Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Mugikortasun berriari lotutako punta-puntako azken berrikuntzak erakusgai Go Mobility azoka industrialean

Mugikortasun berriari lotutako punta-puntako azken berrikuntzak erakusgai Go Mobility azoka industrialean

MUBIL zentroak Ficobarekin elkarlanean antolututako feria ireki dute Markel Olano diputatu nagusiak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak eta Maria Tsavachidis EIT Urban Mobility-ko zuzendari nagusiak.

Foto Mugikortasun berriari...

Mugikortasun berriaren balio kate guztiko 100 enpresa eta eragilek baino gehiagok merkatuko azken berrikuntzak izango dituzte erakusgai gaur eta bihar Ficoban egingo den Go Mobility by MUBIL azoka industrialean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen babesarekin, MUBIL zentroak Mugikortasun jasangarriaren oraina eta etorkizuna lemapean antolatu duen hitzordu hau Europaren Hegoaldean egiten den garrantzitsuena da alor honetan eta 2020ko edizioa baino %22 enpresa erakusle gehiagoren partaidetzarekin ekin dio aurtengo egitarauari.

Halaxe jakinarazi dute gaur goizean egindako irekiera ekitaldian parte hartu duten erakundeetako arduradunek. Bertan izan dira, besteak beste, Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Jabier Larrañaga, MUBIL fundazioko presidentea eta Ekonomia, Turismoa eta Landa Inguruneko diputatua; Mikel Amundarain, Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuordea; eta Ane Insausti, MUBIL zentroaren zuzendaria. Azokaren irekierako hitzaldia, berriz, Maria Tsavachidis EIT Urban Mobility-ko zuzendari nagusiak eskaini du.

"Mugikortasun berrirantz aurrera egitea ekonomia berde eta lehiakor baterantz aurrera egitea da, etorkizuneko industriaren eta enpleguen alde egitea da, lurralde jasangarri eta aurreratu baterantz urratsak ematen jarraitzea da”, adierazi du Gipuzkoako diputatu nagusiak. Bere iritziz, egungo testuinguruan, gizartea eta ekonomia deskarbonizatzeko garaian “berebiziko garrantzia” du mugikortasun “jasangarri eta garbi” baten aldeko apustuak, are gehiago bizitzen ari garen erregai fosilen prezioaren gorakada tarteko, nahiz mugikortasun jasangarrirako bidea markatzen duten legeen epeak gero eta hurbilagoak direla ikusita.

Olanok adierazi duenez, lurraldeko industriak eta berrikuntza sareak “berrikuntza gaitasun nabarmena” du eta, horrez gain, “punta-puntako produktuak eta zerbitzuak” merkaturatzen dituzte mugikortasun jasangarriaren alorrean. “Ekarpen bikoitza egiten diote gizarteari. Batetik, ekonomia aktibitate berria sortzeko gaitasuna dute eta kalitatezko enpleguak sortzen dituzte. Bestetik, berriz, gizartearen jasangarritasuna eta ingurumenari berebiziko ekarpena egiten diote. Azoka honetan elkartu diren enpresa eta eragileak dira horren lekuko”, deskribatu du.

“Etorkizunean ere” horrela izan dadin, unean uneko beharrizanei eta ziurgabetasunei erantzuteaz gain, “ezinbestekoa” da gerora begirako begiradari eustea. Horretarako, “elkarlanaren garrantziaz” mintzatu da diputatu nagusia eta gogoratu du, hain zuzen ere, horixe dela MUBIL zentroaren helburu nagusietako bat: erakundeon, unibertsitateen, enpresen eta berrikuntza zentroen arteko “lankidetza biderkatzea, gure industria egokitu dadin mugikortasun berriak dakarren eraldaketara eta probestu ditzan mugikortasun jasangarri, autonomo eta konektatuaren garapenak sortuko dituen aukerak”.

Arantxa Tapia sailburuak nabarmendu du “euskal industria prest dagoela klima-aldaketaren eta deskarbonizazioaren aurkako borrokan ekarpenak egiteko”. Oso kontziente da bere ekoizpen-sistemak hobetu eta eguneratu egin behar direla”. Haren esanetan, “dagoeneko konpromiso hori betetzen ari dira; izan ere, 2005etik 2020ra, Euskadiko enpresa-sareak berotegi-efektuko gasen isurketa-mailaren ia %50 murriztea lortu du”.

Tapiaren ustez “ezin dugu onartu industria mehatxutzat hartzea, baizik eta gure aliatu nagusitzat. Euskadiko industriak konpromisoa hartu du 2050. urterako zero isuri netoa lortzeko”. Konpromiso horrek Euskadi eta bere Basque Green Deal estrategia nazioarteko erreferente bihurtzen ditu, Glasgowko azken COP26an lortutako konpromisoekin lerrokatuta. Sailburuaren ustez, “mugikortasuna funtsezko elementua da klima-aldaketaren aurka borrokatzeko”. Nabarmendu duenez, “garraioa da berotegi-efektuko gasen iturri nagusietako bat, zehazki, Euskadiko isurketa guztien % 35 (6,4 MtCO2) garraio sektoreari dagokio, eta horregatik, Eusko Jaurlaritza, automobilgintzaren sektorearekin batera, isurketa murrizten jarraitzeko aukera emango dion mugikortasun eredu garbia lantzen ari da”.

 

Eraldaketa industriala xede

Ficoba erakustazokako 12.000 m2-ko esposizioan, ikuspegi industrial eta digitaletik, merkatuko azken berritasunak izango dira erakusgai gaur eta bihar. Izan ere, MUBIL zentroko zuzendari Ane Insaustik azaldu duenez, Go Mobility by MUBILren helburua da “topagune” izatea “balio erantsi handiko trukeak sustatzeko, proiektu berritzaileak bultzatzeko eta lurraldearen eraldaketa industriala” pizteko. Askotariko erakusketariak eta bisitariak batu dira topagune honetan eta tartean dira hainbat eragile publiko nahiz pribatu, mugikortasun berriaren erronkei aurre egiterako garaian sinergiak eta elkarlan ildoak sustatu nahian.

Horrela, bertaratzen direnek ezagutu ahalko dituzte, besteak beste, mugikortasun soluzio integralak eskaintzen dituzten enpresak, mugikortasun konektatuko soluzioak, errekarga azpiegiturak, osagarrien fabrikatzaileak, startup-ak, energia biltegiratzeari lotutako produktuak eta zentro teknologikoetako berrikuntzak, garraio sistema adimendunen hornitzaileak, tranbia, autobus eta auto fabrikatzaileak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen fabrikatzaileak.

Insaustik jakinarazi duenez, “azokaren merkaturatzearen bilakaera oso positiboa” izan da eta aurtengo edizioa 2020koa baino % 22 enpresa erakusle gehiagorekin itxi da. Enpresen jatorriari dagokionez, azoka jauzi nabarmena ematen ari da Euskal Autonomia Erkidegotik haratagoko erakusketariak erakartzeko gaitasunean. Stand-etan erakusgai egongo diren enpresa eta eragileen jatorriari buruzko datuen arabera, % 29 Gipuzkoatik etorri dira, %14 Arabatik eta Bizkaitik, %44 Estatuko gainerako herrialdeetatik eta %13 Europako herrialdeetatik –hala nola, Alemaniatik, Frantziatik, Italiatik eta Portugaldik–.

Dibulgazioa ekintzak

Hitzaldi programa da Go Mobility by MUBILen ekimenaren beste erakargarrietako bat, are gehiago gaur egungoa bezalako une batean, non energiari buruzko eztabaida eta iraunkortasuna gaurkotasun osokoak diren.

Go Mobility by MUBIL azokan nazioarteko goi mailako adituak egongo dira egunotan. Hala nola, María Tsavachidis, hiri mugikortasun jasangarriranzko eta hiri espazio bizigarrietarako trantsizioa azkartzeko ezagutzaren eta berrikuntzaren Europako komunitate EIT Urban Mobilityko zuzendari nagusia edo Carlos Moreno, urbanista franko-kolonbiarra eta Sorbonako ETI katedrako zuzendaria, hiri adimendunetako aditurik garrantzitsuenetakoa eta 15 minutuen hiria/Ordu erdiko lurraldea proiektuaren sustatzailea. Guztira, 8 hitzaldi eta hiru mahai-inguru izango dira. Horietan, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: mugikortasunaren berrikuntza disruptiboa, XXI. mendeko automozioko enpleguaren eta prestakuntzaren erronkak, edo bateria elektrikoen balio kateak mugitzen du garapen iraunkorra.

Dibulgazio jarduera hori Exhibitor's Corner delako espazioan programatutako 40 hitzaldi teknikoekin osatzen da, non enpresa erakusleek beren nobedade eta produktuei buruz hitz egiteko hitzaldi bana eskaintzeko aukera duten.

Era berean, City Market Place bat antolatu da azokan, mugikortasun jasangarriaren alorrean erronka zehatzak dituzten Europako hirien eta horiei aurre egiteko produktuak, zerbitzuak eta konponbideak proposatzen dituzten enpresen arteko topagune gisa. Bertan, Iruñea, Donostia, Malaga, Gasteiz, Irun, Bartzelona, Estambul eta Bragaren parte-hartzea dago aurreikusita. Gainera, Go Mobility by MUBILek erakusketa eremu bat eskaintzen du mugikortasun jasangarriaren arloko Europako proiektuak poster formatuan erakusteko.

Halaber, Test Drive eremu bat martxan izango d Ficobaren kanpoko eremuan, ibilgailuak ikusi eta 7.000 m2-ko zirkuitu itxian probak ikusi ahal izateko. Agenda guztia hemen kontsulta daiteke: www.gomobility.eus .

 

Inbertsioa erakartzea

Go Mobility by MUBILen helburu nagusietako bat merkatua sortzea da. Horregatik, ahalegin handia egiten da hurrengo 24 hilabeteetan sektore horietan inbertsioak egiteko asmoa duten estatuko zein nazioarteko erosleak erakartzeko. Horrela, bada, baieztatutako 32 hosted buyers inguruk parte hartuko dute azokan, enpresa publiko zein pribatuetako bisitari profesionalak, guztiak ere. Bisitariek agenda pertsonalizatua izango dute gaur eta bihar, eta gutxienez hiru bilera egingo dituzte beren intereseko erakusleekin.

  

461