Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea M eguna, Gipuzkoako emakumeen aktibotasuna bistaratzeko eta ospatzeko eguna

M eguna, Gipuzkoako emakumeen aktibotasuna bistaratzeko eta ospatzeko eguna

Ekitaldian M Manifestua zabaldu da, emakumeek haien burua aintzat hartzeko eta mugitzeko arrazoiei eusteko manifestua.

2022/03/25

Gaurtik aurrera erabilgarri dago Emakumeok Mugimenduan aplikazio berria.

 

Harkaitz Millan: “Asko dira Gipuzkoako emakumeentzat jarduera fisikoaren praktikak ekar ditzaken onurak. Ez bakarrik osasuna: integrazioa, autoestimua, komunitate sentipena… Eta gure konpromisoa onura hauek Gipuzkoako emakume guztien eskura jartzea da”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak, emakumea eta kirola programaren baitan, Emakumeok Mugimenduan ekimena jarri zuen abian urrian. Egitasmoaren helburua emakumezkoen aktibotasuna bistaratzea eta garatzen laguntzea da, eta mugimenduak azken hiletan hartutako indarraren erakusle, M eguna ospatu da gaur Donostiako Tabakaleran, hamaika emakume gipuzkoarren parte-hatzearekin.

 

Emakumeok Mugimenduan Gipuzkoako emakumeak ahalduntzeko sortu den  ekimena da. Emakume orok mugimenduarekin bat egitea du helburu, norbanakoen jarrera aktiboa piztetik hasi, eta askoren jarrera aktiboa batuz, emakumeek euren burua aintzat hartzeko momentua iritsi baita.

 

Egun osoan zehar, emakumeei zuzendutako hainbat jarduera antolatu dira Gipuzkoa osoan. Besteak beste, minbizia duten emakumeentzako ariketa fisikoa egiteko saioa Donostian, GAP & Stretching jarduera Irunen, hainbat ibilaldi Donostia eta Gipuzkoan zehar, Stand Up Paddle Surf topaketa Hondarribian, dantza-saioa Hernanin, eta Nordic Walking ibilaldia eta lasterketa Zegamatik Segurara.

 

Honen inguruan, Harkaitz Millan Kultura eta Kiroletako diputatuak adierazi duenez, asko dira Gipuzkoako emakumeentzat jarduera fisikoaren praktikak ekar ditzaken onurak. Ez bakarrik osasuna: integrazioa, autoestimua, komunitate sentipena… Eta gure konpromisoa onura hauek Gipuzkoako emakume guztien eskura jartzea da”.

 

M ekitaldia

 

Mugimendu honek ekarri duen eta ekarriko duen guztiaz hitz egiteko ekitaldia antolatu da Donostiako Tabakaleran, 18:00etan, Maider Gorostegiren gidaritzapean. Bertan Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren inguruko datuak, erronkaren emaitzak, bizitako esperientziak, emakumeen eta kirolaren inguruan errotutako sinesmenak eta etorkizuneko erronka berriak izan dira hizpide.

 

Hizlarien artean, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol diputatu eta Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari nagusiarekin batera, oholtzara igo dira Oidui Usabiaga EHUko ikertzailea, Iñaki Iturrioz Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuaren burua eta Emakumeok Mugimenduan app berria garatu duen Welk Software Solutions enpresako zuzendari Aritz Guinea.

 

Azkenik, mugimenduari oihartzuna emateko asmoz, M manifestua irakurri dute Yolanda Guillén kirolari amateurrak, Arritxu Iribar kirol kazetariak, María José Paredes Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zerbitzuko teknikariak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak, Sonia Ziani gazte aktiboak, Ainara Manterola goi mailako kirolari eta ekintzaileak, Lierni de Izeta kirol egokituko kirolariak eta Maider Gorostegi kazetariak.

 

Emakumeok Mugimenduan Erronka Digital Solidarioa

 

Emakumeok Mugimenduan-en baitan, hainbat ekintza antolatu dira Gipuzkoako emakumeen jarduera fisikoa areagotzeko. Horietako bat da Emakumeok Mugimenduan Erronka Digital Solidarioa.

 

Erronkaren helburua Gipuzkoako emakumeak batu eta elkarrekin munduari itzulia ematea zen, hau da, guztien artean 40.000 kilometro egitea urtarrila eta otsaila bitartean. Ekimenak, ordea, ustekabeko arrakasta izan du lurraldean, eta 1.600dik gora emakumek egin dute bat erronkarekin, 80.000 kilometro baino gehiago batuta. Hau da, munduari bi itzuli egitea lortu dute, Gipuzkoatik hasi, meridianoa zeharkatu eta berriro ere gurera itzulita. Erronkaren jomuga bete-betean gauzatu ahal izan dute horrela, mundua hankaz gora jarri eta gizartea hausnarketara gonbidatuz.

 

Goizane Álvarezek ekitaldian adierazi duenez, erronkaren bidez lortutako kilometroekin emakumeen ahalduntzea sustatzen duten 3 erakunde lagunduko dira. Datozen hiletan jakinaraziko dituzte erakunde onuradunen izenak

  

1496