Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 2025a amaitu baino lehen Avanzako autobusen % 63,64 berrituko ditu

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 2025a amaitu baino lehen Avanzako autobusen % 63,64 berrituko ditu

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, 2023ko uztailaren erdialdetik 22 autobus berri sartu dira, eta aurreikusita dago 2025ean beste 27 autobus gehiago sartzea.

2025/05/07
Azahara Domínguez diputatua Batzar Nagusietan

Azahara Domínguez diputatua Batzar Nagusietan


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Avanza enpresako autobusen % 63,64 berrituko ditu. Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, 2023ko uztailetik, legealdia hasi zenetik, orain arte, 22 autobus berri sartu dira emakidadun horretan, eta aurten beste 27 gehituko zaizkie. Horrek esan nahi du, 2025 amaitzen denerako, Avanzak dituen 77 autobusetatik 49 berriak izango direla.
Azahara Domínguezek agerraldia egin du asteazken honetan Batzar Nagusietan, EH Bilduk eskatuta, Avanza enpresa multinazionaleko lan-gatazkari amaiera ematen laguntzeko bere departamentua egiten ari denaren berri emateko.
Aldundiak enpresak eta langileek duten lan-gatazkari buruzko eskumenik ez duela gogorarazi ostean, diputatuak azaldu du, hala ere, enpresa-batzordearekiko komunikazioa "etengabea" dela, eta "hainbat bilera" izan direla langileen ordezkariekin, azkena otsailean. Gainera, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak "zubi" lana egin du Eusko Jaurlaritza bitartekari izan dadin gatazka honetan.
Diputatuak bere hitzaldian azaldu duenez, egiten ari diren flota berritzeaz eta batzordearekin dituen kontaktuez gain, bere departamentua emakidadunaren "etengabeko jarraipen eta kontrol lan iraunkorra" egiten ari da. Denbora horretan, 14 errekerimendu egin zaizkio enpresari, 12 ikuskapen egin dira eta 59 zehapen jarri dira.

Hobekuntzak zerbitzuan
Era berean, Azahara Domínguezek gogorarazi du legegintzaldi honetan neurri garrantzitsuak aplikatu direla herritarrei "ematen diegun zerbitzua hobetzeko".
Ildo horretan, gogorarazi du udako hilabeteetan ordu erdiko maiztasunak ezarri zirela Loiuko aireporturako konexioetan, eskariaren hazkundeari aurre egiteko. Izan ere, zerbitzu hau MUGIn sartu zen iaz. Era berean, zerbitzua indartzeko politika bultzatu da, eta guztira 5.822 errefortzu eta 261 zerbitzu berezi eman dira emakidadun honetan 2024an.
Gainera, 2023ko abendutik, erabiltzaileek aurrez aurreko langileak dituzte Loiuko aireportuan, txartelak erosten laguntzeko. Donostiako autobus geltokiko txarteldegiko langileak ere indartu dira.
Halaber, web-orrian hobekuntzak egin dira, eta iazko urrian telefono bidezko erosketa-zerbitzua jarri zen abian.
Horri guztiari esker, Lurraldebuseko HAZen jasotako erreklamazioak nabarmen jaitsi dira, 2023ko uztaila eta abendua bitartean izandako 132 erreklamazioetatik 2024ean izandako 125etara.
"Gure esku dagoen guztia egiten ari gara, zerbitzu hobea eskaintzeko ez ezik, Avanzak flota berritua, modernoa, erosoa eta segurua izan dezan zerbitzua emateko", adierazi du diputatuak.
 

  

4190