Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea MUBIL-en egoitzaren proiektuaren erredakzioaren lizitazioa onartu da

MUBIL-en egoitzaren proiektuaren erredakzioaren lizitazioa onartu da

Zibersegurtasun arloko dirulaguntza deialdia ere onartu du foru erakundeak, eta berezitasun nagusia telelan segurua indartzeko lerro berezitua da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Donostiako Ezkuzaitzetako industriagunean kokatuko den MUBIL-en eraikin fisikoaren proiektuaren erredakzioaren lizitazioa onartu du gaur. Guztira 519.000 euro bideratu ditu egiteko honetara, eta urte amaierarako edo 2021 hasierarako proiektua prest egotea espero du Aldundiak. “Bultzada nabarmena da MUBILentzako; izan ere, COVID-19 gaitzaren krisiaren testuinguruan ere, Gipuzkoako Foru Aldundi honek ekimenarekin duen konpromisoa berresten du beste behin ere. MUBIL Gipuzkoaren etorkizuneko apustu estrategikoetakoa da, eta mugikortasun modu tradizionalak ezbaian dauden honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da gure lurraldearentzat alternatibak lantzen hastea, abagunea baliatu eta gure lurraldearen espezializazio maila hobetzeko”, nabarmendu du Proiektu Estrategikoetako foru diputatu den Ainhoa Aizpuruk.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Eider Mendoza bozeramailearekin batera, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. “Gogoratuko duzuenez, 2019ko apirilean sortu zen MUBIL Fundazioa eta, azken urte honetan, egitasmoa aurrerapausoa ematen joan da: 2019ko apirilean, Fundazioa osatu genuen; 2020 hasieran, berriz, Ezkuzaitzetako lursaila erosi zitzaioan Donostiako Udalari”, gogoratu du. Ondoren, pandemia zela eta, dena bezala proiektua geldituta egon zen, baina alarma egoera amaitzearekin batera “sendo” itzuli da aktibitatera: Ane Insausti zuzendaria izendatu da, Tolosako Usabal industriaguneko behin behineko egoitza ezartzeko obrak abian jarri dira eta Cidetec-ekin hitzarmena erdietsi da, MUBILen egoitzan laborategi aurreratua ezartzeko.

          Erabaki sorta honi gaur onartu den Ezkuzaitzetako industriaguneko eraikinaren proiektuaren erredakzioaren lizitazioa batu zaio. 10.000 metro karratuko lursail batean kokatuko da MUBILen egoitza eta azpiegitura eraikitzea, aurreikuspenen arabera, 10 milioi inguru kostatuko da. “Zentro hau, ordea, ez da isolatuta egongo: helburua da bere inguruan elektromugikortasun edo mugikortasun modu berriei lotutako poloa sortzea; hau da, elektromugikortasunari lotutako industria jarduera sustatzea, bai lehendik dauden enpresetan, bai elektromugikortasunari lotutako beste jarduera berri batzuk sortuz”, esan du Aizpuruk.

          Ezkuzaitzeta gauzatu bitartean, ordea, MUBIL errealitatea izango da, Tolosako Usabal poligonoko behin behineko egoitzan. Azpiegitura hau egokitzeko lanak martxan daude, eta urte bukaerarako prest izatea espero du Aldundiak. Honela egongo da banatuta: behe Solairuan sarrera kokatuko da eta 90 m2 inguruko showroom bat non MUBILen zergatia, helburua, aparteko balioaren proposamena eta bilakaera zein den kontatuko den. Lehen solairuan, 500 m2 dituena, kokatuko dira bulegoak; formakuntza gela bat, non ezagutzaren kudeaketaren esparruan lan egin ahal izango den, bertara enpresak gonbidatuz; eta enpresak egoteko leku finkoa, laborategia erabiltzen ari direnean tokia behar badute. Azkenik, bigarren solairua (1.400m2 + 250m2 (behe solairuan) Cidetec-eko laborategiarentzako erabiliko da. Energia biltegiratzearen arloko laborategi aurreratua izango da, eta punta-puntako ekipamendua izango du, besteak beste mahai bibrakor bat. “Enpresa guztiek bertan izango dute aukera euren prototipo/produktuetan kontzeptu probak eta testak egiteko aukera”, adierazi du Aizpuruk.

          MUBIL-ekin amaitzeko, duela aste batzuk lanean hasi zen Ane Insausti zuzendariari buruzko aipamena ere egin du foru diputatuak. “Esperientzia handia du ingeniaritzan eta proiektuen kudeaketaren alorrean nazioartean, eta lehen aste hauetan hori erakutsi du. Hori bai, erantzukizun oso garrantzitsua hartuko du bere gain, eta bere ardura izango dira Tolosako behin-behineko egoitza martxan jartzea, zentroaren hasierako proiektuak aktibatzea eta Donostiako Ezkuzaitzeta industrialdean behin betiko kokapena gauzatzeko urrats berriak ematea. Zorte ona opa nahi diot hasi berri duen ibilbide honetan”, laburbildu du Aizpuruk.

 

Zibersegurtasuna

Bestalde, garrantzia duen bigarren erabaki bat hartu du Aldundiak: zibersegurtasuna sustatzeko dirulaguntzen programako aurtengo deialdia onartzea. 367.000 euro bideratu dira arlo honetara, eta eskariak erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urriaren 15a bitarte aurkeztu daitezke. Hiru lan lerro nagusi ditu: enpresetan zibersegurtasuna indartzea; zibersegurtasun arloko ikerketa eta garapena bultzatzea; eta aurtengo nobedade nagusia den telelan segurua sustatzea. “Lan lerro honen bitartez, Gipuzkoa zibersegurtasunaren arloan espezializatzeko egiten ai den ahalegina lagundu nahi dugu, alor honetan Gipuzkoak dituen indargune eta gaitasunak aktibatuz eta berriak eratuz. ZIUR da arlo honetan egiten dugun apustuaren erakusle nagusia, eta dirulaguntza hauek estrategia hori osatzen dute”, esan du Mendozak.

          Lehen lerroari dagokionean, 157.120 euro bideratu dira zibersegurtasuna enpresetan indartzera. Honako arlo hauetan lanak egiteko aholkularitza zerbitzuen kontratazioa da diruz lagunduko dena: enpresak zibersegurtasunaren ikuspegitik duen egoeraren diagnosia egitea, eta aztertzea bere antolakuntza nola dagoen arlo honetan; zibersegurtasun plan bat osatzea; plan hori martxan jarri eta exekutatzeko laguntza (laguntza hauen markoa egindako plana edo aurretik zegoena); eta enpresako langileekin egindako sentsibilizazio edo formakuntza lanen kostuak. Gehienez, enpresa bakoitzak 15.000 euro jasoko ditu.

          Bigarren lan lerroak zibersegurtasun arloko ikerketa eta garapena bultzatzea du helburu, eta 80.000 euroko gastua aurreikusi da. Bertan, I+G proiektuekin erlazionatutako gastu hauek finantzatuko dira: langileriaren kostuak (ikertzaileak, teknikariak edo bestelako langileak); proiektuan erabiltzen diren material eta instrumentuak; ikerketaren kostuak, ezagutzarenak, patenteenak, aholkularitza gastuak eta proiektuarekin lotutako bestelako zerbitzuak; edo bestelako gastu orokorrak, proiektuarekin lotuta daudenak. Gehienez 50.000 euroko laguntza emango zaio eskatzaile bakoitzari.

          Azkenik, hirugarren lan lerroa da aurtengo berritasun nagusia, eta telelan segurua izendatu da. Guztira, 130.000 euroko zuzkidura du. “Zibersegurtasunaren ikuspegitik landu beharreko alorra da telelana. Horregatik, lerro honekin telelan seguru sustatzeko sentsibilizazio, informazio eta formakuntza lanak lagunduko dira diruz”, esan du bozeramaileak. Diruz lagunduko diren ekintzak izango dira telelana sustatzea helburu duten proiektuak, betiere telelan segurua barne hartzen duten egitasmoak direnean. Esaterako, difusio, sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak; formakuntza eta ezagutza espezifikoak hartzea helburu duten ekintzen diseinu eta garapena; enpresekin, zibersegurtasuna lantzea helburu duten lan taldeak osatu eta dinamizatzea; eta programaren helburuekin bat egiten duten bestelako ekimenen antolaketa.

“Gaur egungo mundua eta merkatua globalak dira, eta dena dago konektatuta. Internet eta teknologia berriak dira hau ahalbidetzen dutenak”, gogoratu du Mendozak. Bere esanetan, COVID-19aren krisiaren testuinguruan, alor honek oraindik eta garrantzia handiagoa lortu du. “Dena ez da abantaila izango ordea, eta segurtasun eta ziber kriminalak dira mehatxu nagusia. Beraz, berme guztiekin arituko den enpresa lehiakorrak lortzeko, ezinbestekoa da zibersegurtasun lantzea. Aldundia horretan ari da pasa den legealditik, batez ere ZIURren bitartez, eta gaur aurkezten dugun laguntza lerroa bezalako neurriekin estrategia indartuz”, adierazi du.

 

Gizarte politika

Bestalde, astero legez, COVID-19 gaitzak gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratu du Aldundiak. Gizarte inklusioko sareari dagokionez, pasa den astean zeuden 9 kasuak sendatu dira eta, ondorioz, ez da kasu positiborik geratzen. Sare honetan 54 baliabide ditu Aldundiak, 225 egoitza plaza eta 192 etxebizitza plazarekin. Adingabeen kasuan, ez dago kasu berririk eta pasa den astean zeuden 6 kasu positiboekin jarraitzen du esparru honetako baliabide sareak, non 400 adingaberi ematen zaioen arreta. Azkenik, adinekoen egoitzei dagokionean, beste aste batez ez dago positiborik erabiltzaileen artean eta, gaur gaurkoz, sei langile daude positiboarekin.

  

1453