Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua Retina Gipuzkoa Begisarerekin lankidetzan ari da berriro, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua Retina Gipuzkoa Begisarerekin lankidetzan ari da berriro, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko

Azahara Domínguez diputatuak, Ana Grijalba Retina Gipuzkoa Begisareko presidenteordeak prentsaurrekoa eskaini dute datozen egunetan Lurraldebuseko autobusetan egingo den kanpainaren berri emateko. Miren Rodríguez Munduko begiak Fundazioaren Euskadiko koordinatzaileak ere parte hartu du. Kanpaina hau Erretinaren eta Ikuskeraren Munduko Egunak direla eta abian jarritako ekimenen barruan dago

2025/09/24
Azahara Domínguez diputatua Begisareko Ana Grijalba eta Munduko Begiakeko Miren Rodríguezekin

Azahara Domínguez diputatua Begisareko Ana Grijalba eta Munduko Begiakeko Miren Rodríguezekin


Iaz hasitako lankidetza-bideari jarraituz, eta Retina Gipuzkoa Begisare elkarteak egindako eskaerari erantzunez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bat egingo du aurten ere erakunde horrek bultzatutako kontzientziazio-kanpainarekin, gizartea "gero eta kontzienteagoa eta sentsibilizatuagoa" egon dadin ikusmen-arazo larriak dituzten pertsonekin eta egunerokoan dituzten arazoekin.
Kanpaina Erretinaren (irailaren 28an) eta Ikuskeraren (urriaren 9an) nazioarteko egunen inguruan sortu da eta bertan, Munduko Begiak Fundazioak ere parte hartuko du.
Azahara Domínguez diputatuak prentsaurrekoa eman du asteazken honetan, Ana Grijalba Begisareko presidenteordearekin eta Miren Rodríguez Munduko begiak Fundazioko koordinatzailearekin batera. Bertan, beren bizitza normaltasunez eta autonomiaz garatu ahal izateko dituzten ikusmen gaitzen ondorioz egunero bizi dituzten zailtasunak azaldu dituzte. Ildo horretan, biak bat etorri dira ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek pairatzen duten egoera ezagut dezaten herritarrak sentsibilizatzen jarraitzearen garrantzian.
Horretarako, aurten ere, irailaren 26tik urriaren 10era bitartean, Lurraldebuseko autobusek "Ikusmen murriztua dut" bereizgarria duten kartelak jarriko dituzte, eta bideoak proiektatuko dituzte intsignia hori ezagutzera emateko. "Gure autobusek milaka erabiltzaile mugitzen dituzte egunean, eta, beraz, erakusleiho ezin hobea dira gizarteak bereizgarri hori ezagut dezan eta ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek dituzten premiez ardura dadin", adierazi du diputatuak. "Hain azkar bizi gara, askotan ez diegu erreparatzen gure inguruan sortzen diren egoerei, ezta autobusa bezalako espazio mugatu bat partekatzen dugunean ere. Kanpaina honen bidez, Lurraldebuseko erabiltzaileak ikusmen murriztua duten pertsonen errealitatearekiko sentikorragoak izatea nahi dugu, behar izanez gero laguntza eman ahal izateko eta, horrela, garraio publikoko zerbitzu gizatiarrago bat eskaini ahal izateko, pertsona guztiok, gure gaitasunak alde batera utzita, tokia izan dezagun ", adierazi du.
Azahara Domínguezek azpimarratu du garraio publikoak duen papera "pertsona guztiek, bizi diren lekuan bizi direla, duten errenta-maila eta dituzten gaitasun fisiko eta mentalak dituztela, beren bizitza baldintza berdinetan garatu ahal izateko", eta penatuta agertu da "askotan, gizarte-ulermenik ezaren ondorioz, pertsona batzuek ez dutelako nahi izaten garraio publikoa bezalako funtsezko zerbitzu batez gozatzea". Ildo horretan, azpimarratu du oso garrantzitsua dela pertsona guztiek beren bizitza "autonomia osoz" garatu ahal izatea, eta zerbitzua "gizatiartzearen" aldeko apustua egin du, erabiltzaileei dei eginez inguruan sortzen diren egoerei adi egoteko eta, beharrezkoa bada, laguntza emateko.
Gainera, gogorarazi du bere departamentuak ere Begisarerekin lankidetzan jarduten duela lurralde-antolamenduaren arloan, Gipuzkoako udalerriek beren hirigintza-plangintzetan pertsona horiek bizi duten errealitatea kontuan izan dezaten sustatuz, eta, horrela, "guztiok tokia izango dugun Gipuzkoa bat eraikiz".


Ia 13.000 pertsona Gipuzkoan
Ana Grijalba Retina Gipuzkoa Begisareko presidenteordeak azaldu duenez, ikusmen-desgaitasun larriak 40.000 pertsona ingururi eragiten die Euskadin, horietatik 13.000 Gipuzkoan. Begisare bezalako elkarteak lanean ari dira erasandako pertsonei eta haien inguruari babesa eta laguntza emateko, haien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko eta autonomiaz moldatzeko.
Zentzu horretan, 2013an, Retina Gipuzkoa Begisarek Ikusmen murriztua dut bereizgarria sortu zuen, begi verde baten irudia eta testu esplizitua duen txapa edo besokoa. "Kanpaina haren helburua pertsonak denbora gehiago behar duela, laguntza behar duela edo ezin duela argi ikusi, nahiz eta itsuen berezko makila zuria ez erabili, zen, baita gaizki-ulertuak saihestea eta inklusioa eta enpatia sustatzea ere", gogorarazi du Grijalbak.
Hala ere, hamarkada bat baino gehiago geroago, "bereizgarria oraindik ez da aski ezaguna" herritarren artean, eta, beraz, Begisarek berriro eskatu du erakundeen inplikazioa bereizgarria gizarteratzeko.
"Lurraldebusekin batera daramagun kanpaina hau Erretinaren eta Ikuskeraren Munduko Egunak direla eta abian jarritako ekimenen barruan dago. Aurten Retina Euskadi Begisarek Donostian, urriaren 4an, Okendo plazan antolatu du ospakizuna eta bertan herritarrek ikusmen-galera larria eragiten duten gaixotasunak ezagututzeko eta kaltetuek nola ikusten duten esperimentatu ahal izango dute", azaldu du.
Urrian tamaina handiko kartelak jarriko dira Gipuzkoako markesinetan eta MUPIetan, bai kalean, bai garraio geltokietan. Halaber, spot bat emango da ETBn, ikusmen baxuaren sintomak eta bereizgarriak zertarako balio duen azaltzeko.
"Erakundeek Mugikortasuneko Departamentuaren moduko ekimen errazekin duten inplikazioak berebiziko garrantzia du guretzat. Jendeak ulertzen gaituela baldin badakigu, etxetik irtetera animatzen gara, eta horrek gure osasuna hobetzea dakar ", adierazi du.


Pobreziaren astungarria
Bestalde, Miren Rodríguez Munduko Begiak-eko koordinatzaileak gogorarazi du fundazio honek bi hamarkada daramatzala lanean "herritarrak sentsibilizatzeko eta azaltzeko begi-osasunerako sarbidea ez dela luxu bat, eskubide unibertsal bat baizik, eta saihestu daitekeen itsutasunaren aurka borrokatzea, zuzenean, desberdintasunaren eta pobreziaren aurka borrokatzea dela. Eta pertsona bati ikusmena itzultzea, egun batetik bestera, bere bizitza aldatzea dela". Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan, Aljerian, Malin, Mozambiken eta Bolivian gauzatzen ditu bere proiektuak, "begi-arreta unibertsala, iraunkorra, eskuragarria eta kalitatezkoa izateko eskubidea bermatzeko".
Gipuzkoako biztanleak oinarrizko "begi-arreta unibertsalerako eskubideari" buruz sentsibilizatzeko, Munduko begiak ekimenak hainbat jarduera antolatu ditu:
- Urriaren 14an, 20:00etan, Zumarragako Zelai Aristin, Sebastian Alfieren GABOR film dokumentalaren emanaldia.
- Urriaren 18a. Jardunaldi solidarioa Donostian, bisita kulturalarekin eta bazkari solidarioarekin Istingorra elkarte gastronomikoan
- Urriaren 23tik abenduaren 5era. Ernest Lluch Kultur Etxean, Elisenda Pons argazkilariaren "Inhambaneren begiak" argazki erakusketa
- Urriaren 23a. 19:00etan. Ernest Lluch Kultur Etxean, Sebastian Alfieren GABOR film dokumentalaren emanaldia.
 

  

2090