Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako zazpi erakargarri turistiko sustatuko ditu Fiturren

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako zazpi erakargarri turistiko sustatuko ditu Fiturren

Azahara Domínguez Madrilera joango da Zumarraga, Deba, Pasaia, Irun, Zarautz, Debagoienako eskualdea eta euskal kostaldeako geoparkea lehen eskutik aurkeztera, lurraldean turismo-fluxuak banatzen laguntzeko.

2024/01/23
Gipuzkoako zazpi atrakzio turistikoak Fitur 2024en.

Azahara Domínguez: «Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan, lanean ari gara jarduera turistikoa urtarokotasunetik atera dadin eta Gipuzkoara iristen diren bidaiarien fluxuak lurralde osoan modu orekatuagoan bana daitezen laguntzeko. Zazpi proiektu horiek bete-betean lerrokatzen dira estrategia horrekin, eta turismo-industria gipuzkoarren bizikide hobea izan dadin laguntzeaz gain, turismo-jarduerak sortzen duen enplegua eta aberastasuna Gipuzkoako eskualdeetan modu orekatuagoan banatzen laguntzen digute».

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez Fiturren dago, Gipuzkoak zazpi proiektu aurkeztuko baititu bertan, lurraldeak turismorako duen potentzial eta erakargarritasun izugarriaren erakusgarri. «Lurralde gisa asko dugu eskaintzeko, eta Fitur lehen mailako erakusleihoa da turismo-industriak eta bisitariek Gipuzkoa sakon ezagutu dezaten. Izan ere, ez gara hondartzaz edo mendiaz soilik ari, gastronomiaz, kulturaz, hiri-paisaiaz, historiaz, tradizioaz... ere ari gara. Azken batean, gure inguruko beste norako batzuetatik bereizten gaituen eta gipuzkoar gisa nabarmentzen gaituen guztitik», azpimarratu du diputatuak.

Unescoren geoparkeak
Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako Sarearen eta Geoparkeen Munduko Sarearen parte da 2010. urtetik. 2015eko azaroan, UNESCOren Munduko Geoparke izendatu zuten, eta izendapen horrek aparteko balioa duten gune eta paisaia geologikoen garrantzia nabarmentzen du. Gaur egun, Gipuzkoako kostaldeko balio turistiko handienetako bat da.

Zumarraga Bide Bizia
Zumarraga Bide Bizia hiru ibilbideko proiektu bat da, bisitariari Urola Garaiko hiri-paisaian eta paisaia naturalean eta historian sartzeko aukera ematen diona. Alde batetik, hiri-ibilbideak Zumarragako historian sartzeko aukera ematen du, herrian zeharreko ibilbide baten bidez. Bisitariek, besteak beste, azoka, zinema-areto zaharra eta Itzalon antzokia, Mendia etxea, Parrokia Berria, Itziar, Zumeak, Joko-leku, Antioko baseliza eta haren interpretazio-zentroa eta hilerria aurkituko dituzte. Bestalde, ibilbide industrialari esker, Zumarragako oraintsuko uneak eta historiak uler daitezke, XX. mendean eskualdearen izaera, bizitza eta fisionomia markatu duten prozesu industrializatzaile biziari lotuak. Azoka, Legazpiko eskolak, eskailera hirukoitza, Fumisterías del Norte, tximiniak, txatarra, horma, geltoki zaharra edo erreka ondoko ibilbide berria dira puntu interesgarrietako batzuk. Azkenik, Zumarragako ingurune naturalak Urolako bide berdea, hiru tenpluak edota Antio-Beloki natur ibilbideak eskaintzen ditu, besteak beste. 

HAB, Debako historiaurreko harana
Debako udalerrian dagoen 3,8 kilometroko ibilbide honen bidez, inguru horretako historiaurreko aztarnategi paleolitikoen xarma naturala eta balioa ezagutu daitezke. Ibilbidea Deban hasten da eta Artzabal auzorantz doa; handik, Deba ibaiaren gaineko bide zaharretik, Sasiolara iristen da. Trazadura, neurri handi batean, Ermitia mendiaren mazelaren erdialdetik doa (Ermitia eta Praileatiz kobazuloak daude bertan), eta, besteak beste, Debako meandroez eta erriberez, Lasaoko labarrez, Arno-Izarraitz korridoreko paisaia karstikoaz, Ermitiako ahoaz edota Astigarribiko eta Iruoingo pinakulu karstikoez gozatzeko aukera ematen du. 

GR-289. Hartzaren urratsak
Debagoieneko eskualdean bizi izan zen azken hartza Antzuolan hil omen zen 1867an. Zalantzarik gabe, eskualdea plantigraduen lurralde izana da. Hala erakusten dute Arrikrutz eta Lezetxikiko haitzuloetan aurkitutako hondakinek, bai eta bertako baserriek horri buruz egiten dituzten erreferentzia ugariek ere. Gure arbasoek egin zuten modu berean –oinez–, naturaz, ondareaz eta inguruaren historiaz gozatzeko, GR-289ak bost etapa barne hartzen ditu: Oñati-Bergara (22.8 kilometro), Bergara-Arrasate (19,2 kilometro), Arrasate-Leintz Gatzaga (20,2 kilometro), Leintz-Gatzaga-Araotz (14,5 kilometro) eta Araotz-Oñati (20,2 kilometro), zortzi udalerri zeharkatzen ditu. 

Pasaia Itsas Festibala
Maiatzaren 9tik 12ra bitartean, Pasaia galaz jantziko da berriro, hainbat herrialdetako dozenaka ontziri harrera egiteko. Lau egunez itsas kulturak nahastuko dituzte, gastronomiaren, musikaren eta itsasoarekin lotutako lanbideen bidez. Ondare-balioa duten itsasontziak izango dira berriz ere itsas ondarea babesteko eta zaintzeko sortu zen jaialdi baten protagonistak. Jaialdi horretan, dozenaka jarduera egingo dira adin guztietako ikus-entzuleen gozamenerako.

Ficoba, euskal kostaldeko topaketa profesionalen egoitza
Milaka bisitari etortzen dira urtero Gipuzkoara, gure lurraldeko xarma natural, kultural eta gastronomikoek erakarrita. Baina Gipuzkoak profesionalen jomuga ere izan behar du, eta Ficoba Madrilen izango da biltzarrak erakartzeko erreferentziazko egoitza gisa, Garraioaren ETEen eta Bidaiarien Errepide bidezko Mugikortasunaren III. Kongresu Nazionalaren aurkezpenarekin.

Zarautz, familian
Gipuzkoan surfa maite dutenen meka da, baina pandemiaz geroztik, familian bidaiatzen duten pertsonentzat ere erreferentziazko helmuga bihurtu nahi du Zarautzek. Familiaren helmuga turistiko gisa zigilua lortu ondoren, herriak bikaintasunerantz pauso bat eman nahi du orain, eta hainbat ekimen jarriko ditu abian, besteak beste, gymkhana baten antzeko funtzionamendua duen joko interaktiboa, nerabeei zuzendua.

«Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan, lanean ari gara jarduera turistikoa urtarokotasunetik atera dadin eta Gipuzkoara iristen diren bidaiarien fluxuak lurralde osoan modu orekatuagoan bana daitezen laguntzeko. Gure estrategiaren oinarria turismo-eredu jasangarri bat sortzea da, geografikoki orekatua eta urte osoan zehar banatua. Zazpi proiektu horiek bete-betean lerrokatzen dira estrategia horrekin, eta turismo-industria gipuzkoarren bizikide hobea izan dadin laguntzeaz gain, turismo-jarduerak sortzen duen enplegua eta aberastasuna Gipuzkoako eskualdeetan modu orekatuagoan banatzen laguntzen digute», azpimarratu du Azahara Domínguezek. 

  

1119