Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugi-ren tarifa-integrazioak areagotu egin du garraio publikoaren erabilera

Mugi-ren tarifa-integrazioak areagotu egin du garraio publikoaren erabilera

Romerok: “MUGIren tarifa-integrazioak areagotu egin du garraio publikoaren erabilera gure Lurraldean”.

2020/09/23

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok agerraldia egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Mugikortasun batzordean azaltzeko MUGI tarifa-sistemak izan duen eboluzioa. Martxan jarri zenetik, garraio publikoaren erabilera lurralde osoan antolatu eta indartzeko balio izan du sistemak, eta zifra errekorrak lortu ditu 2019an. Sistemak izan duen harrera bikaina, orain, aurre egiten ari zaie aparteko zirkunstantziei, COVID-19ren krisiaren ondoriozkoei, eta horien aurrean aparteko neurriak aplikatzen ari da Departamentua.

Diputatuak nabarmendu duenez, MUGI “txartel garaile bat da, Gipuzkoako garraio publikoaren erabiltzaileen konfiantza eta fideltasuna bereganatu dituena, eta hori ziurtatua geratu da erabilera-datuetan, 2013an martxan jarri zenetik. Joera etengabea da, goren uneekin, 2019an besteak beste”.

Diputatuak xehetasunez aztertu ditu 2019ko eta 2020ko erabilera-datuak, eta horiei esker ondorio interesgarriak atera daitezke garraio publikoko MUGI sistemaren erabilerari buruz. Integrazioak, txartel bakar batean, erabiltzaile gehiago erakarri ditu Gipuzkoako garraio-operadore publiko guztietan. Gainera, gaur egun eskudiru-ordainketaren oso gainetik dago, eta gero eta fidelizazio handiagoa lortu du. Erabiltzaileen % 87k MUGI erabiltzen dute, garraio-txartela ordaintzeko eskudirua erabiltzen jarraitzen dutenen % 13en aurrean (murrizten doan portzentajea). MUGI pertsonalizatua da nahiago izaten den ordainketa-modalitatea gipuzkoarren artean.

 

 

Eskainitako lineen artean, nabarmentzekoa da batez bestekoaren gainetik gailentzen den MUGIren erabilera-maila zerbitzu jakin batzuetan: Errenteria urteko %90arekin; Oiartzun % 91rekin, Lurraldebus % 86rekin eta Dbus % 88rekin.

 

Emaitza horiek ikusita, Batzar Nagusietako batzordearen aurrean Rafaela Romerok nabarmendu duenez, ziurtatua geratu da integrazio-maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa dela sistemaren kalitate globala, ohiko erabiltzaileen iritziz, eta orduan eta handiagoa da ere garraio-sistema publikoaren erabilera-kuota herritarren aldetik. “Integrazio handiagoa, kalitate handiagoa, satisfazio handiagoa, garraio publikoaren erabilera handiagoa”, nabarmendu du.

Sistema honen emaitza onaren erakusgarri ditugu izan dituen goren une batzuk. Batetik, 2019ko apirilean, Gipuzkoak lortu egin zuen Gipuzkoako garraio-operadore publiko guztiak sistema bateratu batean barnean hartzea, RENFE gehitu zenean. Gainera, martxan jarri zuen MUGI GAZTEA, sistemaren deskontu progresiboei hobari-tarifak gehituta gazteentzat. Horri guztiari esker sistemak erabilera-datu historiko onenak lortu zituen, eta kokatu egiten dute Gipuzkoa erreferente diren lurralde aurreratuenen artean Espainian eta Europan, garraio-sistema publiko irisgarri, inklusibo, seguru eta integralaz hitz egiten denean.

 

2020an, pandemia ari da baldintzatzen garraio publikoaren erabilera. Hala, aparteko neurri soziosanitarioak ezarri dira erabiltzaileen eta garraio publikoan lan egiten duten langileen segurtasuna bermatzearren. Hori kontuan hartuta, eta eskaria jaitsi, zerbitzu batzuk kendu, maiztasunak eta aforoak murriztu, segurtasun- eta garbiketa-neurri bereziak ezarri badira ere, nabarmendu beharra dago populazioaren % 85ek erabiltzen jarraitzen dutela MUGI txartela.

 

Lurraldebusen susperraldia

Lurraldebusi dagokionez, uztailean, ohiko lanegun bateko eskariaren % 65 lortu da. Krisi sanitariorik ezean, uztail “normal” batean, % 80-85ekoa izango litzateke. Abuztuan, % 60koa izan da, ohikoa baino nahiko baxuagoa; irailean, berriz, gora egiten hasi da erabilera, eta kalkuluen arabera hilabetearen amaieran % 70 ingurukoa izango da. Jakina, aurreikuspen horrek aldaketak izan ditzake, eskola eta unibertsitateetako jardunaren hasieraren arabera, kontuan hartuta kasu askotan online izango dela. Urrian, zirkunstantziak aldatzen ez badira, % 75-80 ingurukoa izango da zifra, aurreko eskariarekiko.

Joera horrek funtsezko inpaktua du diru-sarreretan; beraz, eskaria % 80ra arte berreskuratzea aurreikusten bada ere, ez da berreskuratuko diru-sarreren % 80a. Horrek afekzio nabarmena izango du Gipuzkoako Foru Aldundiko aurtengo eta etorkizuneko aurrekontuetan.

  

1769