Mendiola eta Bideberri ikastetxeetako 25 ikaslek parte hartuko dute Zinekin programaren hirugarren edizioan
Mendiola eta Bideberri ikastetxeetako 25 ikaslek parte hartuko dute Zinekin programaren hirugarren edizioan
Mendiola eta Bideberri ikastetxeetako 25 ikaslek parte hartuko dute Zinekin programaren hirugarren edizioan
Zaragüeta Zulaica Fundazioak sortutako eta Lankidetzako Foru Departamentuak babestutako proiektu honek zinema erabiltzen du gizarte-ingurune konplexuetako nerabeei bizi-ibilbide berriak erakusteko tresna gisa.

Kultura eta Lankidetza diputatua, Goizane Álvarez, Mendiola ikastetxe publikoaren filmaketan izan da gaur goizean. Lehen Hezkuntzako 6. mailako hamar ikasle dagoeneko ari dira Zinekin proiektuaren hirugarren edizioan parte hartzen, eta martxoaren amaieran Bideberri institutuko DBHko 3. mailako hamabost ikasle batuko zaizkie. Talde bakoitzak film labur bat egingo du zortzi astean. Ondoren, ekainean, aurrestreinaldia izango da Aquariumean, eta, irailean, saio berezi batean proiektatuko dira Trueba zineman, Donostiako Zinemaldiaren barruan.
Abiatu berri da Zaragüeta Zulaica Fundazioak sortu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Departamentuak babesten duen proiektu honen hamahirugarren edizioa. Helburua da ikus-entzunezkoa eta zinema-sorkuntza erabiltzea aukera gutxiago dituzten nerabeei bizi-ibilbide berriak erakusteko tresna gisa.
Kultura eta Lankidetzako diputatu Goizane Álvarezek azpimarratu duenez, programa honen alde onetako bat da «nerabeei aukera ematen diela hitz egiteko eta beren kezkak adierazteko, eta horri esker azaleratzen dira maiz benetan gogorrak diren eta ikusezin bihurtuta dauden egoerak, integrazioko, arrazakeriako, tratu txarretako, osasun mentaleko edo sexu-identitateko arazoei lotuak».
Álvarezen ustez, ekimen hau bat dator departamentuaren balioekin, alegia, «kultura erabiltzea gizartea eraldatzeko eta hobetzeko tresna gisa. Desberdintasunak ez dira halabeharrezkoak, sistemak sortzen ditu, eta erakunde publikoek lan egin behar dute honelako proiektuekin desberdintasun horiei aurre egiteko». Premisa horretatik abiatuta sortu zen Zinekin proiektua. Haren «baliorik handiena ikasleak berak eta haiek Gipuzkoako gizarteari egiten dioten ekarpena dira, adimen plural, ireki eta bidezkoagoa duten pertsonak sortzen baitituzte».
Hirugarren edizio honetarako, Donostiako Bideberri institutua eta Mendiola ikastetxea aukeratu dituzte beren gizarte-testuinguruagatik, baina baita ikasleen kultura-aniztasunak Donostiari aberastasun handia dakarkiolako ere. «Kohesioa eta gizarteratzea dira hiriaren nortasun-ikur eta indargune, eta erakunde publikoen zeregina da pertsona guztien erabateko integrazioaren aldeko politikak egitea», nabarmendu du diputatuak.
Ideiatik pantailara
Programa horrek aukera ematen die haurrei eta nerabeei –gehienak 11 eta 16 urte bitartekoak dira– film labur baten sormen-prozesu osoan parte hartzeko: gidoiaz, zuzendaritzaz edota paperen interpretazioaz arduratzeko, eta baita soinu- eta argiztapen-lan teknikoak, edizio-lanak eta pantaila handian proiektatu artekoak beren gain hartzeko ere.
Ildo horretan, programaren zuzendari Blanca Zaragüetak azaldu duenez, «proiektu hau ilusio jakin batekin sortu zen: urtero gazte talde berri batek ikustea zinemaren bidezko sorkuntzan garapen pertsonal eta profesionaleko ibilbide bat egon daitekeela, ikastetxea bera abiapuntu hartuta».
Hala, tailerren eta lankidetza-praktiken bidez, parte-hartzaileek zinemari buruzko prestakuntza praktikoa jasotzen dute, eta beren istorioak kontatzeko gaitasun sortzaileak eta teknikoak garatzen dituzte. Gainera, sektore zinematografikoko profesionalekin lankidetzan aritzeak aukera ematen die «aurreprodukzioaren, filmaketaren eta postprodukzioaren etapa guztietan bete-betean murgiltzeko; horregatik da hain berezia prestakuntza-esperientzia hau, inklusioa eta aniztasuna sustatzen dituelako, taldean lan eginez. Ideiatik pantailara», halaxe bukatu du.
3124