Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea MARTXOAK 22, URAREN MUNDU EGUNA

MARTXOAK 22, URAREN MUNDU EGUNA

Zugatik, guztiengatik: Gaur inoiz baino gehiago, eskuak garbi.

2020/03/22

José Ignacio Asensio: «Aurten, Uraren Mundu Egunaren ardatza ez da ura soilik, bizitza ere bada».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 2020ko Uraren Mundu Eguna ospatzen du, lelo honekin: «ZUGATIK, GUZTIENGATIK: GAUR INOIZ BAINO GEHIAGO, ESKUAK GARBI».

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua: "2020ko Uraren Munduko Egunaren gaia Ura eta aldaketa klimatikoa izan arren, mundu osoak, eta tartean Gipuzkoak, bizi duen osasun krisi larriaren aurrean, eskuak garbitu eta desinfektatzea, ekintza erraz eta sinple hori, besteekiko elkartasunaren erakusgarri handiena bihurtu da".

Tamalez, mundu osoan milaka milioi lagunek ez dute txorrotarik etxean, ez eta kalitatezko urik eskuratzeko aukerarik ere, eta milaka eta milaka gipuzkoar ari dira birusaren aurkako borrokaren lehen lerroan.

Gure etxean edo lanean txorrota irekitzeko keinu xumea, horiekiko elkartasun keinua da, baina ez horiekiko bakarrik, baita ere koronabirusak erasanda gaixorik daudenekiko, bakartuta daudenekiko, ezagutzen ez dugun horren beldurrez bakarrik daudenekiko, senide bat galdu dutenekiko eta, nola ez, hainbat arlotako profesionalekiko: besteak beste, osasun arlokoak, poliziak, supermerkatuetako langileak, botiketakoak, egunkari saltzaileak edo garraiolariak. Jo eta ke ari dira lanean irtenbide bat bilatzeko.

Zalantzarik gabe, lehentasuna COVID–19aren aurkako borroka da, baina, orain gure etxeetan atera ezinda gaudenez, klima aldaketaren aurkako borroka areagotzeko unea ere bada. Gelditzen ez badugu, beste gaitz batzuen artean, aurrekaririk gabeko lehia sortuko da uraren jabe izateagatik, eta indartsuenak soilik aterako dira garaile.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, konfinamenduak irauten duen bitartean, baliabide teknologikoak, sareak, dokumentalak eta aurkitzen dugun material pedagogikoa aprobetxatzera gonbidatzen zaituzte, Gipuzkoako neska-mutilak klima aldaketaren aurkako borrokaren benetako zaindari eta uraren babesle bihurtzeko. COVID–19aren aurkako neurrien defendatzaile sutsuenak bihurtu behar dira.

Gogoan izan: «ZUGATIK, GUZTIENGATIK: GAUR INOIZ BAINO GEHIAGO, ESKUAK GARBI». “Aurten, Uraren Mundu Egunaren ardatza ez da ura soilik, bizitza ere bada”, adierazi du Jose Ignacio Asensiok.

 

 #ManosLimpias #DíaMundialDelAgua #SolidaridadSocial

  

1315