MUBIL Lab Experience: nazioarteko 120 aditu baino gehiago mugikortasun jasangarriaren etorkizuna aztertzen
MUBIL Lab Experience: nazioarteko 120 aditu baino gehiago mugikortasun jasangarriaren etorkizuna aztertzen
MUBIL Lab Experience: nazioarteko 120 aditu baino gehiago mugikortasun jasangarriaren etorkizuna aztertzen
AVL, DANA, CAF eta Aston Martin enpresetako goi mailako ordezkariek mugikortasun jasangarriari buruzko ikuspegien berri eman dute. MUBIL Lab Experience topaketan mundu guztiko adituak elkartu dira, eta Gipuzkoa mugikortasunaren arloko berrikuntzaren Europako erdigune bihurtu da

Mugikortasunaren sektoreko nazioarteko 120 aditu baino gehiago elkartu ziren atzo MUBIL Center eraikin berritzailean egin zen MUBIL Lab Experience ekitaldian, Europako mugikortasun adimendun eta jasangarrirako lankidetza teknologiko eta estrategikoan mugarri izan den ekitaldi adierazgarri batean.
Topaketan hainbat herrialdetako punta-puntako enpresa eta teknologia zentroetako ordezkari teknikoek hartu zuten parte, eta bi helburu izan zituen: sektorean eragina duten azken joera ekonomiko eta politikoak aztertzea, eta deskarbonizazioan eta mugikortasunaren etorkizuneko erronketan oinarritutako ikuspegi estrategikoak partekatzea.
Ekitaldia Unai Andueza MUBILeko lehendakari eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak inauguratu zuen, eta MUBILek mugikortasunerako berrikuntzaren polo estrategiko gisa duen zeregin erabakigarria nabarmendu zuen. "MUBIL Center bitarteko dela, etorkizuneko erronka teknologikoei aurre egiteaz gain, Gipuzkoa Europako erreferente bihurtzen da munduko mugikortasuna eraldatuko duten irtenbide jasangarrien sorreran”, adierazi zuen Anduezak. Ondoren, César Gutiérrez MUBILeko zuzendari teknikoak zentro berriaren azpiegitura teknologikoa aurkeztu zuen; berrikuntza eta industria indarra uztartzen dituen bikaintasun epizentroa da, Europa mailan lider izateko sortua.
Nazioarteko hizlarien artean, nabarmentzekoak dira Helmut List, AVL mugikortasunerako propultsio sistemen garapenean eta probetan munduko liderra den enpresako CEOa, eta Francesco Buffa, DANA ibilgailu elektriko eta konektatuetarako teknologia aurreratuetan espezializatutako konpainia globalean sistemak Integratzeko ingeniaria, bai eta Armando Ansón ere, CAFen zero emisioko berrikuntza programaren arduraduna, eta David Gómez Cachafeiro, Aston Martin enpresako e-powertrain eta goi-tentsioko sistemen burua.
Era beran, ekitaldian enpresa garrantzitsuetako ordezkariak elkartu ziren, hala nola Irizar Emobility, CIE Automotive, Avia, GKN Driveline, ITP Aero eta ACICAE klusterrekoak –Europan sortutako lehen automobilgintza klusterra–, besteak beste, sektoreko eragile nagusien arteko lankidetza espazio bat sendotuz.
Ekitaldian laborategi espezializatuen aurkezpen teknikoak ere egin ziren: Alberto Lara Cidetec-eko baterien proben unitateko zuzendariak eta Mikel Martínez Epower Labs-eko proben arloko arduradunak energia biltegiratzearen alorrean, propultsio elektrikoko sistemetan eta erregai piletan izan diren funtsezko aurrerapenak azaldu zituzten.
Arratsaldean, gaikako bi tailer antolatu ziren ezagutza trukatzeko eta lankidetza sinergiak sortzeko. Lehenengoak, EPOWERLABS buru zuela, "Propultsio elektrikoko sistemen probak eta kontrola" izan zuen ardatz; bigarrenak, berriz, CIDETECek koordinatuta, "Baterien proba aurreratuak, I+G eta produktuaren garapena bultzatzeko". Saio horiek etorkizun hurbilean mugikortasun jasangarria eta adimenduna sustatuko duten ibilbide orri bateratuak definitzeko oinarriak ezarri zituzten.
Sortu zenetik, MUBILek argi eta garbi izan du helburua: mugikortasunaren sektoreko dinamika berriei aurrea hartzea, balio erantsi handiko enplegua sortzea eta lurraldea lehiarako erreferente bihurtzea Europarentzat estrategikoa den eremu honetan. MUBIL Centerrek ikuspegi hori gauzatzen du, berrikuntza gune bat sendotuz, etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egitea eta mugikortasunaren alorrean Europako garapena gidatzea ahalbidetuko duena.
Ekimen honi esker, Gipuzkoak mugikortasun adimendun eta jasangarriko berrikuntza ekosistema nagusietako bat den aldetik betetzen duen eginkizuna nabarmendu du, eta aukera ekonomiko eta sozialak sortu ditu, gizarte aurreratuago eta ongizate handiagoko bat izateko.
4162