Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasun eta turismo departamentuek hitzarmen bat sinatuko dute, bizikletaren erabilera sustatzeko Gipuzkoako baliabide turistiko gisa

Mugikortasun eta turismo departamentuek hitzarmen bat sinatuko dute, bizikletaren erabilera sustatzeko Gipuzkoako baliabide turistiko gisa

Hitzarmenaren xedea da protokolo bat sortzea, bizikletaren erabilera eta kultura bultzatzeko, eta bizikleta baliabide turistiko gisa garatzeko

2016/06/15

Bizikletaren Kontseilua gaur bildu da, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiaren lehendakaritzapean, bizikletaren erabilerarekin eta sustapenarekin lotuta dauden hainbat gai jorratzeko. Horien artean, Bizikletaren Kontseiluak eta GFAko Turismo Departamentuak sinatu duten lankidetza hitzarmena nabarmentzen da.

Horrez gain, onartu da Gipuzkoako aterpetxeetan bizikletentzako aparkalekuak jartzea, eta, beraz, datozen egunetan ikusiko ditugu Seguran, Orion, Hondarribian eta Zarautzen. Era berean, ostalaritzako hainbat establezimenduk azaldu dute ekimen honetan interesa dutela, oso balorazio positiboa jaso baitu, bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzeari begira.

Baliabideen mapa

Bizikletaren Kontseilutik, Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren eta zenbait eskualde agentzien laguntzarekin (Urola Garaia, Bidasoa Bizirik eta Debagoiena), baliabide mapa bat egiten ari dira, bizikletarekin zerikusia duten denda, tailer eta elkarteen harremanetarako datuak ezagutu eta horien erabilera errazteko.

Bidegorri sarea eta helduentzako ikastaroak

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Teledonostiak lankidetzari ekin diote baita ere, bidegorri sarearen 250 km baino gehiago eta Gipuzkoako ibilbide desberdinak ezagutarazteko, ostegunero “Contigo en la playa” programaren barruan emango den saioaren bidez. Lehenengo saioa aurkezteko, Marisol Garmendia “Keridos Monstruos” programan egon zen aurreko astean. Hainbat ibilbide ezagutuko ditugu: Anoeta-Ordizia, Arditurriko meatzeen bide berdea, Plazaolako bide berdea, Oñati, Irun-Endarlatsa eta Zumarraga-Azkoitia-Azpeitia.

Bestalde, Foru Aldunditik helduentzako ikastaro bat antolatuko da, Errenterian, bizikletaren erabilera sustatzeko. Ikastaroa lau saioz osatzen da: ekainaren 17, 18, 24 eta 25ean. Galtzarabordako kiroldegian emango da, eta askotariko gaiak ukituko ditu, hala nola bizikletaren oinarrizko mantentze-lanak eta funtzionamendua, segurtasun elementuak, segurtasun gomendioak, maila bakoitzari egokitutako ibilbideak eta eskualdeko puntu beltzak. 

  

1321