Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mikroalgak, ingurumenaren oraina eta etorkizuna

Mikroalgak, ingurumenaren oraina eta etorkizuna

Ingurumeneko Departamentuak eta Ceit-IK4 zentroak hitzarmena sinatu dute ingurumen helburuetarako mikroalgak erabiltzeko prozesuaren ikerketan aurrera egiteko.

2018/06/12

 

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok, eta Ceit-IK4 zentroko gerente José Ignacio Terresek hitzarmen bat sinatu dute zentro horrek, mikroalgen alorrean, egindako ikerketetan aurrera egiteko, zehazki, mikroalgak uren tratamendurako erabiltzeko ikerketan. Ceit-IK4 zentroko «Ura eta Hondakinak» taldeko ikertzaileek, Enrique Aymerich ikertzaile seniorraren zuzendaritzapean, mikroalgetan oinarritutako teknologia baten oinarriak ezarriko dituzte, eta, teknologia horren arabera, hondakin-urak garbitu ahal izango dira eta esparru ezberdinetan erabili berriro.

Mikroalgek eguzkiaren argia erabiltzen dute energia iturri gisa eta CO2 karbonoaren iturri inorganiko gisa, mantenugaiak kontsumituz eta oxigenoa sortuz. Beraz, hondakin-urak garbitzeko aukera berri bat da, haiek ingurumenean sortzen duten presioa murriztuz.

José Ignacio Asensio foru arduradunak azaldu duenez, bere Departamentuak aurrera egin nahi du ingurumena hobetzeko bidean, Ekonomia Zirkularra sustatzeko ahaleginean, eta klima aldaketa arintzeko eta egoera horretara egokitzeko neurriak bultzatzeko prozesuan. «Halaber, helburu horren barruan, mikroalgen eremuari lotutako ikerketa orokorra bultzatu nahi dugu eta haien erabilera aztertu, Ekonomi Zirkularra bultzatzeko eta CO2 emisioak murrizteko ibilbidean aurrera egiteko xedez. Beraz, azpiproduktuak sortzeko eta karbono dioxidoko emisioak murrizteko mikroalgak erabiltzen dituzten teknologiei buruzko ikerketa aukera bat izan daiteke» esan du Asensiok.

Aldundiak eta Donostiako zentro teknologikoak abian jarri duten proiektu honek aplikazio ezberdinak izango ditu. Proiektuaren helburua da mikroalgak ekoizteko teknologiei buruzko ikerketa garatzen laguntzea, mikroalgak baliagarriak baitira azpiproduktuak aprobetxatzeko eta negutegi efektuko gasen emisioak gutxitzeko (CO2 emisioak).Teknologia garatu ondoren, hiri esparrutik nahiz akuikultura, nekazaritza, abeltzaintza eta elikagai industriatik datozen uren tratamendura egokitu  ahal izango da teknologia hori. Nitrogenoa eta fosforoa «ezabatzeaz» gain, biomasa gisa berreskuratuz, mikroalgek gai dira CO2 harrapatzeko eta oxigenoa sortzeko; biomasa hori balio erantsiko produktuak fabrikatzeko erabil daiteke, hala nola, ongarriak, animalientzako pentsuak, bioplastikoak eta bioerregaiak (biogas, biodiesel, bioetanol, eta biohidrogenoa).

Sinatutako hitzarmenaren bidez proiektu interesgarri honen oinarriak jarriko dira; izan ere, entseguetarako plataforma esperimental bat sortuko da aipatutako teknologia berritzailea garatzeko.

  

1289