Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Gipuzkoako turismo industriaren lehen topaketa antolatu du Ficoban

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Gipuzkoako turismo industriaren lehen topaketa antolatu du Ficoban

Hitzordua datorren ostegunean, otsailak 8, izango da, "Turismoaren etorkizuna birdefinituz" izenburupean, eta 200 ordezkari instituzional, sektoreko eragile eta profesional inguru bilduko ditu.

2024/01/29
Azahara Domínguez eta Ander Sarratea, Ficoban

Azahara Domínguez eta Ander Sarratea, Ficoban


Azahara Domínguez: "Turismo-industriako eragileak entzun eta kontuan hartu behar ditugu gure turismo-politikak garatzeko orduan. Eta kongresu hau agertoki bikaina da topo egiteko eta gure turismo-estrategiaren definizioan aurrera egiten jarraitzeko”.

​​​Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako Turismo Industriaren lehen topaketa antolatu du, datorren ostegunean, otsailak 8, Irungo Ficoba zentroan. Bertan, 200 ordezkari instituzional, sektoreko eragile eta profesional inguru bilduko dira. Jardunaldian izango dira Cristina Laborda Irungo alkatea, Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatua, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, eta Rosana Morillo Turismoko estatu-idazkaria.
Hitzorduaren izenburua "Turismoaren etorkizuna birdefinituz" izango da, eta hainbat hitzaldi eta mahai-ingururen bidez sektoreak lurraldean dituen erronka nagusiei heltzeko aukera emango du. Izen-ematea doakoa da eta www.gipuzkoaturismoa. helbidean egin daiteke. Gainera, topaketara joateko garraio jasangarria errazte aldera, Azahara Dominguezen departamentuak hiru autobus jarriko ditu Beasaindik, Zarauztik eta Donostiatik joateko eta itzultzeko.
"Turismoa goraka doan sektore ekonomikoa da Gipuzkoan. Horrela erakusten digute jarduera turistikoari buruzko azken datuek 2023an, Gipuzkoako marka guztiak hautsi direnean, BPGaren % 7,1era iritsiz. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua plan estrategiko bat prestatzen ari da, datozen urteetarako gure politiken gidalerroak zehazteko. Eta sektorearen eskutik egin nahi dugu. Izan ere, ezinbestekoa da turismo-industriako eragileei entzutea eta kontuan hartzea gure turismo-politikak garatzeko orduan. Eta kongresu hau agertoki bikaina da topo egiteko eta gure turismo estrategiaren definizioan aurrera egiten jarraitzeko ", nabarmendu du Azahara Dominguez diputatuak.


Estatuko eta nazioarteko adituak
 
Irekiera instituzionalaren ondoren, Claudio Milano Gizarte eta Kultura Antropologian doktoreak emango dio hasiera jardunaldiari, eta tokiko, nazioko eta nazioarteko turismoaren joera nagusiak jorratuko ditu hitzaldi batean.
Ondoren, Caroline Couret aholkulariak turismo sortzailearen gakoak emango ditu, puntako helmuga turistikoen estrategietan gero eta agerikoagoa den joera, eta, hitzaldiaren ondoren, mahai-inguru bat egingo da sektoreko profesionaleekin.
Jardunaldiaren erakargarritasun nagusienetako bat Islandiaren experientzia ezagutzea izango da, herrialde gonbidatu gisa. "Islandia aukeratu dugu erreferentziazko helmuga izateaz gain, antzekotasun batzuk aurkitzen ditugulako helmuga gisa: hizkuntza propioa, naturaren aldeko apustua eta nortasun kultural hain egiazkoa, besteak beste", nabarmendu du Azahara Dominguez diputatuak. Snorri Valsson Turismoko komunikazio eta harreman publikoetako arduradunak herrialde nordikoak mundu mailan erreferentziazko helmuga turistiko bihurtu arte jarraitu duen estrategia azalduko du.
Halaber, egunean zehar, denbora egongo da tokiko eragileek beren proiektu turistikoak eta gure lurraldean jaio diren ekimen turistiko originalak azal ditzaten.
Jardunaldiari amaiera emateko, Emilio Duró aholkulari, herrialdeko lehen enpresetako prestatzaile eta komunikabideetako artikulu ugariren egileak hartuko du parte.
"Aditu horien esperientziak Gipuzkoan nahi dugun turismo-eredua definitzen laguntzen digute. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan turismo iraunkorra, deszentralizatua eta desestazionalizatua sustatzeko lan egiten dugu, non bisitatzen gaituenak helmuga errespetatzen duen eta esperientzia murgiltzaileen bidez, gure lurraldeko erakargarritasun turistiko nagusiak ezagutzeaz gain, gure kultura eta izateko modua, gipuzkoarrok definitzen gaituena, ezagutu ahal izateko. Horrela bakarrik lortuko dugu industria turistikoak sortzen duen aberastasuna lurraldeko eskualdeetan modu orekatuan banatzea eta turisten eta gipuzkoarren arteko elkarbizitza hobetzea ", ondorioztatu du Azahara Dominguezek.

Ficoba, MICE turismo egoitza

​​​​​​​
Irungo Ficoba erakustazokak 70.000 metro karratuko instalazio abangoardistak ditu, eta Gipuzkoara iristen diren profesionalentzako erakarpen nagusietako bat da; beraz, MICE turismoaren (Meeting, Incentives, Conferencing eta Exhibitions) edo negozioen lehen mailako egoitza da. Izan ere, Ficoba duela gutxi aurkeztu dute Fiturren, Gipuzkoan kongresuak hartzeko erreferentziazko leku gisa.
“Ficobak balio bikoitza du kongresua hartzeko. Alde batetik, horrelako ekitaldiak gure jarduera-egutegia aberasten dutelako. Baina, batez ere, kongresu honen parte sentitzen garelako, Ficobak Gipuzkoako turismoa sustatzen duen agentea bat delako, negozio-turismoa eragile gisa. Balio erantsi handiko turismoa, gainera, turismo-jardueraren deszentralizazio eta desestazionalizazioa sustatzeko gai dena. Funtsezko elementua jarduera ekonomiko honen iraunkortasuna sustatzeko”, adierazi du Ander Sarrasteak, Ficobako zuzendari-gerentea.

  

1130