Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea N-I eta A-15 guztira bidesaria zabaltzeko proposamena egin du Aldundiak

N-I eta A-15 guztira bidesaria zabaltzeko proposamena egin du Aldundiak

“Epaitegiek eta garraiolariek behartu gaituzte erabaki hau hartzera. Beste aukera zerga berri bat ezartzea izango litzateke baino ez zaigu justua iruditzen gipuzkoarrekiko”.

2021/05/26

Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek agerraldia egin du, berak eskatuta, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Azpiegitura Batzordean, eta Aldundia N-I eta A-15 errepideetan bidesaria arautuko duen Foru Arau berria prestatzen ari dela azaldu du. Foru diputatuak aurreratu duenez bidesari askoz zabalagoa izango da hirugarren Foru Arau honek jasotzen duena. “Garraiolariek eta epaitegiek behartu gaituzte erabaki hau hartzera. Gure errepideak behar bezala artatu nahi baditugu, behar diren hobekuntzak eta eraikuntzak egin nahi baditugu, Aldundiaren aurrekontua ez da nahikoa eta beste finantzazio iturriak bermatu behar da. Baliabide hauek bi modutara lortu daitezke, gaitasun handiko errepideetan erabiltzen duenak ordainduz edo bestetik, zerga berria ezarriz. Erabiltzen duenak ordaintzearen aldekoak gara, askoz justuagoa iruditzen baitzaigu”, adierazi du Oiarbidek.

Epaietan azpimarratu den “zeharkako diskriminazioaren” kontzeptua non gauzatzen den argi ez egon arren, lurraldearen sarreran eta irteeran arkua egotea eta, ondoren, hutsunea egotea Gipuzkoak barrualdean diskriminaziotzat jotzen dute kanpoko trafikoentzat. “Beraz, segurtasun juridikoa lortzeko bide bakarra N-I eta A-15 osoan zehar peajea jartzea da”, zaldu du diputatuak.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilgailu astunei errepide horiek erabiltzeagatik kobratzen jarraitzeko erabaki irmoa du, Europako zuzentarauak ezartzen duen bezala. Hori dela eta, hori ahalbidetuko duten urratsak ematen jarraituko du, hala nola hurrengo egunetan onartuko den eta berehala aplikatuko den Foru Dekretu Araua onartzea, eta, aldi berean, foru-arau berria prestatzen jarraituko du, Batzar Nagusietan onartzeko. “Sententzia bakar batek ere ez du zalantzan jartzen guk gure errepideetan peajea ezartzeko dugun eskumena eta gaitasuna. Beraz, era bat zalantzaz kanpo dago Gipuzkoak, bere BBNNek demokrazia osoz emandako agindua betetzeko duen eskubidea”, zehaztu du Aintzane Oiarbidek eta gehitu du  peajea kamioiei jartzen zaiela, ez kamioilariei, “beraz kamioiaren karga erosten duenak ordaintzen ditu gastu horiek, guk taxi bat hartzen dugunean bidaiaz gain peajea ordaintzen dugun bezala”.

          Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi duenez, “gipuzkoarren interes orokorraren alde egiten jarraituko dugu” eta Europako premisa, alegia, bidesaria dela sistema sozial eta ekologikoki aurreratuena eta, horregatik, beharrezkoak diren urratsak emango direla azpimarratu du.

 

Epaitegietako bidea

Aintzane Oiarbide diputatua Gipuzkoako Foru Aldundiko legelari nagusia, Juan Ramón Ciprianek lagunduta egon da Bide Azpiegituretako batzordean. Ciprianek azaldu du errepideetako foru arauek epaitegietan izan duten ibilbidea eta aurrera begira, emango diren pausoak zeintzuk diren.

N-I eta A-15 errepideetan bidesari bat ordaintzeko Foru Dekretu-Arauaren eta hirugarren foru arauaren hurrengo onarpena iragartzeaz gain, Aldundiko legelari nagusiak aurreratu du  Foru Aldundiak  kasazio-errekurtsoa ikertzeko probidentziaren aurka jarduketen deuseztasun-intzidentea aurkeztu duela Auzitegi Gorenaren aurrean.

Ciprianen esanetan Europako Batzordean galdeketa prejudiziala ez egitea forma akats nabaria izan da Gorenaren aldetik, azken instantzia izanik eta Europako araudia izanik ezinbestekoa delako. 

"Europako legedi oro Europako instantzietan kontsultatu behar da, eta kasu horietan ez da egin, defentsa-gabezia nabarmena sortuz", salatu du Oiarbidek, eta gogorarazi du Europako Batzordeak berak, gure Foru Arauaren berri izanda eta hark eman beharreko txostenaren aldeko irizpena emanda, ez duela inoiz bidesaria ezartzearen aurka egin ".

  

1684