Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Musikak eta ingurumenak hitzordua izango dute Victoria Eugenia antzokian datorren astelehenean

Musikak eta ingurumenak hitzordua izango dute Victoria Eugenia antzokian datorren astelehenean

Donostiako Kontserbatorioko orkestra sinfonikoak «Kontaidazu baso bat» ipuin musikala estreinatuko du.

2022/12/16
Cuéntame un bosque

Oholtza gainean ehunen bat musikari bilduko ditu ingurumenaren eta musikaren batasuna helarazteko eta bi alderdi horiek gazteenen artean ezagutarazteko.

Mónica Pedreira: «Musika tresna didaktiko bikaina da bizi ditugun ingurumen arazoen errealitatearen inguruan sentsibilizatzeko gazteak. Adierazpen artistiko izatetik haratago, musikak munduaren sonoritatea laguntzen du sentsibilizazio tresna gisa, ingurumenaren inguruko kontzientzia eta enpatia handiagoa sortuta, arrazonamendu kritikoa garatuta eta gazteenen konpromiso etikoa indartuta».

Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoak astelehen arratsaldean (19:30) kontzertu bat emango du Gipuzkoako hiriburuko Victoria Eugenia antzokian. Hori izango da 2022-2023 ikasturteko lehen programa. «Kontaidazu baso bat» obra sinfonikoa estreinatuko da, ipuin musikal bat, Francisco Ibáñez de Irribarria musikari arabarren eskutik, María Jesús Santervásen letrarekin. Obra hau 2020an konposatu zen Donostiako Kontserbatorioak enkargatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuaren lankidetza du.

Ipuin musikalak kontatzen du giza espeziearen eta basoaren arteko harremana testuaren eta musikaren bidez; narratzaile bat, Kontserbatorioko orkestra sinfonikoa eta zentroko ikasle gazteneen abesbatza izango dira bertan. Guztira, agertokian ehun musikari inguru bilduko dira. Ingurumenaren eta musikaren arteko lotura hedatzeko modu bat da, bi alderdiak gazteenen artean ezagutarazteko modu bat.

Honela hasten da «Kontaidazu baso bat» ipuin musikala: «Duela urte asko, zeruaren eta lurraren artean, baso izugarri bat zegoen; basoa hain zen handia ezen soilik arrano beltzek ezagut baizitzaketen bere lautada eta muinoak, bidexka eta bidezidorrak, hegal eta ezpondak, iturri eta iturburuak, arrakala eta zuloak… hasieratik amaierara; eta arrano beltzak, beren kokaleku pribilegiatutik, ahalegintzen ziren bertako kantuak entzuten».

Horren inguruan, Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak azpimarratu duenez, musika garrantzitsua da, «tresna didaktiko bikaina da bizi ditugun ingurumen arazoen errealitatearen inguruan sentsibilizatzeko gazteak. Adierazpen artistiko izatetik haratago, musikak munduaren sonoritatea laguntzen du sentsibilizazio tresna gisa, ingurumenaren inguruko kontzientzia eta enpatia handiagoa sortuta, arrazonamendu kritikoa garatuta eta gazteenen konpromiso etikoa indartuta».

Orkestra sinfonikoa

Musika talde hori 1941ean sortu zuen Donostian Ramón Usandizagak, orduan udal kontserbatorioko zuzendari zenak, eta Orkestra Sinfonikoko, Filarmonika Donostiarreko eta Udal Bandako irakasleek osatzen zuten. Usandizaga izan zen zuzendari, 1964an zendu zen arte. Talde hori zuzendu duten batuten artean nabarmentzekoak dira Pablo Sorozabal, Enrique Jorda, Frühbck de Burgos, Enrique García Asensio edo Francisco Escudero.

Etenaldi baten ondoren, orkestrak 1985ean ekin zion berriz bere jardunari Tomás Aragüésen zuzendaritzapean hasieran, eta, ondoren, Teodoro Martínez de Lezearen, Joxemari Oiartzabal musikari eta konpositore andoaindarraren eta Roberto Nuñoren eskutik.

1999ko urtarrilaz geroztik Kontserbatorioko ikasketa profesionaletako ikasleek osatzen dute eta funtzio nagusia da ikasleak formatzea eta Gipuzkoan musika sinfonikoa ezagutaraztea, arreta berezia jarrita euskal musikagileen errepertorioa ezagutarazten.

  

2439