Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldebusen webgune eta APP berriek denbora errealean emango dute autobusen iriste ordutegiaren informazioa

Lurraldebusen webgune eta APP berriek denbora errealean emango dute autobusen iriste ordutegiaren informazioa

Tresna digital hauen bidez, Lurraldebusek bere zerbitzuen informazio zabalagoa eta hobeagoa eskaintzen du

2018/06/14

Erabiltzaileek modu erraz eta azkarrean jakin ahal izango dute zeintzuk diren linearik onenak ibilbide bat egiteko edo non dauden gertueneko geralekuak.

 

Marisol Garmendia: “Tresna digital hauen bidez, Lurraldebusek bere zerbitzuen informazio zabalagoa eta hobeagoa eskaintzen du, herritarrek garraio publiko honen erabilera aukera guztien berri izan dezaten”.

 

Lurraldebusen webgune berria eskuragarri dago www.lurraldebus.eus helbidean, eta aplikazioa doan deskargatu daiteke Google Play-n edo Apple Store-n.

 

Marisol Garmendia diputatu sozialistak zuzentzen duen Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzuen internet bidezko informazio tresnen berrikuntza teknologiko sakona egin du. Hain zuzen ere, webgune berri bat –lurraldebus.eus- eta telefono mugikorretarako aplikazio berri bat jarri dira abian, jauzi kualitatibo garrantzitsua eraginez informazioa emateko moduan, 111 linea dauzkan eta urtean 24 milioi bidaia egiten dituen Gipuzkoako herriarteko autobus zerbitzuaren linea, ordutegi, bidaia planifikatzaile eta bestelako datu garrantzitsu eta erabilgarriei buruz. Horren helburua da; batetik, erabiltzaileek modu erraz, azkar eta erosoan jakin ahal izatea zeintzuk diren linearik onenak ibilbide bat egiteko, non dauden gertueneko geralekuak, edo zeintzuk diren lineen sorburua eta helmuga.

Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuak nabarmendu egin ditu aurrerapen horiek, eta kokatu ditu Gipuzkoak “herriarteko garraio zerbitzu publiko modernoa eta erabiltzaileei informazioa emateko teknologikoki aurreratua” izateko estrategiaren barruan. Foru arduradunak adierazi du Departamentuaren helburuen artean dagoela “Beharrezkoak diren tresna digitalez eta teknologiaz hornitzea Lurraldebus, kalitatezko informazio eta arreta zerbitzua eskaintzeko, XXI. mendeko zerbitzu bat, milaka eta milaka gipuzkoarrek egunero garraio publiko hori erabiltzean Lurraldebusen jartzen duten konfiantzaren parekoa.   Urte askotan, informazio gabezia handia egon da, eta legealdi honetan hori konpontzen saiatu gara, telefono bidezko informazio zerbitzua (900 300 340), egunero goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara funtzionatzen duena, abian jarriz. Orain, gainera, webgune eta app berriak ditugu, eta intereseko informazio guztia modu erraz eta praktikoan ematen dute”. 

Orain arte, informazioa beti linea bati lotuta zegoen eta ordutegien datuak aldez aurretik zehaztutako maiztasunaren arabera ematen ziren; beraz, informazioa zurrunegia eta erabiltzen eta ulertzen zaila zen behar zuen linea ezagutzen ez zuen norbaitentzat. Aplikazio berriekin, aldaketa handiena da informazioa erabiltzeko orain ez dela beharrezkoa Lurraldebuseko lineen funtzionamendua aldez aurretik ezagutzea; edonork, Lurraldebuseko ohiko erabiltzaile izan edo ez, erraz lor dezake behar duen autobus zerbitzuaren informazioa, bilaketa bidaiariaren sorburu eta helmugarekin lotzen baita, eta ordutegien, iriste orduaren edo geraleku bateko igarotze orduaren datuak denbora errealean ematen dira, Lurraldebuseko ibilgailuek eskaintzen duten informazioa baliatuz.

Adibidez, Zarauztik Eibarrera joan nahi duen bidaiari batek bere ordutegiaren arabera planifikatu ahal izango du bidaia. Bai webguneak bai aplikazioak momentuan eta denbora errealean emango diote era guztietako informazioa: ibilbidearen mapa, ibilbide hori egiten duten lineak, gertuen dagoen geralekua, ordutegia, tarifa, ibilbidearen iraupena eta egiten dituen geldialdiak.  Horrez gain, autobus jakin baten egoera ezagutu ahal izango du denbora errealean, eta ikusi ahal izango du geralekuetatik zer ordutan igaroko den eta helmugara noiz iritsiko den. Era berean, bere ohiko ibilbideak gorde ahal izango ditu gogokoen atalean, eta informazioa pertsonalizatu ahal izango du jakinarazpen zehatz batzuk markatuz. Modu horretan, non nago eta nora joan nahi dut premisatik abiatuta, hobetu egiten da informazioaren kalitatea, denbora errealean erantzuten duelako eta aukera posible guztiak ematen dituelako.

Webgunea, informazioko gune bat izango da nagusiki, garraio publikoaren erabiltzaileentzat interesekoak diren informazioak eta azken orduko berriak emango ditu, hala nola ekitaldien edo gorabeheren ondoriozko zerbitzu aldaketak eta abar. Azken batean, zerbitzuaren informazioa emango da modu errazagoan eta kontrol zentrotik etengabe eguneratutako datuekin.  Webgunea eta aplikazioa lau hizkuntzatan daude: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.

“Aplikazio berrien azken helburua da kalitate eta erosotasun handiagoko zerbitzuak eskaintzea Lurraldebuseko garraio publikoaren erabiltzaileei. Faktore hori funtsezkoa da garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta maila guztietan ibilgailu pribatuaren ordezko aukera lehiakorra bilakatzeko. Lurraldebusen webgune eta aplikazio berriekin jauzi garrantzitsua ematen ari gara, baina badakigu bide luzea geratzen zaigula hobetzen jarraitzeko”, adierazi du Garmendiak.

Lurraldebusen webgune berria eskuragarri dago www.lurraldebus.eus helbidean, eta aplikazioa doan deskargatu daiteke Google Play-n edo Apple Store-n.

 

  

3986