Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak udalerri txikiekin duen konpromisoa indartu du, udal hirigintza-plangintzan aurrera egiteko laguntza-lerro batekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak udalerri txikiekin duen konpromisoa indartu du, udal hirigintza-plangintzan aurrera egiteko laguntza-lerro batekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak udalerri txikiekin duen konpromisoa indartu du, udal hirigintza-plangintzan aurrera egiteko laguntza-lerro batekin
Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, bere departamentuak 200.000 eurotik 250.000ra igo du partida hori, 7.000 biztanletik beherako herriek beren plangintzan jasangarritasuna, hiri-berroneratzea edo klima-aldaketa bezalako gaiak jorratu ahal izateko, besteak beste, eta, horrela, 2006ko lurzoruaren euskal legea betetzeko. Iaz zazpi udalerrik jaso zituzten laguntza hauek

Azahara Domínguez diputatua Iñaki Irazabalbeitia eta Maite Arana alkateekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak udalerri txikiekin duen konpromisoa indartu du laguntza lerro batekin, udalerri horiek hirigintza-plangintzan urratsak eman ditzaten. Dirulaguntza horiek 250.000 eurokoak izango dira 2024ean baino %25 gehiago, udalerri gehiagok beren hiri-plangintzan egin beharreko aldaketei aurre egiteko aukera izan dezaten, tokiko erronkei aurre egiteko aukera emanez, hala nola jasangarritasunari, hiri-berroneratzeari edo klima-aldaketari, besteak beste.
Azahara Domínguez diputatuak agerraldia egin du ostegun honetan Donostian, Iñaki Irazabalbeitia eta Maite Arana Alkizako eta Larraulgo alkateekin batera, biak ere 2024an laguntza horien onuradun izan zirenak. Azaldu duenez, dirulaguntza lerro honek udalerri horiek beren gain hartu behar duten hirigintza-dokumentua idazteko gastuen zati bat estaltzen du. Udalerriek urtean eragindako gastuen % 50 lor dezakete gehienez. Ehuneko hori % 75era igotzen da 2.500 biztanletik beherako udalerrien kasuan, eta % 90era 500 biztanletik beherako udalerrien kasuan. Nolanahi ere, ezarritako gehieneko muga 30.000 eurokoa izango da.
Udal interesdunek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko.
Azahara Domínguezek azpimarratu du horrelako laguntzak oso garrantzitsuak direla udalerri txikientzat. "Udalerri guztiek, tamaina edozein dela ere, etorkizunari begira egongo den, integratzailea eta inklusiboa izango den, ingurumena errespetatuko duen eta biztanleen bizi-kalitatea hobetuko duen hiri-garapena planifikatzeko beharrezko tresnak izatea nahi dugu", adierazi du diputatuak. "Udalerri txiki askok ez dute hirigintza-plangintzako prozesuak modu autonomoan egiteko baliabide tekniko eta ekonomiko nahikorik, eta hori oztopo izan daiteke beren lurraldeetan proiektu estrategikoak bultzatzeko", gaineratu du.
"Laguntza hauek funtsezkoak dira udalerri bakar bat ere atzean geratuko ez dela bermatzeko. Askotan, egitura administratibo mugatua duten herriez ari gara, ekimen jakin batzuei ekiteko behar adina giza talde edo bitarteko ekonomikoak ez dituztenak. Horregatik, horrelako laguntzak ezinbestekoak dira plangintzak egiteko, berrikusteko edo egungo erronketara egokitzeko, hala nola jasangarritasunera, klima-aldaketara edo hiri-espazio zaharkituak leheneratzeko beharrera", azaldu du. "Hirigintza-plangintza eguneratu batek lurraldea antolatzeaz gain, baliabideak hobeto aprobetxatzeko, gizarte-kohesioa sustatzeko, tokiko jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko aukera ematen du. Pertsonen eguneroko bizitzan benetako ondorioak dituen eraldaketa-tresnaz ari gara. Horregatik, hirigintza udalerri txikienentzat ere irisgarria izan dadin lanean jarraituko dugu, Gipuzkoaren etorkizunean duen eginkizuna funtsezkoa baita ", baieztatu du.
Zazpi onuradun 2024an
Diputatuak azaldu duenez, iaz eskaera guztiei erantzun zitzaien eta zazpi udalerrik jaso ahal izan zuten dirulaguntza: Alkiza, Ataun, Antzuola, Elduaien, Larraul, Legorreta eta Lizartza.
Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak balorean jarri ditu dirulaguntza hauek: “Alkiza bezalako landa-herri batentzat Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) garatzea ahalegin handia da eta ahalegin horren zati oso inportantea plana garatzen ari diren kanpoko profesionalen kostua da. Gure kasuan orain lantzen ari garen HAPOa, bi urte barru bukatzen dugunean, 200.000 €-tik gorako ahalegin ekonomikoa egina izango dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ezinbestekoa da udal txikiok HAPOak eskatzen duen inbertsio ekonomikoari aurre egiteko. Aldundiaren laguntzarik gabe, baliabide propio gehiago erabili beharko genituzke eta hori herritarrei eskaintzen diegun zerbitzuen kaltean izango litzateke”.
Azkenik, Larraulgo alkatea den Maite Aranak, honako hau esan du: “Larraulek gazte asko ditu, eta etorkizuneko aukera bideragarriak sortzeko gai ez bagara, beste herri batzuetara joango dira. Nirea bezalako herrien etorkizuneko biziraupena ziurtatzeak ez gaitu bakarrik alkateok kezkatu behar, baizik eta administrazio guztiak, gipuzkoar guztien ondarea baikara. Guk onartu berri dugu Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO), orain alegazio-aldian sartzen dena, eta hori ezinezkoa zatekeen laguntza horiek gabe; horregatik, Azahara Domínguez diputatuari eskerrak ematen dizkiogu lurraldearekiko duen sentsibilitateagatik eta konpromisoagatik”.
4404