Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasun berriaren balio kate osoa erakusgai izango da Go Mobility azokan

Mugikortasun berriaren balio kate osoa erakusgai izango da Go Mobility azokan

Sektoreko berrikuntza aurreratuenak batu ditu Ficoban feria industrialaren bigarren edizioak.

2020/03/11

Automozioko enpresak, ekipamendu elektrikoa, bateria ekoizleak, energía hornitzaileak, azpiegitura eta sareetako enpresak, zerbitzu integratzaileak, Oil & Gas, konektagarritasuna eta Big Data, flota operatzaileak, teknologia eta ikerkuntza zentroak, unibertsitateak eta lanbide heziketa, eta erakunde publikoak. Horiek guztiek egin dute bat gaur Ficoba Gipuzkoako erakustazokan Go Mobility azokaren bigarren edizioan. Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babespean, Mubil fundazioak babestutako azoka hau mugikortasun berriaren balio kate osoaren topagune bilakatu da eta merkatuko berrikuntza teknologiko aurreratuenak izan dira erakusgai.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, Arantxa Tapiak, zabaldu dute azoka. Haiekin izan dituzte, irekiera ofizialean, Ainhoa Aizpuru, Mubil fundazioko presidentea, eta Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria, Iñigo Ansola. Ekitaldiaren ondoren, erakundeetako ordezkariek standetara bisita ofiziala egin dute, zeinetan kokatu diren azkenean 74 enpresa.

Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Gipuzkoak potentzial izugarria du “mugikortasun berriaren” alorrean, bereziki elektromugikortasunaren eta energia metatzearen alorretan, zeinetan “indargune industrial garrantzitsuak”, “erreferentziazko” teknologia zentroak eta “buru-belarri” honetan diharduten unibertsitate eta Lanbide Heziketa dituen. “Elektromugikortasunari eta energia metatzeari lotutako industriaren eremuan erreferentzia bilakatzeko aukera dugu. Baina hori lortzeko modu bakarra elkarlana da. Lankidetzaren bitartez soilik garatuko baitugu sektore berri hau eta, berekin, ekonomia aktibitatea eta kalitatezko enplegu berria. Horrela, gainera, aldaketa klimatikoaren aurka ekarpena egiten ariko gara”, adierazi du.

Hain zuzen ere, Olanok gaineratu duenez, ekosistema horren “berrikuntza gaitasun hori guztia maximizatzea” helburu, RIS-3 espezializazio adimentsuko estrategiaren testuinguruan, MUBIL Gipuzkoako Elektromugikortasun zentroaren eraikuntza sustatzen ari da Gipuzkoa. Lanak 2021an hasiko dira Eskusaitzetako (Donostia) industriagunean. Bertako eraikina amaitu bitartean, behin behineko egoitza Tolosako Usabal industriagunean kokatuko da. Bertan kokatuko dira behin-behinean, besteak beste, Mubilen laborategiaren lehen instalazioak, zeinak energia biltegiratzeari buruzko ikerketara eta garapenera bideratuko baitira, beti ere Cidetec-ek kudeatuta.

Bestalde, Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, nabarmendu duenez, "euskal industriak klima-aldaketaren aurkako eta mugikortasun jasangarriaren erronkari laguntzen dio", eta "ekonomiaren deskarbonizazioa aprobetxatzea" proposatu du, "epe luzeko hazkundea eta enplegua bermatzeko aukera gisa, eta, horretarako, Europan eredu industrial berri bat ezarri beharra dago, gizarteari, ingurumenari eta ekonomiari modu arduratsuan balioa emango diona".

Tapiaren arabera, "euskal industriak konpromisoa erakutsi du eredu berri horren alde egiteko eta trantsizio hori gidatzeko, mugikortasun jasangarriaren, energia berriztagarrien, sare adimendunen eta sektore horiei aplikatutako eraldaketa digitalaren bidez".

Mubil fundazioko presidenteak, Ainhoa Aizpuruk, “elkarlanaren” ideia horretan sakondu du, mugikortasun berria “etorkizuneko sektore” gisa gorpuztea xede. “Pieza guztiek bate gin dezaten nahi dugu, aktore guztien arteko sinergiak sorrarazi, Gipuzkoak alor honetan duen espezializazio maila areagotzeko”, dei egin du eta, amaitzeko, azokan parte hartzen duten guztiak gonbidatu ditu “iraultza” honen protagonista bilakatzeko.

  

2117