu honetan, hartu beharreko neurriak hartuko ditugu etorkizunean ere esperientzia hau hobetzeko. Modu honetan, gero eta gipuzkoar gutxiago egongo dira ibilgailu pribatuaren mende, joan-etorriak egiteko eta ibilgailurik ez dutenei mugikortasun jasangarrirako eskubidea bermatuko diegu. Garraio publikoa da Gipuzkoa egituratzeko eta kohesionatzeko dugun tresna nagusia, eta, horregatik, lanean jarraituko dugu eskainitako zerbitzua herritarren benetako beharretara egokitu dadin eta pertsona guztiek bertara sarbidea izan dezaten”, adierazi du diputatuak.  
 

  

2894