Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Nafarroa eta Gipuzkoak lan talde bat definitzea adostu dute Aralarrerako osasun estrategia martxan jartzeko

Nafarroa eta Gipuzkoak lan talde bat definitzea adostu dute Aralarrerako osasun estrategia martxan jartzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak, lehen sektorean eta landa garapenean amankomunean izan ditzaketen proiektuak aztertu dituzte

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentua eta Nafarroako Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua atzo bildu ziren, Donostian. Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko jauregian, harrera egin dio Isabel Elizalderi, Nafarroako Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari.   

Bi instituzioek egin zuten lan-bilera honen helburua lehen sektorearen eta landa eremuko biztanleen baldintzak hobetzea izan da, Gipuzkoako eta Nafarroako landa eremu askoren izaera eta arazoak antzekoak baitira. Gainera, herri onurako mendiei dagokionez, bi lurraldeak mugakide izanik, elkarlana ezinbestekoa dela adierazi dute.

Nafarroako eta Gipuzkoako lehen sektorean, jarduera batzuk berdinak dira, edota araudi, erakunde eta funtzionamendu antzekoak dituzte; adibidez, Idiazabal jatorri izendapena, Lekunberriko Institutu Laktologikoa, etab.

Bi lurraldeek amankomunean dituzten jarduera horien artean, garrantzitsuenetako bat herri onurako mendiak (Aiako Harria, Leitzaran, Aralar, Aizkorri, etab.) direla aipatu dute. Mendi eremu hauek abereentzako larre-tokiak dira. Elkarrekin larretzen duten abereen artean, gairik garrantzitsuena bezala, abereen osasuna dela azpimarratu dute, ezer gutxitarako balio duelako ustialeku batek neurri zorrotzak ezarri, eta, uda garaian, beste abereekin elkartu eta kutsatzeko arriskua baldin badauka. Atzoko bileran Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lan talde bat definitzea adostu zuten Aralar mendirako osasun estrategia bateratua martxan jartzeko helburuarekin.

Herri onurako mendiekin loturiko beste gai bat ere jorratu dute bileran; hori Mendiko Gazta proiektuarena da. Mendiko Gazta proiektua Idiazabal jatorri izendapenean dauden artzainei zuzendua dago, eta beren gazta mendiko txaboletan egiten dutenei. Proiektu hau duela 8 urte inguru jarri zen martxan. Gaur egun, Aralarren eta Aizkorrin daude Mendiko Gazta egiten duten artzainak, baina Nafarroako herri onurako mendietan ere beren interesa azaldu dute. Horregatik, orain arte egindako gestioen berri eman, eta ekimen gehiago bultzatzen saiatuko dira Gipuzkoako Aldundia eta Nafarroako Gobernua.

 

Bi instituzioek izandako bileran, Piriniar arrazako behiak ere, hizpide izan dituzte. Gaur egun, Nafarroako Sabaizako zentroan eta Aiako Testatze Zentroan egiten da hobekuntza genetikoa, eta osagarriak izan daitezkeenez, bakoitza ildo genetiko desberdina bultzatzera zuzentzea aztertuko dute.

  

1148