Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Neguko Bidezaintza Planaren operatiboa prest dago eta datorren asteazkenetik aurrera aktibatuko da

Neguko Bidezaintza Planaren operatiboa prest dago eta datorren asteazkenetik aurrera aktibatuko da

Plana apirilaren 15era arte egongo da indarrean, eta bide-sare nagusiaren eta bigarren mailako sarearen segurtasuna eta mantenimendua bermatuko ditu.

2023/11/09
Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatua.

Bide Azpiegituretako Departamentuak 2023-2024 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du gaur goizean, eguraldiak hala behartzen duenean, aktibatzeko prest egongo dena azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean, Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez. Errepide-sarea izotz- eta elur-baldintzetan behar den segurtasun-mailan mantentzeko erantzun-plan honek, hala sare nagusian nola bigarren mailako errepideetan egingo du artapena, ohiko baliabideekin. Honekin batera, halaber, gaurko agerraldian gidariek gomendioak jarraitu eta ahal den neurrian arriskuak saihestearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Ubarretxenak: “Oso eguraldi txarra egiten duenean, ahal dela autoa ez hartzea eta, hori ezinezkoa bada, ibilgailua egoera onean eta baliabide egokiekin dagoela ziurtatzea, eta, errepidean, nola ez, segurtasun-jarraibide guztiak uneoro betetzea”.
Euskalmet agentziak izotz abisuak ematen dituenean ekingo zaio operatiboari, ala elurra 1.000 metrotik beherako altueran iragartzen den kasuetan. Hala, Aldundiak 87 kamioi izango ditu prest, eta urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak N-I eta A-15 errepideetan dituen edukiera handiko garabiak ere egongo dira eskura, ibilgailu astunen bat errepidean traban balego. Era berean, 11.400 tona gatzez hornitu dira 39 biltegi eta estrategikoki kokatuta dauden hornikuntza eta logistika koordinatzeko bi zentro izango ditu operatiboak, bata Bergaran eta bestea Arroa-Zumaian, Gipuzkoako edukiera handiko bideei eta garraio-korridore nagusien sarreratan.
Bestalde, Maria Ubarretxenak gogorarazi du erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izango dela Neguko Bidezaintza Planaren funtzionamendurako, eta, ondorioz, Bidegirekin, Gipuzkoako suhiltzaileekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Ertzaintzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Arabako eta Bizkaiko aldundiekin lankidetza estua izango dela. 
Horrekin batera, diputatuak abisu berezia luzatu nahi izan die ibilgailu astunak gidatzen dituzten gidariei, eta gogorarazi die elurra egiten badu guztiz debekatuta dagoela kamioiekin aurreratzea eta ezkerreko erreitik zirkulatzea. Ertzaintza arduratuko da debeku hori kontrolatzeaz. “Eskaera hori gainerako ibilgailuei ere egiten diet; errepidea egoera txarrean dagoenean, komenigarria da ezkerreko erreia libre uztea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietako ibilgailuek beren lana egin ahal izan dezaten”, esan du, “guztion esku” baitago arriskua sahiestea eta kalteak murriztea.

A-15 korridorearen itxiera
Neguko kanpaina honetan aurten ere arreta berezia jarriko zaio A-15 errepideari,  Oindolar eta Gorosmendiko tuneletan egiten ari diren egokitze-lanak direla eta. Aurreko kanpainetan bezala, elurra kentzeko makinekik obra direla eta jarritako desbideratzeetan ibiltzerik ez dagoenez, aurreko urteetako neurriak errepikatuko dira, eta korridore hori erabat itxiko da, ibilgailu guztientzat eta bi galtzadetan, Berastegiko lotunearen eta Andoaingoaren artean, betiere errepidearen baldintzek hala eskatzen badute. Itxierei eta irekierei buruzko informazio zehatza unean-unean emango da Telegram aplikazioko ELURRA A-15 NIEVE kanal publikoaren bidez. 
Autobidea itxiz gero, Nafarroako taldeekin koordinatuko da trafikoa beste ibilbide batzuetatik desbideratzea, eta debekatu egingo da GI-2130 errepidetik kamioiak pasatzea. Seinale bertikala jarriko dira eta Trafiko departamenduarekin koordinatuko da etete hori. Andoain-Iruña norabideko galtzada Andoainen itxiko da, eta ezin izango da ibilgailurik sartu. Iruña-Andoaingo noranzkoan, aldiz, galtzada errei batera murriztuko da Berastegiko lotunetik gertu, eta ibilgailuak lotunerantz desbideratuko dira. Lotunean, Ertzaintzak sailkapena egingo du ibilgailu astunak Nafarroara birbideratuz, A-15 errepidetik.
 

  

971