Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mubil Poloak Vicomtech-en puntako espazio berri bat izango du, mugikortasun adimendunari lotua

Mubil Poloak Vicomtech-en puntako espazio berri bat izango du, mugikortasun adimendunari lotua

Diputatuen Kontseiluak azpiegitura martxan jartzea onartu du, eta horrek ia 6 milioi euroko baterako inbertsioa ekarriko du

2023/03/14
Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila

Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila


MUBIL Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriaren Poloak espazio berri bat izango du Eskuzaitzetan, mugikortasun Konektatu, Kooperatibo eta Automatizaturako VICOMTECH zentro teknologikoak kudeatua. Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman dio gaur erabakiari eta, Eider Mendoza bozeramaileak ziurtatu duenez, erabaki honek “esparru horretan teknologia- eta ikerketa-gaitasunak osatzea eta indartzea ahalbidetuko dio Poloari, hori baita mugikortasun berriaren zutabeetako bat”. Espazioko obrak % 50ean finantzatuko dituzte Aldundiak eta VICOMTECHek. Horretarako, Kontseiluak 2,92 milioiko dirulaguntza onartu du, egoitza berri bat eraikitzeko beharrezkoak diren instalazio teknikoak eraiki, egokitu eta hasierako ekipamendua erosteko inbertsioak finantzatzeko.

            Diputatuen Kontseiluaren ostean egin ohi duen agerraldian iragarri du neurria Mendozak. Azaldu duenez, proiektuak garraio/mugikortasun adimendunarekin lotuta VICOMTECHek egiten duen ikerketa- eta garapen-jarduera sustatuko ditu, MUBILekin dituen sinergietan sakonduz. Funtsezko esparrua da zero isurketa eta ezbeharrik gabeko eredu baterantz aurrera egiteko, eta VICOMTECHen jarduerak hazkunde handia izan du azken urteotan. Konektatutako eta Automatizatutako ibilgailuak sartzeak atea irekitzen dio garraio-paradigma osasungarriago, seguruago, irisgarriago, iraunkorrago, errentagarriago eta orekatuago bati lurralde-mailan,

             Mendozak esan duenez VICOMTECH sartzea “mugarri berri bat da Gipuzkoako eta Euskadiko mugikortasun berriari lotutako ekosistema hedatzeko eta finkatzeko. MUBIL poloa gero eta proiektu indartsuago bat da, proiektu partekatua delako. Proiektu horren alde egiten ari dira lurraldeko erreferentziazko eragileak, ibilbide luzea dutenak, eta haien konpromisoari eta lankidetzari balioa eman behar zaie”. Gogoan izan behar da MUBILen behin betiko egoitzaz gain (iazko uztailean hasi ziren obrak, Eskuzaitzetan, 14,2 milioi euroko aurrekontuarekin), poloak dituen 48.000 m2-etan CIDETECen egoitza berri bat ere izango duela, energia biltegiratzea ardatz izango duena; TECNALIAk kudeatuko duen mugikortasun jasangarrirako eta trantsizio energetikorako eraikin bat; eta motor elektrikoen ekodiseinu-proiektu bat sustatuko dela, CEITekin lankidetzan.

VICOMTECHek kudeatuko duen espazioa gehituta, horrek guztiak 36 milioi eurotik gorako baterako inbertsioa ekarriko du, Aldundiak eta dagozkien zentroek batera finantzatuta. “Ekosistema bat osatzen ari gara, eta horrek barne hartuko ditu jakintza-arlo estrategikoak mugikortasun berriarekin lotutako guztian. Beraz, Gipuzkoak eta Euskadik esparru horretan duten lehiakortasuna eta posizionamendua blaituko dituzten bitartekoak izango ditugu. MUBILek gure industria osoari eta ETEei lagunduko die mugikortasun-eredu berri baterantz eraldatzen, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean erronka erabakigarria baita, eta sektore horrek gure industria-sarean duen garrantziagatik. Gure ekonomia indartzeaz eta garapen- eta enplegu-aukera berriak sortzeaz gain, herritarrentzako garraio-sistema eraginkorragoak eta jasangarriagoak igarotzeko aukera emango digu”, azaldu du foru bozeramaileak.

Mendozak azpimarratu du “proiektuak nazioartean duen anbizioa, Europan punta-puntakoak diren mugikortasun berriko ekosistemen ligan jokatzeko aukera emango diguna”.  Ildo horretan, nabarmendu behar da Foru Aldundiak, MUBILek eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak lankidetza-akordio bat sinatu berri dutela ‘City Science Lab Gipuzkoa’ sortzeko. Erakunde horrek mugikortasun-proiektuak abian jartzeko berrikuntza-laborategi bihurtu du lurraldea, eta ‘City Science Network’ sarean sartzea ekarriko du. Mundu osoko hirien lankidetza-sare hori MITek babesten du, eta bertan daude Shanghai, Helsinki, Toronto, Taipei, Hanburgo, Guadalajara (Mexiko), Andorra, Ho Chi Minh Hiria (Vietnam) eta Concepción (Txile).

Azkoitiko egoitza

Era berean, Kontseiluak gaur onartu du Azkoitiko San Jose adinekoentzako egoitza zentroa eraberritzeko eta handitzeko obrak gauzatzeko proiektua, 3.059.553,73 euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko epearekin. Zentroko psikogeriatriako unitatearen (UPSI) errehabilitazio integralari ekingo zaio, eta birmoldaketa horren ondorioz, 15 plazako baliabide bat gaituko da. Hau zainketa eredu berrira egokituta egongo da, pertsonalizazioaren oinarritik, banakako geletan eta bainugela propioa dutenak, bizikidetza-unitate murriztu bat osatuz.

2015etik Kabian integratuta dagoen zentroak 54 egoitza-plaza ditu gaur egun, 14 UPSIn eta 20 eguneko zentroan. Gainera, ekipamenduak udal-titulartasuneko tutoretzapeko apartamentuak ere hartzen ditu, eta beste 12 plaza dituena, pertsona autonomoei edo I. mailako mendekotasuna dutenei zuzenduta. Erabiltzaileekin eta familiakoekin kontrastatzeko lan bat egin ondoren, “Gizarte Politiketako Departamentuak ibilbide-orri bat diseinatu zuen egoitzako arkitektura eta espazio fisikoak pixkanaka egokitzeko arreta- eta zaintza-eredu berrira. Foru erakundeak aurreikusten du trantsizio hori lurraldeko gizarte-baliabideetan gauzatuko dela datozen urteetan”, Mendozak azpimarratu duenez.

Azkoitiko jarduketa hori birmoldaketa-prozesu baten parte da. Gutxi gorabehera 3 urteko iraupena eta 4 gauzatze-fase izango ditu, eta bertan, egoitzaren irisgarritasuna eta komunitatearekiko lotura hobetuko dituen igogailu bat instalatzea aurreikusten da, Santikutz Gaina eta Ugarte pasealekua lotuz, bai eta eguneko zentroa eta San Joseko tutoretzapeko apartamentuak herrigunera lekualdatzea ere. Horretarako, Aldundiak eta Udalak hitzarmen bat sinatu zuten iazko uztailean, egin beharreko izapideak eta baterako finantzaketa arautzeko.

Pertsonalizazioaren eta berrikuntzaren oinarritik abiatzen den eta komunitatearekiko lotura sendotu nahi duen eredu baterantz egindako aurrerapenak azpimarratu ditu Mendozak. Eredu horrek ingurune etxekoagoak bilatzen ditu, eta pertsona bakoitzaren beharrak eta eskaerak ekintza instituzionalaren erdigunean jartzen dira, adierazi duenez. Lan-prozesu hori egoitza-sektorearekin adostu eta kontrastatu da – erabiltzaileak, senideak, profesionalak, zentroetako arduradunak, patronalak eta sindikatuak – ‘Gipuzkoa: etorkizuneko egoitzara trantsizioa’ Liburu Berdearen baitan.

  

2719