Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Manu Izagirrek ondare arkeologikoari egindako "berebiziko ekarpena" aitortu du Aldundiak

Manu Izagirrek ondare arkeologikoari egindako "berebiziko ekarpena" aitortu du Aldundiak

Gordailua ondare bildumen foru zentroak gure lurraldeko lur zein itsas ondarean egindako lan handiagatik nabarmendu zen pertsona baten aldeko omenaldi hunkigarri bat hartu du.

2019/12/14

Gaur goizean Gordailuan, Manu Izagirreren familia, lagun eta lankideak omenaldi estu bat eman diote gure lurraldean, Gipuzkoan, ondare kulturalari eginiko ekarpenagatik. Denis Itxaso kultura diputatuaren esanetan “Ziur nago Manu Izagirrek bere duen leku bat aukeratu beharko balu, bere bizitza eta ibilbide profesionalari erreferentzia egingo liokeena, Gordailua izango litzatekeela bere gustukoenetako bat. Hori bai, lehorrean egon beharko luke; izan ere, gaur hemen zaudeten guztiok, hura ezagutzeko zoriona izan zenutenok dakizuen bezala, aukeren artean itsasoa egongo balitz, bilera hau uretatik gertu egingo litzateke, eta berak itsas arkeologotzat aurkeztuko luke bere burua, edo arkeologiaz interesatu duen marineltzat”.

Manuel Izagirre Lacoste jaio zenetik, 1946an, Euskal Historia eta Kulturara bideratuta zetorren bere aita Ricardo Izaguirre historialari eta kazetari donostiarraren bitartez.  Bere amak, Concepcion Lacostek, Conchik, bere nazioarteko ibilbidean hain baliagarria izango zaion frantsesa ondo menderatzeaz gain, lanaren erantzukizunaren eta balioaren geneak eman zizkion.

Intektualki bizia eta kirolari ona, gaztetan bela nabegazioan aritu zen, eskian, eskaladan eta espeleologian. Azken arlo horretan, bere trebezia fisikoa, kirola eta jakin-mina uztartuz, orduko Aranzadi Natur Zientzien Elkartean parte hartu zuen. Are gehiago, kroniketan ageri ez bada ere, Francis Fernandez de Diegorekin batera, Altxerriko kobazuloko bisonte gorri handiaren aurkitzailea izan zen, baita Euskal Herrian historiaurreko margoak dituen kobazuloko horma batean egiaztatutako lehen hezur inkrustatuaren aurkitzailea ere.  Gainera, Lizarrola, Agarre eta abarretako kobazuloak aurkitu zituen bere kide espeleologoekin batera.

Aparejadore ikasi zuen Zabaleta kaleko Larzabal akademian. Hura ixtean, Arkitektura Teknikoko ikasketak osatu zituen Bartzelonako Unibertsitatean, eta, aparejadore bihurtuta, hainbat estudiotan eta hainbat arkitektorekin lan egin zuen, bere lanbide librea 1972tik aurrera, harik eta 1983an Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Ondare Zuzendaritzan sartu zen arte.  Urte batzuk lehenago, 1976an, INSUB sortu zuen, urpeko ikerketako kultura-elkartea, zeinarekin urpeko arkeologian hasi ahal izan zen.  Aurretik, bidaia paregabe bat egiteko aukera izan zuen kide orobat paregabe batzuekin.  Hombori -Douentza espedizioa Marokora, Aljeriara, Malira eta Nigeriara, 1975. urtean. Saharako basamortua zeharkatu zuten.

Lakuan, taldea osatu zuen museoen arloaz arduratzen zen Teresa Casanovasekin  Jesus Muñoz Baroja Arkitektura saileko arduradunarekin, eta Esteban Lozanorekin. Elkarrekin eta, Aingeru Zabalaren zuzendaritzapean, proiektu ugari bultzatu zituzten, dena egiteke zegoen garai batean.  Lurralde Historikoen Legea onartu zenean, 1985ean, Gipuzkoako Foru Aldundiara joan zen, eta Gasteizen hasitako zenbait lan-ildori jarraipena eman ahal izan zien. Jaurlaritzatik Aldundiara emandako pauso hori mugarri moduko bat izan zen bere ibilbide profesionalean. Etorri, eta etorkizuneko proposamen egin ziren, denboraren poderioz Kulturako Foru Departamentuaren ibilbidearen mugarri seinalatu bihurtu direnak.

1985ean iritsi zenetik 2011n erretiratu zen arte, hainbat postu bete zituen, Ondare Historiko-Artistikoko atalburua, gero Ondare Zerbitzua. Untzi Museoa sortzea, gaur egun Euskal Itsas Museoa deitzen dena, 1991n inauguratua. Agorregin bezala (Foru Aldundiaren jabetzako finka), haren esku-hartzeak errotak eta burdinola birgaitzeko eta martxan jartzeko proiektua bultzatzeko balio izan zuen. Igartubeiti baserria osorik birgaitzeko eta interpretazio zentroa eraikitzeko proiektua; lanak 2004an hasi eta 2007an bukatu zituzten.  Beduako Ontziolaren berreskurapena; Beasaingo Igartzako konplexuaren birgaitze eta musealizazioa; Ondartxo ontziolaren birgaitzea, gaur egun Albaolaren egoitza dena 2009an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ontzien bildumaren zati bat gune horretara eramanez.

Herri-ondarea berreskuratzeko lerro nagusiak baserri, baserriko paisaia, errota, burdinola, ermita, karobi eta abarretan jarri ziren une hartan, eta, horren ondorioz, gaur egun gure paisaiak leku askotan gordetzen du, ez beti ezkutuan, egiazkoaren irudi hori, hainbestetan ikusten dena. Une hartan, gaur egun erabat finkatuta dagoen jarduera-ildo baten oinarriak jarri ziren. Gipuzkoako ondare zibil eta erlijiosoa zaharberritzeko lanen oinarriak ere jarri zituzten, eta pintura eta eskultura zaharberritzeko lehen tailerra sortu zuten Artelekun. Kontserbazio eta zaharberritze lanen diziplinartekotasuna proiektu hauetan agertzen hasi zen, neurri handi batean Manuren eskutik: historialariak, etnografoak, arkitektoak, arkeologoak, zaharberritzaileak, museologoak kontsultatzen zituzten eta lantaldeetako kide ziren. Lankidetza sare nazionalak eta nazioartekoak ehundu ziren, hein handi batean Manuri esker, gaur egun indarrean jarraitzen dutenak.

Erronkek ez zuten izutzen, eta are gehiago itsas ondarearekin zerikusia bazuten, haren grinetako bat. Eta bere erronka handietako bat izan zen Draga Jaizkibelen birgaitzearen lehen fasea, 2011 eta 2012 urteen artean duela ez asko zendu zen Enrique Lekuonarekin jorratu zuena. Beste erronka batzuk Porcelanas del Bidasoako tailerra eta ekoizpena berreskuratzea edo Gordailuko material arkeologikoen tailerreko tratamendu hezeko eremuak diseinatzea eta muntatzea izan ziren. 

Administrazioan zuen lan-bizitzaren amaierak ez zuen ekarri ondarearekiko zuen pasiotik "askatzea". Aitzitik, erretiroa hartu ondoren, 2011n, talde bat aurkitu zuen bere pasioagatik, Ondareagatik, lanean jarraitzeko; eta talde hori Andoaingo Burdina Taldea izan zen. Talde horri bere jakinduria guztia eman zion Leitzarango burdinoletan (Olazar, Olloki, Mustarzar) egindako proiektuetan, zeinetan boluntario bat gehiago bezala lan egiten baitzuen, taldeko gainerako boluntarioekin batera. Jarduera Nafarroara ere zabaldu zen, Leitzan eta Areson egindako lanekin, berraurkitu eta zaharberritzen joan ziren labe eta kobazuloetan. 

Manu Izagirrek luzaroan iraungo du bizirik bildutako bildumetan, hemen, Gordailuan, gure lurraldeko eliza eta baserrietako harrietan, argitalpen anitzetan, bere marrazkietan eta Ondare Zerbitzuko irudien artxiboan, foru bildumako itsasontzietan, berak eta bere taldeak ateratako pieza arkeologikoetan, baina batez ere erreferenteak izango dira bere bizitzeko modua eta ondarearen balioak partekatzeko modua.

 

  

1671