Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Lurraldebusek “Zu nora, gu hara” kanpaina jarri du abian mugikortasunaren astean

Foto Lurraldebusek “Zu nora, gu hara” kanpaina jarri du abian mugikortasunaren astean

Lurraldebusek “Zu nora, gu hara” kanpaina jarri du abian mugikortasunaren astean

Kanpainaren helburua da garraio publikoaren balioa agerian jartzea eta herritar guztien mugikortasunerako eskubidea bermatzen duen funtsezko zerbitzu horren erabilera sustatzea.

Lurraldebusek “Zu nora, gu hara” kanpaina jarri du abian mugikortasunaren astean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak —Rafaela Romero diputatuak zuzentzen duenak— bat egin du, bosgarren urtez, irailaren 16tik 22ra bitarte Europa osoan egingo den Mugikortasunaren Europako Astearekin, mugikortasun jasangarriaren alde egin duen apustu estrategikoa sendotzeko eta Gipuzkoako herritarrak jasangarritasun hori lortzen lagunduko duten mugikortasun-ohituren garrantziaren inguruan kontzientziatzeko.

 

Hori dela eta, datozen egunetan “Zu nora, gu hara / A donde vayas, vamos contigo” publizitate-kanpaina jarriko da abian. Kanpaina horren helburua da Departamentuaren lanarekin lortu nahi den Gipuzkoa konektatu eta jasangarri hori islatzea eta, aldi berean, garraio publikoaren balioa agerian jartzea eta haren erabilera sustatzea, pertsonen mugikortasunerako eskubidea bermatzen duen funtsezko zerbitzua baita, bereziki pandemiak ekarri duena bezalako premia- eta zailtasun-garaietan. Kanpaina markesinen, irratien eta sare sozialen bitartez iritsiko da jendearengana.

 

Romero diputatuak adierazi duenez, “garraio publikoa mugikortasun jasangarriaren zutabeetako bat da, eta “jasangarritasun” kontzeptua ez da ingurumen-onuretara mugatzen, haren bidez herritar guztien ongizate ekonomikoa, soziala eta zirkulaziokoa ere lortu nahi baita. Garraio publikoak berdintasun handiagoa, ekologia gehiago eta gizarte-kohesio handiagoa dakar, eta beharrezkoa da guztientzako ongizate-maila handiagoak eskainiko dituen gizarte bat lortzeko egiten duen ekarpen horren balioa agerian jartzea”.

 

Halaber, Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bizikleta sustatzeko hainbat ekintza antolatuko ditu Mugikortasunaren Europako Astearen esparruan. Ekintzak Gipuzkoako hainbat udalerritan egingo dira, eta honako hauek dira:

 

  • Bizikletak berreskuratu eta berrerabiltzeko “Bir-Ziklatu” proiektua, Mugikortasun Departamentuak Gurpil Artea elkartearekin, garapen-agentziekin eta Gipuzkoako udalerri batzuekin batera bultzatua, abandonatuta dauden edo erabiltzen ez diren bizikletak berreskuratzera, berrerabiltzera eta haien balioa agerian jartzera zuzendutako sistema publiko-sozial bat ezartzeko helburuarekin.

 

Horretarako, lankidetza-hitzarmenak formalizatuko dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta mankomunitateen artean, eta irabazi-asmorik gabeko lankidetza-tailerrak sortuko dira. Halaber, bizikletak konpondu, birziklatu eta berrerabiltzeaz arduratuko diren erakundeez osatutako sare bat eratuko da, eta kalitateko label bat ezarriko da berreskuratutako bizikletentzat.

 

  • Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin, Gurpil Artea elkartearekin eta Don Bosco Institutuarekin lankidetzan garatutako “Lanera bizikletan” proiektuaren bidez, eskualdeko enpresekin lan egingo da bertako langileen mugikortasuna aztertzeko eta bizikleta lanera joateko ibilgailu pribatu gisa sustatzeko.

 

Inguruko enpresen mugikortasunaren diagnostikoa egin ondoren, jardunbide egokien dekalogo bat egin eta banatuko da langileen artean, mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz. Proiektuaren esparruan, halaber, enpresa pilotu bat hautatuko da harekin lan egiteko. Bertan, besteak beste mekanikako ikastaroak, trebetasunei buruzkoak, laguntzari buruzkoak eta abar emango dira, eta, azkenean, praktikak egingo dira. Ondoren, ikastaroan ikasitakoaren ebaluazioa eta jarraipena egingo da.

 

  • Bestalde, “Bizikleten doako azterketa” egiteko ekimen bat jarriko da abian. Edozein denda laguntzailetan MUGI txartela erakutsiz, bizikletaren doako azterketa egiteko eta beren bizikletak puntuan jartzeko aukera izango dute erabiltzaileek. Gainera, parte hartzen duten pertsona guztiak 100 euroko 14 bonuren zozketan sartuko dira.

 

Garraio publikoa eta bizikletaren sustapena Gipuzkoako Foru Aldundiaren mugikortasun-politikaren ardatz nagusiak dira, eta Mugikortasunaren Europako Aste honetan aurreikusitako ekintzen bidez, herritarren mugikortasun-ohiturak jasangarritasun-ikuspegi batekin bideratzeko premiaren inguruan sentsibilizatu nahi du Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.

 

Lurraldebus, nolanahi ere, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoa lurralde konektatuta eta kohesionatua izateko garatu duen mugikortasun jasangarriaren ereduaren ardatz nagusia da, eta Mugikortasunaren Astean abiaraziko den publizitate-kanpaina lagungarria izango da balio hori agerian jartzeko.