Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 400.000 eurorekin finantzatuko ditu Pasaia, Errenteria eta Lezoko berroneratze proiektuak
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 400.000 eurorekin finantzatuko ditu Pasaia, Errenteria eta Lezoko berroneratze proiektuak
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 400.000 eurorekin finantzatuko ditu Pasaia, Errenteria eta Lezoko berroneratze proiektuak
Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, bere sailak hitzarmen bana sinatu du udal horiekin, Pasaialdea biziberritzeko urratsak ematen jarraitzeko. Gogorarazi duenez, bere departamentuak 2015tik hona 13,3 miloi inbertitu ditu eremu horretako hiri-berroneratze jardueretan

Azahara Domínguez diputatua Mikel Arruti, Aizpea Otaegi eta Teo Alberro alkateekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 400.000 eurorekin ordainduko du Pasaian, Errenterian eta Lezon hiri-berroneratzera bideratutako zenbait jarduketa, Aldundiak Pasaialdea berroneratzeko duen konpromisoaren esparruan.
Hala iragarri du astelehen honetan Azahara Domínguez diputatuak, nork Teo Alberro Pasaiako alkate, Aizpea Otaegi Errenteriko alkate eta Mikel Arruti Lezoko alkatearekin batera prentsaurreko bat eman duen Donostian. Bertan, Lore Suárez Lurralde Antolaketako zuzendaria ere egon da.
Diputatuak azaldu duenez, hitzarmen horien helburua udalei beren udalerrietako azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko egindako jarduketen kostuak ordaintzen laguntzea da, herritarrek bizi-kalitatea hobetu dezaten. "Hitzarmen horiekin zerbitzu gehiago eta hobeak ematen dizkiegu udalerri horiei, eta, horrez gain, zuzenean jarduten dugu bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen", nabarmendu du diputatuak, eta azken urteotan egindako jarduketei esker, "Gipuzkoa orekatuagoa, kohesionatuagoa eta, beraz, bidezkoagoa eraikitzeko bidean aurrera egin dugu".
"Pasaialdea biziberritzeko apustua garbia izan da", adierazi du diputatuak, eta gogorarazi du azken hamarkadan bere departamentuak 13,3 miloi bideratu dituela badia osatzen duten udalerriak berroneratzeko. "Duela hamarkada bat, Pasaialdeko badia Gipuzkoako eta Euskadiko hirigune degradatuenetako bat zen. Orduan, inguru honetan inbertitzearen aldeko apustu sendoa egin zen, hiri-berroneratzearen beharrari erantzuteko, baita inguruko gizarte eta ekonomiari eragiteko ere, eta uste dut baiezta dezakegula lortu dugun zerbait dela; izan ere 2025eko Pasaialdeak ez baitu zerikusirik 2015eko Pasaialdearekin ", adierazi du Azahara Domínguezek.
Pasaia
Domínguezek jakinarazi duenez, Pasaia izango da diru gehien jasoko duen udala: 280.000 euro, guztira, "hiri-berroneratzeko hainbat proiektura bideratuta egongo direnak, hala nola komun autogarbitzaile berriak jartzeko Antxon eta Donibanen, Trintxerpeko eta Donibaneko frontoietan berrikuntza lanak egiteko, mendi-mazela publikoa egonkortzeko San Pedro eta Donibanen, edota Antxo eta Trintxerpeko parkeen berrikuntza gauzatzeko".
Horri dagokionez, Teo Alberro alkateak honako hau adierazi du: "Inbertsio hauei esker pasaitarrek merezi duten herria izatearen aldeko pausoak egin ahalko ditugu, baina ezin ahaztu dezakegu Pasaiak dituen behar eta gabezia estrukturalak. Joan den urtean ezin izan genien horiei erantzun Aldundiaren ekarpen hau jaso ez genuelako, eta aurten hitzarmena berreskuratu izana pozgarria bada ere, tamalez, azken hitzarmenak aurreikusten zuen ahaleginaren mailakoa izatetik oso urrun dago”.
Errenteria
Errenteriari dagokionez, Ondartxoko udal hiltegi zaharraren eraikina eraberritzeko eta hobetzeko Udalak egin dituen lanen esparruan, jasotako finantzaketa (80.000 euro guztira) lagungarri izan da 494.000 euroko pabiloi berria eraiki ahal izateko Oiartzun ibaiaren ertzean. Itsas zentrotik gertu, Hibaikari lagatu zaion ekipamendu berri hau ontziak biltegiratzeko erabiliko da.
Aizpea Otaegi alkatearentzat "aurreko urtean ez bezala ,aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaialdeko Udalekin hitzarmena berreskuratu du, gure ingurunearen eraldaketan eta biziberritzean laguntzeko helbururarekin. Berri pozgarria da honakoa, hala ere aurtengo kopuruak aurreko zenbait urteetan jaso izan ditugunetatik oso urruti daude. Gainera, 2026ko aurrekontu proiektuan ez dago jasota partida hau eta beraz gure kezka eta desadostasuna adierazi nahi dugu erabaki honekiko. Pasaialdean Gipuzkoako eremu industrialik garrantzitsuenetako bat badugu ere, bere izaera bereziagatik udalok zergetan ez dugu jasotzen ohiko ingurune industrialek egiten duten ekarpena. Horregatik funtsezkoa da Aldundiak, zerga berezia aktibatzea, Bizkaian, Araban eta Nafarroan egin bezala horrelako azpiegiturek inguruneari ekarpena egin diezaieten. Bien bitartean Aldundiari eskatzen diogu konpentsazio neurriak aktibatu ditzala"
Lezo
Azkenik, Azahara Domínguezek jakinarazi du Lezoko Udalak 40.000 euroko dirulaguntza jasoko duela "bidegorri sarearen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko". Zehazki, zoladura-lanak egingo dira, beharrezko tratamendua eginez eta nahasketa asfaltikoarekin; era berean, ardatzen margoketa eta bidegorriaren eta oinezkoen guneen arteko bereizketa berriztatuko dira.
Mikel Arruti alkateak honako hau esan du: "Pozgarria da Lezon mugikortasunerako hobekuntzak gauzatzeko finantziazio-laguntzak jasotzea. Argi dugu herrian mugikortasun jasangarria eta pertsona guztientzako espazioak bermatzeko beharrezkoak diren jarduerak garatu behar direla. Herri bizigarriago eta inklusiboago baten aldeko konpromisoa dugu, eta hitzarmen honek Lezoko Udalak mugikortasuna hobetzeko dituen baliabide mugak arintzen laguntzen badu ere, baditugu beste erronka batzuk. Esaterako, badiako udalerriok hainbat albo-kalte pairatzen ditugu portuaren jardueraren ondorioz. Horregatik, etorkizunean, horrelako hitzarmenak handitu egin beharko liratekeela uste dugu, udalerrietako behar gehiagori erantzuteko. Argi dugu administrazioen arteko elkarlanak herritarren onura izan behar duela helburu, Lezoko Udaletik bide horretan lan egiten jarraituko dugu”.
1954